Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu gaur arratsaldean Kabulgo aireportua astindu duten leherketak. Amaq albiste agentziak zabaldu duen ohar batean eman du horren berri. Bi leherketa izan dira, biak aireportuaren kanpoaldean. Talibanen iturriek Al-Jazeera telebista kateari emandako informazioaren arabera, gutxienez 60 lagun hil eta 140 zauritu dituzte. Pentagonoak zehaztu du hildakoen artean hamabi soldadu estatubatuar daudela.
John Kirby Pentagonoko bozeramaileak zehaztu du leherketetako bat Abbey atean izan dela, aireporturako lau sarbideetako batean, eta bestea, Baron hotelaren inguruan. Reuters berri agentziak, AEBetako armada iturri moduan aipaturik, adierazi du uste dutela eraso suizida bat izan dela. The Guardian hedabideak jakinarazi du ebakuatuak izan aurretik dokumentazioa erakusteko egindako ilara baten inguruan gertatu dela Abbey ateko leherketa. Gareth Browne The National egunkariko kazetariaren esanetan, «Erresuma Batuko dozenaka herritar» zeuden ilaran.
Picture from near Baron Gate, Kabul airport. Explosion just now. #Afgahnistanpic.twitter.com/jypJkS0YxJ
— Gareth Browne (@BrowneGareth) August 26, 2021
AEBak eta haren aliatuak behin eta berriz esaten aritu dira azken orduetan arrisku gero eta handiagoa zegoela aireportuan eraso bat izateko, eta AEBek Kabulen duen enbaxadak argudio hori erabili du herritarrei eskatzeko hara ez gerturatzeko. Inteligentzia zerbitzuek emandako informazioan oinarrituta, enbaxadak aireportuko ateetatik «lehenbailehen» joateko gomendatu die ebakuatuak izateko itxaropenez hara joan asmo duten milaka herritarrei. AEBetako funtzionarioen zuzeneko jarraibideak jasotzen dituztenei soilik aholkatu diete bide hori hartzea.
Erresuma Batuak ere egin du ohartarazpena. James Heappey Erresuma Batuko Indar Armatuetako Ministroak esan du duten informazio «oso sinesgarri» baten arabera litekeena dela EI Estatu Islamikoaren «berehalako eraso bat» izatea. Zabaltzen ari da litekeena dela Jorasan EIren Afganistango adarrak izatea eraso hori egiteko asmoa. Talde hori, besteak beste, AEBen aurka borrokatutako taliban ohiez hornitu zen 2015ean, eta bat egin zuen EIren asmoekin, Abu Bakr al-Baghdadi buruzagiari leialtasuna aitortuta.
Biak sunitak izanagatik, teologikoki eta estrategikoki desberdintasun handiak dituzte EIk eta talibanek. Jihadismoaren barruan lidergoa hartu nahi dute biek, gainera, eta, hortaz, gero eta handiagoa da elkarrenganako etsaitasuna. Hainbat adituk ohartarazi dute talibanen erregimenak Afganistanen indarra hartzen lagunduko diola EIri. Alabaina, uste izatekoa da lehenengoek oztopoak jarriko dizkietela horretarako, beren arteko etsaitasunagatik ez ezik, atzerriratu nahi duen irudiari ez baitzaio komeni Mendebaldeak haiekin lotzea. Alde horretatik, pentsa daiteke EIk, Kabulgo aireportuari eraso egingo balio, Mendebaldeari eta talibanei, biei kalte egitea lukeela helburu.
Segurtasun arriskuak eta arazo logistikoak argudiatuta, azken egunotan ebakuazio lanetan aritutako hainbat herrialdek eten egin dituzte lan horiek; hala nola Belgikak. Herbehereetako Gobernuak ere gaur amaituko ditu, jakinarazi duenez, eta Frantziak, berriz, bihar gauean egingo ditu azkenak.
Ez da behar faltagatik izango. Izan ere, milaka lagun daude pilatuta oraindik aireportuaren ateetan. Atzo iluntzean AEBetako Defentsa Departamentuak emandako datuen arabera, 10.000 lagun inguru zeuden zain handik noiz aterako. Atzerriko indarrek datorren asteartea baino lehen amaitu behar dituzte ebakuazio lanak, baina, itxura guztien arabera, milaka lagun geratuko dira erreskatatutak izateko aukerarik gabe. Radio Free Europe irratiko kazetari Frud Bezhanek Twitterren emandako datua argigarria izan daiteke: 2001etik 250.000 afganiarrek egin dute lan AEBentzat, baina tropa estatubatuarrek horietatik 62.000 inguru soilik ebakuatu dituzte orain arte.
Airez ez ezik, lurrez ere herrialdetik ihes egiten saiatzen ari dira Afganistango herritarrak, baina aireportukoa bezain bide zaila dirudi horrek. Talibanek kontrol postuak jarri dituzte Afganistanek mugakide dituen herrialde guztietarako pasabideetan, eta Pakistanek eta Iranek mugak itxi dituzte. Dokumentazioa eguneratuta dutenek soilik igaro dezakete. Iran laguntza humanitarioa eskaintzen ari da zenbait puntutan, behin-behinean. Migratzaile askok, Iranera zuzenean sartu ordez, Pakistanera jo ohi dute lehenengo, eta Sistan Baluchistan probintziatik sartu ohi dira Iranera.
Izan bide hori egiteko edo Pakistanen geratzeko, milaka lagun pilatuta dauden Spin Boldak mugako bidean, Afganistan eta Pakistan artean. Zenbait kazetarik ohartarazi dute larriagotzen ari dela egoera han, nahiz eta arreta mediatikoa Kabulen zentratuta dagoen.
This is not #Kabulairport, this is Spin Boldak border where thousands of people wants to flee Afghanistan to Pakistan. The situation here is far worse than the situation at #KabulAirport but because there are no foreign forces here, it has not been covered by the media. pic.twitter.com/LrUuXk1JSv
— Natiq Malikzada (@natiqmalikzada) August 25, 2021