Laura Vilagra. Kataluniako Gobernuko Presidentetzako kontseilaria

«Espioitza kasuak hauskorra zen konfiantza urratu du»

Independentismoari egindako zelatatzea dela eta, uste du «deuseztatu» direla Madrilekin hasitako elkarrizketan aurrera egiteko «bide batzuk». Halere, «zailtasunak» gorabehera, «negoziazioan» sakontzera deitu du.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateko Presidentetzako kontseilaria da Laura Vilagra i Pons (Santpedor, Katalunia, 1976), eta esku artean ditu egungo gobernuaren erronka eta helburu asko. Zientzia politikoetako lizentziaduna da, eta JERC Joventuts d'Esquerra Republicana de Catalunya alderdian hasi zen militante gisa. Geroztik, zenbait barne kargu izan ditu, eta udaleko aholkulari ere izan da. 2003 eta 2015 bitartean, jaioterriko alkate jardun zuen. 2006tik 2021era, berriz, Kataluniako Parlamentuko diputatua izan zen, eta 2016an Erdialdeko Kataluniarako lurralde ordezkari izendatu zuen Kataluniako Gobernuak.

Kontseilariak zeregin estrategikoa dauka Kataluniako Gobernuan; Felix Bolaños ministroarekin izandako bileraren arduraduna izan da, Catalangate auziarengatik piztu den krisiaren harira. Elkarrizketa honen ondoren bildu zen Bolañosekin, eta hau adierazi zuen: «Gai hau ezin da axaletik kudeatu, ez baita gertakari bakan bat. Catalangate auzia ez da salbuespen bat, baizik eta Kataluniako independentismoaren aurkako auziak duen sakontasunaren eta garrantziaren sintoma bat». Arduradun politikoen dimisioa eskatu zuen, eta gaineratu: «Kataluniako Gobernuaren erreakzioa ez da ahoberokeria, bilerak ez baitu balio izan gobernuen arteko harremanak normalizatzeko».

Zertan da legegintzaldia? Zer zailtasun ditu gobernuak koalizioan eta egunerokoan?

Kataluniako Generalitatea oso erakunde handia da, batez ere aktibo nagusiari dagokionez, hau da, giza baliabideei dagokienez, baina baita zerbitzuei eta aurrekontuei dagokienez ere. Bai administrazioa eta bai testuinguru sozial eta politikoa oso konplexuak dira. Gainera, administrazioaren makineria dago presidentetza departamentuan, eta administrazioa are konplexuagoa bihurtu da; nire erronka nagusia da horrek askoz hobeto funtzionatzea. Horregatik, abian jarri ditugu hainbat proposamen legegile, bizkorrago erantzun dezagun, administrazio elektronikoak funtziona dezan; azken batean, herritarrek administrazioarekin duten harremana atseginagoa izan dadin. Eta horretan ari gara, nahiz eta zailtasun asko izan. Jakina, koalizio gobernuetan beti daude desorekak, baita alderdi bakarreko gobernuetan ere; askotan, eskumenak atzera eta aurrera ibiltzen dira departamentu batetik bestera. Gaur egun Generalitatean gertatzen dena beste koalizio batzuetan ere gertatzen da. Nolanahi ere, nabarmendu nahi nuke harreman ona dagoela gobernuko kontseilarien artean: ez dago gatazka handirik, eta baten bat dagoenean, badakigu nola konpondu.

Nolanahi ere, gai erabakigarri batzuetan ez dago akordiorik; elkarrizketa mahaian, adibidez.

Orain dela urte bat baino gutxiago egin genuen akordio bat berreskuratu nahiko nuke: inbestidura akordioa. Hitzarmen horretan, argi eta garbi adierazi genuen zein litzatekeen estatuarekin negoziatzeko jokalekua. Hilabete batzuk bagenituen elkarrizketan sakontzeko, hain zuzen ere. Elkarrizketa hori ez zuen bultzatu Kataluniako Gobernuak bakarrik, edo kide naizen alderdiak bakarrik: Europak ere estatuari eta Kataluniari adierazi zien elkarrizketaren alde egin behar zela —estatuak inoiz ez zuen halakorik nahi izan—. Beraz, negoziazio horretan sakontzeko erantzukizuna dugu, dituen zailtasun guztiekin, jakina; ez da erraza, estatuko gobernuak, eta bereziki PSOEk, ez baitu bere borondatez negoziatzen, eta elkarrizketak izatera behartu behar baitugu. Horregatik bakarrik ere bada garrantzitsua, gatazka politiko bat konpondu behar dugula egiaztatzen baitu, gatazka politiko bat dagoela eta gatazka hori konpondu behar duten bi gobernu. Bide demokratikoa da hori egiteko modurik onena. Guretzat, bozkatzea litzateke aukerarik onena, baina, hain zuzen ere, jarrera oso desberdinak ditugula ari gara lantzen gai horiek estatuko gobernuarekin; nolanahi ere, hizpidera ekarri behar dira.

Elkarrizketa aurrera doa? Ematen du Espainiako Gobernua ez dela asko saiatzen ari, eta are gutxiago orain, Catalangate auziak piztu duen zalapartarekin.

Mantso doa aurrera. Askoz gehiago aurreratzea gustatuko litzaiguke. Argi eta garbi, Kataluniako independentismoari begira egindakoa da argitara eman duten espioitza kasua, baita euskal independentismoari begira egindakoa ere, eta lehendik zegoen konfiantza urratu du: konfiantza hori hauskorra zen, eta egoera, oso zaila, baina gai batzuei buruz hitz egiteko eta horietan aurrera egiteko bide batzuk lortu genituen, eta orain dena deuseztatu da.

Eta nola eragingo die horrek estatu itunei?

Egoera oso larria da, eta denak konturatu dira horretaz. Komunikabideek interes ikaragarria dute gai horri buruz. Argi dago estatuko gobernuak erreakzionatu egin behar duela, ezin dela ezkutatu estatu sekretuen atzean. Jakin nahi dugu nork egin duen, zergatik egin duen, zer informazio duten; erantzun argiak eta gardenak nahi ditugu, kongresuan ikerketa batzorde bat sortzea nahi dugu, dena jakitea, eta dagokionak bere erantzukizun politikoak hartzea. Bestela, kalte egingo dio negoziazio prozesuari; arriskuan dago argi eta garbi, ezin baita negoziatu espiatzen gaituenarekin. Eman ez den informazioa egongo da, eta ez dugu gaia itxurakeriekin konponduko. Gauza batzuk gertatu behar dira, eta ondorio politikoak izango dituen ikerketa bat behar da, baita estatu egituretan aldaketa bat ere, oinarrizko giza eskubideak urratzen jarrai ez dezaten. Hori argi geratu da, eta Europako Batasunak ere salatu du, immunitatea duten eurodiputatu batzuei ere eragin baitie.

Duela egun batzuk, amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko itunaren manifestua aurkeztu zen; txosten bat egin nahi dute bost hilabeteren buruan, Kataluniako Gobernuari emateko.

Gustatzen zaigu herritarrak antolatzea, eta modu zabal eta transbertsalean erdiestea adostasunik handiena, baita herriaren adostasunik handiena ordezkatzea ere: gatazka hau bozkatuz baino ez da amaituko, autodeterminaziorako eskubidea erabilita, eta, bestalde, amnistia politiko batekin, mugimendu independentistaren aurkako errepresioa ez baita bukatu. Hori bukatu arte, egoera ez da normala izango. Talde transbertsal horren proposamenak bat datoz argi eta garbi legegintzaldi honetako gai nagusien aldeko apustu politikoarekin, eta, independentisten proposamena ez ezik, demokrata guztien proposamena ere izan dadin nahi dugu. Demoskopiak erakusten digu indar nagusietako hautesleek, ez soilik independentistek, uste dutela bozketa bat egin behar dela.

Gobernu honek Oinarrizko Errenta Unibertsalaren Plan Pilotua bultzatu du: gizarte politiken paradigma aldaketa bat da.

Gobernu honek norabidea aldatu du, ezkerrerantz; egoera ekonomikoa eta soziala oso konplexua da. Gure herrialdean, pobrezia kronifikatu egin da, eta handitzeko joera du. Horregatik, beste era batera landu behar da: pertsonei eskubideak eta aukerak eman behar zaizkie. Esparru horretan, oinarrizko errenta unibertsal baterako bulego bat bultzatu da, proiektu berritzaile bat, hainbat herrialdetan probatu dena, eta gure proiektu pilotu propioa ere izan nahi dugu. Gogoz bultzatzen ari gara; gizarte politikek ikuspegia aldatu behar dute, eta pertsonak ahaldundu behar dituzte, aukeratu ahal izan dezaten, lan merkatuan negoziatzeko gaitasun handiagoa izan dezaten; aurrera egin beharra dago pobrezia desagerrarazteko eta bizi baldintzak hobetzeko. Espero dugu emaitzak laster ikustea, urte bukaeran plana martxan jartzeko bidea emango diguten datuak izan nahi baititugu.

Nola lantzen ari da independentzia egunez egun? Esaterako, dependentziari amaiera emango dioten estatu egiturak; energia mendekotasuna, besteak beste.

Gaur egun, erregai fosilen eta beste leku batzuetatik datorren energiaren mende gaude. Bestalde, familia asko ere larri dabiltza, pobrezia energetikoaren ondorioz. Politika garrantzitsuak garatu behar ditugu. Ekintza Klimatikoa da departamentu nagusietako bat, energetikoki autosufizienteak izateko, baina baita elikadurari dagokionez ere; horretan asko dugu egiteko. Politika argiak ditugu, eta landa agenda indartsua, biztanle gutxi baina natur eta nekazaritza baliabide asko dituzten lurraldeak garatzeko, eta, horiekin, herrialde osoa hornitzeko. Hala, independentzia izango genuke funtsezko esparru horietan. Alde horretatik, lanean ari gara jada udal esparruetan, energia berriztagarriak sustatuz, lurraldetik hurbil, tokiko energia komunitateak egin ahal izateko, lurrari benetan lotutako proiektuak, eta ez aurretik planifikatu zituzten makroproiektuak. Apustu garbia egin da energia berriztagarrietara aldatzea erabakitzen duten pertsona, enpresa eta komunitateei laguntzeko. Aldaketa handiko politika argi bat behar da autosufizientzia lortzeko. Biodibertsitaterako eta energia berriztagarrietarako lankidetza eta estrategia bateratua bultzatzea da gakoa.

Desadostasuna piztu da Neguko Olinpiar Jokoen inguruko proposamena dela eta. Zer egiten ari zarete apustu politiko hori egiaz adostua izan dadin?

Mahai gainean dugun proposamena zera da, ditugun aktibo guztiak aprobetxatzea: elur instalazioak, izotz pabiloiak, eski estazioak hobetzea. Daukaguna aprobetxatu eta hobetzea da kontua, eta ez azpiegitura berriak eta hotel gehiago sortzea. Nolanahi ere, eraikin txiki batzuk eraikitzen badira olinpiar hirietarako, modu sakabanatuan eraikiko dira, udalekin adostuta eta gero etxebizitza sozialetarako erabiltzeko. Asmoa da herrialdearentzat zentzua duten gauzak izatea, jokoek ondare bat uztea lurraldeari, errespetuzko ikuspegi sozial batetik. Ez dugu kirol azpiegiturarik sortuko jauzietan, bosleighean edo skeletonean aritzeko, esaterako; beste herrialde batzuekin hitzarmenak egitea proposatuko dugu, han egin daitezen. Lankidetza proiektu bat da, oso errotuta dago, eta jasangarria da. Paradigma aldaketa bat da: jokoek mendia izan behar dute, balioa eman behar diegu mendiko diziplinei, eta tradizio izugarria dugu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.