Orlando Carriqueo (Valcheta, Argentina, 1971) bozeramailea da Rio Negro eta Chubut-eko Parlamentu Maputxearen Koordinakundean (Argentina). Hainbat kontu izan ditu hizpide Carriqueok elkarrizketan: Argentinako Gobernuaren politikek komunitateetan izandako eragina, gobernu «berria» dagoenetik izan diren aldaketak —eta izan ez direnak—, Lurren Legea indargabetzeko aukera, kolonialismo berderako deia, eta komunitate maputxeen eta jatorrizko herrien bizimoduari dagozkion beste hainbat gai.
Zer irizten diezu DNU Beharraren eta Larrialdiaren Dekretuari eta Omnibus Legeari? Izan ere, gobernuak inoiz ez bezalako estatu erreforma bat egin nahi du haien bitartez.
Guk gutxienez hiru urte daramatzagu ohartarazten eskuin honekin hori gertatuko zela. Neurri batean, prozesu demokratikoak ahulak direlako gertatu da hori. DNU hori eta Omnibus Legea ezartzearen ondorio larriena zera da, are gehiago ahultzen duela prozesu demokratikoa. Izan ere, hauteskunde prozesua gauza bat da, baina, gero, gobernuak ez ditu inondik ere errespetatzen beste mekanismo instituzional batzuk.
Eta zer diozu Lurren Legea indargabetzeari buruz?
Lurrak atzerritarren esku uzteko prozesua aspaldikoa da Patagonian, baina orain inongo lotsarik gabe egiten da, eta erauzte prozesu bat da, kanpo zorra ordaintzeari lotua. Neurri batean, herri indigenek ontzat jotzen dute Landa Lurren Legea [2011koa], lurrak babesteko tresna bat baita atzerritarrek eros ez ditzaten. Baina 2015ean, Mauricio Macrik, bozak irabazi eta gero, lege horretako artikulu bat moldatu zuen lehen-lehenik, eta horrek modua eman zien atzerritarrei lurrak eskuratzeko.
Lege berri honekin, erabat indargabetuko dute Landa Lurren Legea, eta, hala, Joe Lewis magnateak, Qatarko printzeak eta Arabiar Emirerri Batuetako inbertitzaileek aukera izango dute lurrak bereganatzeko. Denek azken urteetan erosi dituzte lurrak, Lewisek izan ezik: 90eko hamarkadan erosi zituen hark, eta auzibide luze bat egin behar izan zuen, harik eta Auzitegi Gorenaren abala lortu zuen arte. Ustelkeriazko ekintza asko izan ziren tartean; are, epaile eta fiskal batzuek, Clarín egunkariak ordainduta, oporraldiak ere egin zituzten Lewisek Escondido aintziran duen etxean. Hain justu, Lewisek itxia du laku horretara iristeko bidea.
Zer esan nahi du horrek lurralde horietan bizi diren komunitateentzat?
Abenduan, Mileik kargua hartu aurretik, Lurren Legea aldatu zuten Rio Negron, meatze enpresek eta atzerritarrek lurrak erosi ahal izan ditzaten ustiapenerako. Lurra ez ezik, lurrak berekin dakartzan baliabideak ere jokoan daude. Prozesu horrek maputxeen gizarteari eragingo dio, baita maputxe ez direnei ere, estraktibismoak ur asko erabiltzen baitu, eta ura baliabide urria da.
«Mileik Lurren Legea aldatu zuten Rio Negron, meatze enpresek eta atzerritarrek lurrak erosi ahal izan ditzaten ustiapenerako. Lurra ez ezik, lurrak berekin dakartzan baliabideak ere jokoan daude».
Bizia bera dago jokoan, estraktibismoak politika berbera baliatzen baitu gobernua eskuinekoa, zentro-eskuinekoa edo progresista izanik ere: aurrerabidearen diskurtsoan oinarriturik herri indigenen genozidioari bide ematen dion politika.
Eta zer duzu kontatzeko kolonialismo berdea deritzon horri buruz?
Prozesu nabarmen biolentoa eta arrazista da, eta, Rio Negroko gobernadore Weretilneck-en adierazpenak aztertuz gero, edo Mileirenak, badakizu zer pentsatzen duten: meatzaritzak eta hidrogeno berdeak salbatuko gaituztela. Eta hori beste kolonizazio prozesu bat baino ez da, helburutzat duena Europako gizarteen bizimoduari eustea aurrerantzean ere.
Meatze, petrolio eta baso enpresa guztiak multinazionalak dira. Mix energetikoa ordezteko ideian gerizaturik, salbazio gisa saltzen digute hidrogeno berdea. Beste kolonizazio prozesu bat da, nahiz eta askok ez duten halakotzat hartzen, estatuak independenteak direlakoan; baina, egiaz, duela 500 urteko Potosi hura [Bolivia] gaur egungo Argentinako Vaca Muerta da.
Duela zenbait egun, Luis Petri Defentsa ministroak jakinarazi zuen maputxeen komunitate batzuk kanporatu egin zituztela armadak Barilochen dituen lur batzuetatik: «Berriz estatuaren esku daude usurpatutako lur horiek».
Ezer baino lehen, esan beharra dut lehen usurpatzailea Argentinako Estatua izan zela, duela 145 urte. Garai hartan, Patagoniako eremu hori komunitateena zen. Barilocheko auzi horretan, berriz, zenbait lagunek esan zuten maputxeen komunitatekoak zirela, eta egiatan ez ziren hala.
«Oraingo gobernuak agintea utziko du noizbait, [...] baina maputxeek eutsi egingo diote lurren inguruko borrokari, ehun urte baino gehiago baitira horretan ari direla».
Ez zen lur eremu horien jabetza erreibindikatzeko prozesu bat: jende horrek argudiatu zuen indigenen eskubideak zegozkiela, baina ez zen hala, eta komunitateek ere ez zieten halakorik onartu. Hau da, iruzur bat zen: lurrak salgai paratu zituzten, eta bertako arbolak bota, eta inguruko komunitateek berek salatu zuten hori.
Zer-nolako harremana duzue armadarekin?
Armada 1937an etorri zen Barilochera, gutxi gorabehera; sei gatazka historiko ditu piztuak, eta batzuetan, haren kontrako epaiak ere badira. Tirabira horiek hor daude oraindik, eta hor egongo dira aurrerantzean; izan ere, oraingo gobernuak agintea utziko du noizbait, izan hilabete batzuk barru edo izan lau urte barru, baina maputxeek eutsi egingo diote lurren inguruko borrokari, ehun urte baino gehiago baitira horretan ari direla.
Beraz, estatuak eta gobernuek esan arren maputxeek lurrak eskatzea ez dela zilegi, gezur hutsa da hori, eta erreibindikazio horiei zilegitasuna kentzea du helburu. Rio Negro probintziako 140 kasu baino gehiago salatu dira Estatuko Fiskaltzan, lurren auzia aztertzeko batzorde batean, eta, gainera, oraindik auzitara iritsi ez diren milaka kasu ere badira. Patagonian, maputxeek eta tehueltxeek lurren harira abiatutako borroka historikoa da, baina gaur egun ere bizirik dirau.