2023an Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentearen aurkako estatu kolpe bat ematen saiatzea leporatu dio Brasilgo fiskaltzak Jair Bolsonaro herrialdeko presidente ohiari. Fiskal nagusiak aintzat hartu du joan den azaroan Poliziak Brasilgo presidente ohiaren aurka aurkeztu zuen salaketa, eta eskuin muturreko beste zenbait eragilerekin batera «botere autoritarioa oinarri zuen erakunde kriminal bat» zuzentzea egotzi dio.
Fiskaltzak leporatzen dionaren arabera, Bolsonaroren helburua hauteskundeen emaitzak zalantzan jarri eta aginteari eustea zen. Horretarako, bozen irabazle Lula pozoitzeko eta Auzitegi Goreneko epaile bat hiltzeko saiakerak prestatu zituen, gobernuko beste zenbait kideren eta hainbat militarren laguntzarekin. Horien aurkako salaketak ere aurkeztu ditu fiskaltzak, hain zuzen ere; 33 dira guztira. Tartean da Bolsonaroren gobernuan Defentsa ministroa izan zen Walter Braga Netto, esaterako.
Fiskal nagusiak Auzitegi Gorenera bidali du salaketa, eta Bolsonaroren eta gainerako kideen aurkako epaiketa abiatu edo ez erabaki beharko du hark orain. Brasilgo presidente ohiak 43 urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua du, estatu demokratikoa indarkeriaz abolitzen saiatzeagatik. Izan ere, Poliziaren ikerketaren arabera, Bolsonarok bazekien Lularen aurkako operazioa prestatzen ari zirela, eta hark «ameto» egin zuen.
Ikerketaren arabera, estatu kolpea prestatzeko bileretan parte hartu zuen presidente ohiak hain zuzen. Hauteskundeen aurretik egindako bilera batean, esaterako, giroa berotzeko eskatu zien Bolsonarok bere gobernuko kideei, eta hauteskunde sistema zalantzan jartzeko gezurrak zabaldu zitzaten eskatu zien. Bozak galdu osteko beste bilera batean, berriz, armadari aparteko boterea emango zion dekretu bat onartzea eskaini zien militarrei, Lulak kargua hartu ez zezan. Armadaburuek ez zuten onartu, ordea, eta ikerketaren arabera, horregatik egin zuen huts estatu kolpeak.
Bolsonarok ukatu egin ditu akusazioak, eta bere aurkako frogarik ez dagoela berretsi du. Eskuin muturreko agintariak ez du kargu publikorik orain, inhabilitatu egin baitzuten, bere karguaz baliatuta hauteskunde sistema zalantzan jartzea egotzita. Halaber, debekatu egin zioten 2030era arte bozetara berriz aurkeztea, botere gehiegikeriagatik.