Huts egin du Bolivian militar talde batek estatu kolpea jotzeko egin duen ahaleginak. Asteazken arratsaldean (gaua zen Euskal Herrian) armadako fakzio bat gobernuaren kontra matxinatu da, eta barrikadak jarri ditu La Paz hiriburuan. Luis Arce presidenteak «tropa mugimendu irregularrak» gertatzen ari zirela ohartarazi du, eta «estatu-kolpe ahalegin baten parte» zirela. MIlitarrak presidentearen egoitza hartzen saiatu dira, baina erreakzioa berehalakoa izan da: herritarrak kalera atera dira, eta agintariek gaitzetsi egin dute estatu-kolpe ahalegina, bai Bolivian eta baita nazioartean ere. Ordu gutxi batzuen buruan militarrak erretiratu egin dira, eta Juan Jose Zuñiga militar matxinoen burua atxilotu dute.
Hoy fuimos testigos de un nuevo episodio oscuro en la historia de Bolivia, cuando tanquetas y grupos de militares irrumpieron en el centro político de nuestro país como parte de un golpe de estado fallido.
— Celinda Sosa Lunda (@CelindaBolivia) June 27, 2024
(1/3) pic.twitter.com/97wZslb67j
15:30ak ziren Bolivian militarrak kalera atera direnean. Guztiek zeramatzaten gerrarako armak eta munizioa, baita kaleko istiluen kontrako materiala ere. Gobernuaren egoitza inguratu dute, Murillo plazaren sarrera guztiak kontrolpean hartuta, eta herritarrei handik joateko agindu diete; Parlamentuaren aurrean ere tanke bat paratu da. Beste tanke batek presidentearen egoitzaren sarrerako hesia bota du 15:51n. Barruan ziren Arce eta David Choquehuanca presidenteordea. Telebistan zuzenean ikusi ahal izan da Arcek eta Zuñigak izan duten aurrez aurrekoa. Presidenteak amore emateko agindu dio jeneralari, eta ea jaramon eginen ote dion galdetu dio. «Ez», erantzun dio jeneralak.
Moralesen aurkako komandantea
Zuñiga Boliviako armadako komandante nagusia izan da orain arte. Astearte gauean, baina, Evo Moralesen aurka hitz egin zuen, hura ezin dela presidentetzara berriro aurkeztu esanez; saiatuz gero, atxilotu egingo zuela egin zuen mehatxu. Adierazpen horiengatik kargugabetu egingo zutelako zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Zuñigak Murillo plazan bildu diren kazetariei adierazi zien «aberria berreskuratzeko asmoa» zutela. Gobernu osoa aldatzeko exijitu zuen, eta ziurtatu zuen «indar guztiak mobilizatuta» zeudela. «Preso politiko guztiak» askatzeko asmoa agertu zuen, eta horien artean, Jeanine Añez jarduneko presidente ohia eta Luis Fernando Camacho oposizioko gobernadorea. Arcerekin aurrez aurrekoa izan ondotik plazara itzuli zen, eta ibilgailu blindatu batean sartu zen.
Presidentearen egoitzaren atea bota zuten momentutik, baina, herritar anitz bildu ziren Murillo plazaren inguruan, eta kolpearen aurkako leloak oihukatzen hasi ziren. «Lucho ez dago bakarrik», «kolpistak kanpora» eta «militarrak kolpistak» hasi ziren oihukatzen inguruetan. Estatu-kolpe saiakeraren berri izan eta berehala, hainbat sindikatuk eta gizarte erakundek deitu zuten kalera ateratzera, demokraziaren alde. Arcek berak ere dei egin zien herritarrei «estatu kolpearen kontra eta demokraziaren alde» mobilizatzeko, eta gobernuaren egoitzan eutsiko ziola hitzeman zuen. Kalean tentsioa igo egin zen, eta herritarren erantzuna ozenagoa izan zen: tankeak jotzen hasi ziren eta militarrei petardoak botatzen hasi zitzaizkien. Militarrek negar gasa jaurtiz erantzun zuten.
Babesik ez du izan Zuñigak
Zuñiga tanke ibilgailu blindatuan egon da denbora guztia, telefonoz hizketan. Babesik ez du aurkitu, baina. Kolpe ahaleginaren berri izan eta berehala nazioarteko agintari anitzek babesa agertu diote Arceri. Horien artean, Luis Almagro AEE Ameriketako Estatuen Erakundeko presidenteak, eta Kolonbiako, Brasilgo, Mexikoko, Hondurasko eta Kubako estatuburuek. «Ez dugu onartuko Bolivian ordena konstituzionala xehatzea», adierazi du Almagrok. Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak ere kolpea gaitzetsi du.
Kalean herritarren eta militarren arteko istiluak areagotzen ari zirela, Arcek armadako goi buruzagi berriak izendatu ditu. Ondoren herritarrek militarrek ezarria zuten itxitura gainditu dute, eta militarrak inguratu dituzte. Ordurako estatu kolpe ahalegina huts egina zen, eta militarrek herritarren kontra egiteari utzi diote. Orduan, Jhony Aguilera ministrordea presidentearen egoitzatik atera da, eta Zuñigarengana joan da: estatu kolpea bertan behera uzteko eskatu dio. Ibilgailu blindatuko gidariak, motorra piztu, eta ihes egin du Zuñigak. Haren ondotik, Murillo plazan zeuden militar guztiek egin dute ihes, zenbaitetan herritarrengandik korrika. «Traidoreak» eta «kolpistak» oihukatu diete.
🔴 Fracasó el intento de golpe de estado en Bolivia.
— La Voz De Los Que Sobran (@delosquesobran) June 26, 2024
El general Zúñiga se retiró de la plaza Murillo donde llegaron bolivianas y bolivianos se apostaron en defensa de la democracia.
El presidente Luis Arce ya designó a los nuevos comandantes en jefe de las FFAA.#bolivia… pic.twitter.com/fcIjN1JBC2
Militarren ihesaren ondoren, herritarrak Murillo plazan bildu dira gero estatu-kolpe ahalegina zapuztu dutela ospatzeko: «Kolpistak ez dira pasatuko», oihukatu dute. Arce eta Choquehuanca presidentearen egoitzaren balkoira atera dira, eta ehunka pertsonaren aurrean hitz egin dute. Zuñiga 19:00etan atxilotu dute, eta une horretan esan du Arcek agindu diola «blindatuak ateratzeko» haren populartasuna erortzen ari zelako.
Saludamos y expresamos nuestro más sincero agradecimiento a nuestras organizaciones sociales y a todo el pueblo boliviano, que salieron a las calles y se expresaron a través de distintos medios de comunicación, manifestando su rechazo a la intentona golpista, que lo único que… pic.twitter.com/Szlh4X1j1H
— Luis Alberto Arce Catacora (Lucho Arce) (@LuchoXBolivia) June 27, 2024