Estatu Islamikoak gutxienez 32 iheslari hil ditu Siria iparraldean

Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
EI Estatu Islamikoak gutxienez 32 errefuxiatu hil ditu kanpaleku batetik hurbil, Siriaren eta Iraken arteko mugaldean. SDF Siriako Indar Demokratikoen kontroleko eremura igarotzeko prest zeuden 300 familia inguru, Al-Hasaka probintzian. Baina gutxienez bost erasotzaile suizidek beren burua leherrarazi dute kanpalekuan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera —erakunde horrek Ingalaterratik jarduten du—.

Borroka gogorrak izan dira ondoren SDFren eta EIren artean. Milizia kurduek gidatzen dute SDF, nahiz eta borrokalari arabiarrak ere badituen.

EIren aurkako erasoaldiari bete-betean ekin dio SDFk, eta Tabqa hirian setiaturik daude islamistak. Erasoa milizia kurduen arreta desbideratzeko estrategia izan daitekeela uste da; gero eta gertuago daude indar kurduak Raqqatik, talde islamistak Sirian duen gotorlekutik.

Iturrien arabera, desberdina da hildakoen kopurua. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez 32 dira. Horien artean 23 zibilak lirateke. Kurdistango Ilargi Gorriak, berriz, 22 hildako zenbatu ditu. Halere, zauritu asko larri daude, eta gehiago izan daitezke hildakoak.

Ihesean

Gerratik eta miseriatik ihesi, Irakeko eta Siriako herritar askok ihes egiten dute iparralderantz, kurduek kontrolatutako eremuetara. Al-Hasaka probintzian eremu zabalak kontrolatzen zituen EIk, baina kurduek kanporatu egin zuten. Halere, islamistek oraindik Deir ez-Zor probintzian gogor eusten diote.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.