Estatu Islamikoak bere gain hartu du gaur Moskuko antzoki batean atzo gauean eginiko erasoa. Talde armatuaren menpeko Amaq albiste agentziak baieztatu du egiletza, eta adierazi erasotzaileek «txikizioa» eragin zutela. Hildakoak gutxienez 133 dira. Datu hori eman du Errusiako ikerketa batzordeak, baina uste dute balitekeela hildako gehiago egotea, erreskate zerbitzuak lanean ari baitira oraindik ere. 105 lagun ospitalean daude, zaurituta; horien erdiak, larri.
Erasoaren harira, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak hamaika pertsona atxilotu ditu; tartean, antzokiko tiroketan parte hartu zuten laurak. Erasotzaileak Bryansk eskualdean atzeman dituzte gaur goizean, Moskutik 340 bat kilometrora hego mendebalderantz.
Crocus City Hall antzokiko segurtasun kameretan ikus daitekeenez, erasotzaileak metrailetak hartuta sartu ziren, tiroka, kontzertu bat hastear zela. Tartean, bi lehergai ere zartarazi zituzten. Horiek sute handia eragin zuten, eraikinaren zati bat kiskaltzeraino. Gainera, sutearen ondorioz antzokiaren sabaia erori egin zen, eta ehun lagun inguru harrapatuta geratu ziren. Zenbait ebakuatu zituzten, baina gaur hainbat gorpu atera dituzte hondakinen artetik. Guztira 6.200 lagun inguru zeuden antzokian, kontzertuko sarrera guztiak salduta baitziren.
Errusiako presidente Vladimir Putinek gaur egindako agerraldian baieztatu du lau erasotzaileak atxilo hartu dituztela, baita beste zazpi konplize ere. Bere diskurtsoan ez du behin ere aipatu erasoa bere gain hartu duen Estatu Islamikoa. Hori bai, adierazi du erasotzaileek Ukrainara egin nahi zutela ihes: «Sarrera bat prestatua zieten Ukrainako muga gurutzatzeko». Izan ere, atentatua testuinguru berezian gertatu da; Ukrainako gerrak aurrera jarraitzen du, eta bi aldeek aurkariari zerbait egotzi nahi izan diote jazotakoaren harira.
«Terroristek, hiltzaileek eta piztiek zorigaiztoko patua dute beren zain: mendekua eta ahanztura».
VLADIMIR PUTIN Errusiako presidentea
Kievek ukatu egin du erasoarekin edo erasotzaileekin inolako loturarik duenik; «zerikusirik ez» dutela adierazi zuen Ukrainako presidentetza aholkulari Mykhailo Podolyakek. Gehitu du bi herrialdeen arteko gatazka «soilik gudu zelaian» erabakiko dela; eta argi utzi nahi izan du bere herrialdeak inoiz ez duela erabili horrelako erasorik. Baina Moskuri egotzi dio gisa horretako «eraso terroristak» erabili izana Ukrainako gerran.
Atentatuaren erantzuleei dagokienez, Putinek iragarri du «merezi duten zigorra» jasoko dutela parte hartu zuten guztiek, «direnak direla» ere: «Terroristek, hiltzaileek eta piztiek zorigaiztoko patua dute beren zain: mendekua eta ahanztura». Bide batez, jakinarazi du jada terrorismoaren aurkako neurriak indarrean jarri dituztela herrialde osoan.
Atentatua gaitzetsi du nazioarteko komunitateak; besteak beste, Nazio Batuek, Europako Batasunak, Afrikako Batasunak, NATOk eta estatu ugarik —besteak beste AEBak, Txina, Alemania, India, Turkia, Iran eta Siria— . Gaitzespen horien harira, Putinek gehitu du espero duela erasoa salatu duten herrialde guztiek lankidetzan jardutea «etsai amankomunari» aurre egiteko: «nazioarteko terrorismoari». Bihar, dolu egun nazionala izango da Errusian.
Gerraren itzalpean
Duela bi astetik, AEBek eta Erresuma Batuak bertan dituzten enbaxadek ohartarazia zien Errusiari «muturreko taldeak» prestatzen ari zirela Moskun jende asko biltzen dituzten ekitaldiei eraso egiteko. Aurretik, FSBk hiriburuko sinagoga batean Estatu Islamikoaren eraso bat zapuztu zuen. Putinek, ordea, ez zien jaramonik egin ohartarazpenei, eta adierazi zuen abisu horiek errusiar gizartea «desoratzeko eta kikiltzeko saiakera bat» zirela.
Ukrainako gerra dela eta, urrun geratzen dira, ia ahazturik, aurreko hamarkadetan Errusiak jasan izan dituen eraso ugariak. Ostiralean Moskuko aldirietako antzokian eginikoa da Ukrainako gatazka hasi zenetik jazo den lehen eraso aipagarria, baita azkenaldiko odoltsuena ere.
Estatu Islamikoa 2015ean hasi zen bere gain hartzen Errusian eginiko atentatuak; ordutik, gutxienez, hamabost eraso gauzatu dituzte. Halere, Errusiako hiriburuan hildako ugari utzi zituen azken atentatua 2011n gertatu zen; orduan, bonba auto batek 37 pertsona hil eta 172 zauritu zituen Domodedovo aireportuan. Urte bete lehenago, Moskuko metroan, 40 lagun hil zituzten; eta beste 27 hildako utzi zituen 2009an Moskutik San Petersburgora zihoan tren batean egindako atentatuak.
San Petersburgon bertan izan zen Ukrainako gatazkaren aurretik gertaturiko azken atentatu aipagarria. Metroan izan zen hori ere, eta hamasei hildako eragin zituen. Halere, 2000ko hamarkadaren hasierakoak dira Errusian gertatu diren erasorik odoltsuenak. 2002an, Moskuko beste antzoki batean 170 lagunetik gora hil zituzten. Bi urte geroago, 2004an, talde islamista bateko kideek mila lagun baino gehiago bahitu zituzten eskola batean. Poliziarekin tiroka amaitu zuten, eta, azkenean, hirurehun pertsona baino gehiago zendu ziren bertan.