Johannesburgoko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea

Lisa Otto: «Indiako ozeanoko irlek hankaz gora jarriko dute estatuak ulertzeko dugun era»

Klima larrialdia suntsigarria izan daiteke Indiako ozeanoko irletan. Egun, ezinezkoa da estatu batek ozeanoa ustiatzea ez badu lurrik bertan. Ottoren ustez, baina, baliteke Afrikako zenbait herrialdek hori aldatzea.

Lisa Otto, EHUko Leioako unibertsitateko campusean. RAUL BOGAJO / FOKU
Lisa Otto, EHUko Leioako unibertsitateko campusean. RAUL BOGAJO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Leioa
2025eko otsailaren 27a
05:05
Entzun

Klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bileretan eztabaidagai izan da industrializatutako herrialdeek zein erantzukizun duten garabidean dauden herrialdeekiko. Eztabaida horrek protagonista nabarmen batzuk ditu: Ozeano Pazifikoko eta Indiako ozeanoko irlak. Izan ere, historikoki gutxi kutsatu duten arren, klima larrialdia suntsigarria izan daiteke haietan: baliteke hamarkada batzuk barru desagertzea, urperatuta. Indiako ozeanoko estatu horien egoera aztertu du Lisa Otto (1988, Polokwane, Hegoafrika) Johannesburgoko Unibertsitateko (Hegoafrika) irakasle eta ikerlariak. Gainera, ikertu du zer lan diplomatiko egiten duten Afrikako herrialdeek klimari, itsasoaren segurtasunari eta beste gai batzuei dagokienez. Zenbait klase eman ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Ikasketak masterrean.

Nolakoak dira klima aldaketaren ondorioak Indiako ozeanoko irletan?

Aldaketa klimatikoa suntsigarria izan daiteke irla horietan. Itsasoaren mailak gora egingo du han, eta lur espazioa murriztuko da. Itsasoaren igoerak, gainera, eragin negatiboa izango du biztanleek eskura duten edateko uretan ere. Horri aurre egiteko, mugimendu diplomatiko oso interesgarriak jarri dituzte abian nazioarteko legedia aldatzeko asmoz.

Zer ildo jorratzen ari dira kalte horiei aurre egiteko?

Pazifikoko irlekin elkarlanean ari dira, gaur egun estatuari buruz dugun kontzeptua birdefinitzeko. Historikoki ulertu dugun eran —eta Montevideoko akordioak ezartzen duenaren arabera—, estatuen ezaugarri nagusietako bat lurraldea da, eta nazioarteko legedian lurraldea lur gisa ulertzen dugu soilik. Are gehiago, Nazio Batuen Erakundearen itsasoaren legeak zehazten duenez, estatu baten itsas eremua lurrak ezartzen du. Hau da, ezinezkoa da estatu batek ozeanoa ustiatzea ez badu lurrik bertan.

Bada, irletako estatu horiek saiatzen ari dira beren lurralde historikoa ozeanoan mantentzen, lurraldea hondoratzen bada ere. Eta, beraz, estatuko herritarrak beste herrialde batean egonda ere, historikoki berena izan den itsas eremua ustiatzeko eskubidea izaten jarraitu nahi dute. Ondo bidean, hankaz gora jarriko dute estatuak ulertzeko dugun era.

Irla horiek hondoratuz gero, nonbaitera joan beharko dute herritarrek. Beraz, zer gertatzen ari da errefuxiatu klimatikoekin?

Egia da gai korapilatsua dela; batez ere, gaur egun migrazioa ulertzeko dugun erak ez dituelako barne hartzen klimaren ondorioak. Hortaz, uste dut migrazioa birpentsatu beharko genukeela larrialdi klimatikoari aurre egiteko; eta, agian, irabazien eta kalteen debatean sartu. Izan ere, herrialde industrializatuenek egin diete kalterik handiena ingurumenari, baina Fiji, Tuvalu eta antzeko herrialdeak ari dira jasaten hondamendia, kalterik egin ez dioten arren.

«Gaur egun migrazioa ulertzeko dugun erak ez ditu barne hartzen klimaren ondorioak»

Hala ere, ez dut uste migrazioaren inguruan egun dugun eztabaidak bide ematen duenik irla horietako herritarrak non kokatuko ditugun erabakitzeko. Gainera, 70 edo ehun urte barru hondoratuko dira irla horiek, eta orokorrean ez dugu politikarik egiten gure ilobei begira.

Trantsizio berdea mundu osoan hedatu behar dela iritzi diote hainbat adituk, Afrikan barne. Herrialdeak ari dira zerbait egiten horren harira?

Ez dut oso argi trantsizio berdea benetako helburu bat ote den guretzako. Energia iturri berriztagarrietara pausoa emateko beharra dugula badakigu, baina Afrikan beste arazo batzuk ditugu gaur egun: gure jendea elikatu behar dugu, gure ospitaleetan sendagaiak daudela ziurtatu behar dugu eta gure seme-alabak eskolara joaten direla ziurtatu behar dugu, besteak beste.

Hala ere, Hegoafrikan eguzki panelen alde egin dugu. Baina ez da soilik klimaren aldeko erabaki bat; une oro ditugun argindar mozketei aurre egiteko modu bat ere bada. Eta askok pausoa eman dugun arren, oztopoak daude are urrats handiagoak egiteko. Gure azpiegitura gehienak ikatzaren menpe daude energetikoki, eta hori alde batera uzteak kostu handia izango luke. Gainera, industria ez hain trinko batera aldatzen bagara, zer lanetan arituko dira meatzariak? Kontuan hartu beharra dago Hegoafrikan langabezia tasa oso altua dugula.

Itsasoak garrantzi handia du Afrikako zenbait herrialdetan; Hegoafrikan, esaterako.

Munduko biztanleriaren zati handi bat kostaldetik ehun kilometro baino gutxiagora bizi da. Horietako askoren ekonomia eta industria —tradizionalak zein informalak— itsasoan daude oinarriturik. Gainera, herri horietako biztanleriaren dietan arraina da proteina nagusia. Hortaz, bi arrazoi horiengatik bakarrik jada uler daiteke zer-nolako garrantzia duen itsasoak; hala ere, jende askok ez du ulertzen.

Izan ere, Hegoafrikako kulturan —eta Amerikako zein Afrikako beste gune askotan ere— gauza txarrak itsasontziz datozela uste dugu. Hortaz, zenbat eta gehiago aldendu kostatik, orduan eta seguruago egongo zara. Baina jada ez gara egoera horietan bizi, eta itsasoak aukera anitz ematen dizkigu. Beraz, itsasoa berriz irudikatu behar dugu, aukerarako leku gisa ulertu, eta ez mehatxurako leku gisa. Horretarako, narratiba publikoak aldatu behar ditugu, bai hezkuntzan bai hedabideetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.