Estatu aberatsek 300.000 milioi dolar eskaini dituzte COP29an, baina ez dute baretu Hegoalde Globalaren haserrea

Adostasun faltagatik, elkarrizketak luzatu dituzte klima larrialdiari buruzko goi bileran. Jarrerak urrun daude oraindik finantzaketari dagokionez. Elkarte ugarik ohartarazi dute hobe dela akordiorik ez egitea, akordio txar bat egitea baino.

Ekintzaile klimatikoak protestan, atzo, COP29 biltzarraren egoitza barruan, herrialde garatuei diru ekarpen handiagoa egin dezatela eskatzeko
Zenbait klima ekintzaile protestan atzo, COP29 biltzarraren egoitza barruan, herrialde garatuei diru ekarpen handiagoa egin dezatela eskatzeko. IGOR KOVALENKO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 23a
16:09
Entzun

Porrot betean amaitzeko arriskuan da COP29 klima aldaketari buruzko nazioarteko goi bilera. Nazio Batuen Erakundearen biltzarra, aurten Azerbaijango Baku hiriburuan egiten ari dena, luzatu egin behar izan dute. Amaituta behar zuen gaurko, baina estatuen arteko akordiorik ez da, eta negoziazioak asteburura luzatu dira. Datozen orduetan ados jartzea lortzeko elkarrizketak martxan daude, urduritasunez blaitutako giroan, eta denbora amaitzen ari da.

Estatu ordezkaritza batzuk maletak ondoan dituztela ari dira negoziatzen, bihar goizean beren herrialdeetara itzultzeko hegaldiak hartu behar dituztelako. Etsipena hedatzen ari da aurrerapausorik ez dela ikusita, eta egoera antz handia hartzen ari da duela bi aste Kolonbiako Cali hirian gertatu zenarekin. COP16 biodibertsitatearen goi bileran, adostasun batera hurbiltzeko urratsak berandu heldu ziren zenbait helburu garrantzitsutan. Ordurako, estatu askotako ordezkariak alde eginda zeuden, eta ezin izan zen bozkatu akordiorako testu proposamena, ez zelako quorumik.

Bakuko goi bileran, elkarrengandik urrun daude oraindik jarrerak; bereziki, klima finantzaketaren alorrean. Estatuak klima finantzaketarako helburu berri bat adostu beharrean dira. Hau da, zehaztu behar dute herrialde garatuek zenbat diru jarriko duten garabidean daudenek klima aldaketari aurre egiteko neurriak har ditzaten. Erabaki behar dute, gainera, zein estatuk egingo dituzten diru ekarpenak, eta finantzaketa zein motatakoa izango den: diru laguntza zuzenak, maileguak, inbertsio pribatuak...

Hegoalde Globaleko estatuek goi bileraren hasieratik jarri dute mahai gainean beren gutxienekoa. 1,3 bilioi eskatu dizkiete herrialde garatuei urteko, 2035era arte. Kopurua bat dator NBE Nazio Batuen Erakundearen Klima Finantzen Goi Taldeak joan den astean aurkeztu zuen txostenarekin. Haren arabera, munduan 6,15 bilioi euro beharko lirateke urteko, 2030. urtera arte, klima aldaketari aurre egiteko —kopurua altuagoa litzateke 2030etik aurrera—. Garabidean diren herrialdeei zenbateko osotik bilioi bat eman beharko liekete estatu garatuek.

Bidezko klima finantzaketa baten aldeko protesta ekintza bat, atzo, Bakun, COP29aren egoitzan. IGOR KOVALENKO / EFE
Bidezko klima finantzaketa baten aldeko protesta ekintza bat, atzo, Bakun, COP29 biltzarraren egoitzan. IGOR KOVALENKO / EFE

Herrialde aberatsenek ez dute klima finantzaketarentzako kopuru bat zehaztu publikoki, negoziazioen azken unera arte. Ostiralean eman zuten beren lehen proposamenaren berri: urteko 250.000 milioi dolar, 2035. urtera arte. Hegoalde Globaleko estatuek kopurua onartezintzat jo zuten berehala, eta beren konpromisoei uko egitea egotzi zieten herrialde garatuei.

COP biltzarrari gertutik erreparatzen ari diren gizarte zibileko zenbait elkartek salatu zuten proposamena iraingarria zela klima larrialdiaren ondorioak sufritzen ari diren milioika herritarrentzat. Hori dela eta, negoziazioetan tinko mantentzeko eskatu zieten garabidean diren estatuei, eta babesa adierazi zieten akordio txar bat onartu aurretik elkarrizketak bertan behera uzteko. Azarbaijanen COP biltzarraren konferentzian diren ekintzaile ugarik mobilizazioak egin zituzten biltzarraren egoitzaren barruan, herrialde aberatsenei exijitzeko «zor dutena» ordain dezatela.

Azken kopuruak

Iparralde Globalak eskaintza hobetu du, gaur goizean zabaldu diren informazioen arabera. Kopurua 300.000 milioi dolarrera igo du, baina ez du lortu baretzea garabidean dauden estatuetako ordezkarien haserrea. Igoera ez da esanguratsua, haien iritziz.

Ali Mohamed Afrikako talde negoziatzaileko ordezkariak adierazi duenez, klima larrialdiari aurre egiteko gutxienez 600.000 milioi dolarreko finantzaketa bermatu behar dute herrialde garatuek, zuzeneko diru laguntzetan eta baldintza lagungarriak izango dituzten maileguetan. Kopuru hori 1,3 bilioi dolarreko finantzaketa helburuaren parte bat izango litzateke. Negoziazioen berri bertatik ematen ari diren zenbait iturriren esanetan, G77 garabidean diren herrialdeen koalizioa eta Txina estatu garatuei eskatzen ari zaizkie gutxienez 500.000 milioi dolar jartzeko. Brasilgo Ingurumen ministro Marina Silvak, berriz, kopuru txikiagoak aipatu zituen ostiralean, Reuters berri agentziak jaso duenez. Silvak 300.000 milioi eskatu zituen urteko 2030. urtera arte, eta 390.000 milioi urteko 2030etik 2035era bitartean.

Klimaren ondorio larrienak jasaten ari diren herrialdeak suminduta agertu dira gaur, negoziazioen bilakaera ikusita. LDC Gutxien Garatutako Herrialdeen koalizioak eta AOSIS Uhartedi Estatu Txikien Aliantzak «elkarrizketa inklusiboak» exijitu dituzte, eta, halakorik ez dela iritzita, negoziazio aretoa utzi dute gaur arratsaldean. Adierazi dutenez, negoziazioetan ez dira aintzat hartzen ari beren beharrak. Eskatzen dute klima finantzaketaren %30 bermatzeko beraientzat.

COPeko aldeak, ia 200 estatu kide, osoko bilkuran bildu dira arratsaldean, eta adostuta zituzten puntuak onartu dituzte. Horien artean, karbono merkatua arautzeko oinarriei buruzkoak. Lan horiek aurreratuta, COPeko presidente Mukhtar Babayevek bilkura eten du, hura berriz deitzeko ordu zehatzik ezarri gabe. Litekeena finantzaketaren inguruko negoziazioak amaitu artean berriz ez deitzea, eta elkarrizketak goizaldera arte lutzatzea.

Karbono merkatuaren gaineko akordioa lortu dute

Finantzaketan ez bezala, karbono merkatuaren gaineko adostasuna erdietsi dute COPeko aldeek gaur arratsaldean. Parisko Akordioaren 6.2 eta 6.4 artikuluen ezarpenari buruzko akordioa da. Haren bidez, zehaztu dituzte karbono isuriak konpentsatzeko bonuen merkatua zein irizpidek gidatuko duten, zein bonu mota onartuko dituen eta zein prozedura jarraituko dituen. COPeko antolakuntzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, akordioak balioko du karbono merkatuaren gardentasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, eta klima larrialdiari begirako baliabide ekonomikoak biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.