«Gaur, 2023ko abuztuaren 30ean, defentsa eta segurtasun indarrek, Trantsiziorako eta Erakundeak Berrezartzeko Batzordean bilduta, Gabongo herriaren izenean eta erakundeak babesteko bermean, erabaki dugu bakea defendatzea eta indarrean dagoen erregimena bukatutzat ematea». Horrela iragarri zuen estatu kolpea atzo Gabongo militar talde batek, Ali Bongo orain arteko presidentea hirugarren aldiz estatuburu izendatua izan eta minutu gutxira. Eta militarren talde horrek Brice Oligui Nguema Guardia Errepublikanoko burua izendatu du herrialdeko lider. Gabon24 telebista katearen bidez Ulrich Manfoumbi koronelak jakinarazi zuenez, Trantsiziorako eta Instituzioak Berrezartzeko Batzordeko presidentea izango da Oligui Nguema —agintea hartu duen juntari izen hori jarri diote—.
Hamabi militarrek eman zuten estatu kolpearen berri, gaueko ordu txikietan, Gabon24 telebista katean. Orduan iragarri zituzten lehen neurriak: Gabongo Gobernua, Senatua, Asanblea Nazionala, Auzitegi Konstituzionala eta Hauteskunde Organoa desegitea, hauteskunde orokorrak eta haien emaitzak baliogabetzea, eta, «behin-behinean», Gabongo muga guztiak ixtea. Are, talde militarreko liderrek jakinarazi zuten etxean atxilo dituztela Bongo eta haren seme bat, «traizioagatik». Beste zazpi pertsona ere atxilotu zituzten, «traizioa, funts publikoak desbideratzea, nazioarteko finantza axolagabekeriaz erabiltzea eta ustelkeria» egotzita, besteak beste.
Halere, herritarrei «lasai» egoteko eskatu zieten militarrek, eta berretsi zuten bete egingo dituztela «nazioarteko komunitatearekin» dituzten konpromiso guztiak. «Gabongo herria, hau da zoriontasunerako hegaldiaren azken geltokia. Jainkoak eta gure arbasoek bedeinkatu dezatela Gabon. Ohorea eta leialtasuna aberriari, eskerrik asko denei». Herrialdeko zenbait hedabidek jakinarazi zutenez, tiro hotsak entzun ziren Gabongo hiriburuan, Librevillen, militarrek estatu kolpea eman eta gutxira. Hala eta guztiz ere, ez zen protestarik edo liskarrik izan, ezta zauriturik ere.
Are, milaka lagun kalera irten ziren atzo, Librevillen, eta elkartasuna adierazi zieten boterea hartu duten militarrei. X sare sozialean zabaldutako zenbait bideotan ikusten denez, hamar herritarrek sorbalda gainean jaso zuten Guardia Errepublikanoko buru Brice Oligui Nguema, «presidente, presidente» oihuen artean. Ordu batzuk geroago izendatu zuten.
Agintaldi luze bat amaitu da
«[Bongoren] Agintaldia ezegonkorra eta axolagabea izan da. Horrek Gabongo gizarte kohesioa pitzatu du, eta kaosera bideratu du herrialdea», esan zuen talde militarreko bozeramaileak. Hain justu, larunbatean egin zituzten hauteskunde orokorrak Gabonen, eta, azken hiru legealdietan bezalaxe, Bongok eskuratu zuen boto gehien: %64,2. Oposizioko lider Albert Onda izan zen bigarren, boto guztien %30,2 bilduta.
Dena den, tentsio giroa nabaria zen militarrek estatu kolpea eman baino lehen. Bozetan «iruzurra» egitea leporatu zion oposizioak Bongoren alderdiari. Akusazioak ukatu zituzten, baina, hautetsontziak itxi bezain laster, Internet konexioa bertan behera utzi, eta etxeratze agindua ezarri zuen gobernuak.
Bongo hamalau urtez izan da Gabongo presidentea, 2009tik. Aitaren karguari segida eman zion orduan, 1967tik hura izan baitzen herrialdeko estatuburua —Gabon Frantziaren kolonia izan zen 1960. urtera arte—. Baina irabazi dituen hiru bozetan leporatu diote Bongori hauteskundeetan iruzurra egitea, eta haren aurkako bigarren estatu kolpea da oraingoa. 2018an izan zen lehena, baina saiakera hutsa izan zen; atxilotu egin zituzten Bongo boteretik kentzen saiatu ziren hiru militar, eta hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zieten, 2021ean.
Kezka nazioartean
Berehala iritsi ziren atzo nazioarteko lehen erreakzioak. Frantziako Gobernuak ziurtatu zuen «arreta handiz» erreparatzen ari zaiola Gabongo egoerari, eta hauteskundeetako emaitzak «errespetatzeko» deia egin zuen. Elisabeth Borne lehen ministroak, berriz, ohartarazi zuen «beste krisi bat» sortu dela. Horien artean aipatu zituen Ukrainako gerra, Sudango gatazka eta joan den hilean Nigerren izandako estatu kolpea. AB Afrikako Batasunak ere bete-betean gaitzetsi zuen talde militarraren estatu kolpea, eta Gabonen «ordena konstituzionala» ahalik eta lasterren berrezartzeko «neurri politiko baketsuak» hartzeko eskatu zuen.
Antzera hitz egin zuen Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Wang Wenbinek: «Txina gertutik erreparatzen ari zaio Gabongo egoerari, eta bi aldeei eskatu die herritarren eta herrialdearen interesen arabera jokatzeko». Are, desadostasunak «elkarrizketen bidez konpontzen saiatzeko» eskatu zien militarrei, baita Bongoren segurtasuna bermatzeko ere.
Horren harira, talde militarreko kideek jakinarazi zuten, atzo, Bongo bere senideekin eta medikuekin dagoela, eta «presidente ohi orok dituen eskubideak» bermatuko zaizkiola. Alabaina, X sare sozialean zabaldutako bideo batean, laguntza eske agertu zen Bongo: «Mezu bat helarazi nahi diet munduan ditudan lagun guztiei, eta eraso honen aurrean zarata egiteko eskatzen diet».
Estatu kolpea eman dute Gabonen armadako zenbait militarrek
Ali Bongo bozen ondoren berriz presidente izendatua izan eta gutxira hartu dute boterea, eta Guardia Errepublikanoko burua izango da juntako liderra. Afrikako Batasunak «ordena berrezartzeko» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu