Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Txinako Herri Errepublikan, sistema marxista-leninista bat da demokrazia, diktadura demokratikoan eta zentralismo demokratikoan oinarritua; sistema horretan, Txinako Alderdi Komunistak jarduten du herriaren ordezkari goren. «Txinatar erako demokrazia sozialistaren» sistema politikoa oso bestelakoa da Mendebaldeko demokrazia liberalaren aldean, eta askok diote Mendebaldeko demokrazia ez dela bateragarria Txinako baldintzekin.
Egia da Txinan badirela zortzi alderdi, alderdi nagusia baino apalagoak, «fronte batuan» parte hartzen dutenak, eta egia da txinatarrek aukera dutela tokiko ordezkariak botoz hautatzeko, baina, berez, konstituzioaren arabera, Txinako Alderdi Komunista da gobernuko alderdi bakarra, eta galarazita dago boterea beste inori eskualdatzea. Alderdiak boterea du lege organo guztiak eta estatuaren organo guztiak zuzentzeko, eta modua du politika autokratikoak ezartzeko ere. Hortaz, ez dago alderdi politikoz osatutako sistema pluralistarik, eta boterea ezin da eskuratu sufragio unibertsaleko tartekako hauteskundeen bidez, baina, hala eta guztiz ere, Alderdi Komunistak demokratikotzat dauka bere burua.
Berez, Txinako sistema politikoak Herri Batzar Nazionalean parte hartzen uzten die alderdi apalago horietako zenbait kideri, hala nola Txinako Liga Demokratikokoei eta Txinako Kuomintangeko Batzorde Iraultzailekoei, baita Txinako Alderdi Komunistaren parte ez diren beste batzuetakoei ere, baina horiek Alderdi Komunistak hautatzen ditu. Sistema horrekin kritikoak direnen ustez, alderdi horiek «inklusibotasun eta ordezkaritza irudikeria bat» sortzeko baizik ez daude hor, zeren Alderdi Komunistak guztiz kontrolpean baitauzka gobernuko instituzio guztiak, indar armatuak eta gizarte zibila.
Hain zuzen ere, Fronte Batuaren Lan Departamentuaren bitartez kontrolatzen ditu Alderdi Komunistak alderdi apalago horiek: kide izateko eskariak aztertzen ditu departamentu horrek, eta alderdien buruzagiak zein izango diren zehaztu ere bai. Fronte Batuaren Lan Departamentuak, gainera, ez die uzten alderdiei konderri eta herrietan hedatzen, eta kontrolpean edukitzen ditu hala. Sozialismo Institutu Zentralean formatzen dituzte zortzi alderdi horien buruzagiak, eta alderdiak sailkatu ere egiten dituzte ofizialki, aintzat harturik «zenbaterainoko ekarpena egiten dioten iraultza demokratiko berriari».
«Honela gobernatzen du herrialde komunista batek: gobernua administrazioa da, eta hura Alderdi Komunistak kontrolatzen du»
CHEUNG YIU-LEUNGChina Human Rights Lawyers Concern Group taldeko kidea
Hong Kongen bertan ere, nahiz eta han ustez herrialde bakarra, bi sistema printzipioa errespetatu behar zuen, Txinak gogor ezarri du bere sistema: halaxe salatua du Cheung Yiu-Leungek, zeina China Human Rights Lawyers Concern Group taldeko kidea eta demokraziaren aldeko abokatua baita. Haren hitzetan, «alderdiaren batzordeak ezarri dituzte ia leku guztietan, hala nola unibertsitatean, hezkuntzan, Polizian… Horrela gobernatzen du herrialde komunista batek: gobernua administrazioa da, eta hura Alderdi Komunistak kontrolatzen du».
Aberria goratu
Gobernuak, nazionalismoa ez ezik, batasunaren goresmena eta lurralde espantsioa ere sustatu du; tresna garrantzitsua da hori alderdiak kohesio eta kontrol sozialari euts diezaion. Hezkuntzan ezarri ohi dute aberria goratzeko estrategia, historia oso modu trinkoan eta ikuspegi nazionalista batetik irakatsiz, eta umiliazioaren eta errekuperazioaren kontakizuna azpimarratuz, zeina alderdiak berak mamitzen baitu. Gainerako lana hedabideek, propagandak eta zentsurak egiten dute: gobernuak ahalegin adostu eta alor askotakoa egiten du herriak babestuko duela ziurtatzeko, barne egonkortasunari eusteko eta irudia ematkeo Txina nazioartean indartsu dagoela eta biziberritzen ari dela.
Nazioarteko erakundeek begi onez ikusten ez dituzten kontuetako bat zera da, nazionalismoa eta han-en gailentasuna herrialde osoan hedatu izana, eta mandarina hizkuntza nazional gisa zabaldu izana. Txinako Herri Errepublikako Konstituzioak ezartzen du etnia guztiak berdinak direla eta gutxiengoek bermatuak izan behar dituztela eskubideak, baina, praktikan, askotan salatu izan da gutxiengo etniko eta erlijiosoen eskubideak urratu direla eta errepresioa sufritu dutela; horren erakusgarri dira azken urteetan uigurrei, tibetarrei, mongoliarrei eta beste gutxiengo batzuei gertatutakoak.
«Txina periferietako zenbait kultura eta hizkuntza deuseztatzen saiatzen ari da, batez ere azken urteetan»
TOM GRUNDYHong Kong Free Press egunkariaren zuzendaria
Hong Kong Free Press egunkariaren zuzendari Tom Grundyk dioenez, «Txina periferietako zenbait kultura eta hizkuntza deuseztatzen saiatzen ari da, batez ere azken urteetan: besteak beste, Barne Mongolian, Xinjiang-en eta Tibeten». Kazetariak dio bera dela testigu nola ari diren ezerezten Hong Kongen britainiarren menpe sortua zen kultura berezia: «Urrezko arrautzen oilotzat zeukaten Hong Kong, baina Pekinentzat jada ez da hain garrantzitsua: beharbada, harentzat beste periferia arazotsu bat baino ez da orain». Grundyren arabera, Txinak ez du errespetatzen desberdina izatea; aitzitik, ezberdintasuna ezabatzen saiatzen da, «eta, urteen joanean eta Txina kontinentaletik jendea etorri ahala, hiri hau ere mugaz bestaldeko hiriak bezalatsukoa izango da azkenerako».
Nahiz eta Txinako ekonomia oso azkar garatzen ari den, nahiz eta gero eta eragin handiagoa duen munduan, nazioarteak kritika ugari ere egin dizkio sistema horri, argia eta gardena ez delakoan, eta gutxiengo etnikoak ondo tratatzen ez dituelakoan. Legeak, egia da, maiz errespetatzen du pluraltasun politiko, kultural eta nazionala, baina, praktikan, alderdi politikoak debekatzen dituzte, eta zenbait hizkuntzari eta kulturari jazartzen zaizkie nahiko modu esplizituan, mandarina herrialde guztian inposatzeko. Ohitura hori —legez babestea baina praktikan jazartzea—, argi dago, ez da batere arrotza Europan.