Amaitzear da Julian Assangek epaitegietan egin duen ibilbide luzea: Wikileaksen sortzailea atzo goizean atera zen Londresko aldirietako Belmarsh espetxetik. 2019tik egon da kartzelatuta, AEB Ameriketako Estatu Batuen estradizio eskaera ebatzi zain. Atzo bertan hartu zuen Erresuma Batutik Bangkokerako hegazkin bat, Wikileaksen sare sozialetan argitaratu dutenez. Australian jaiotakoa da 52 urteko ekintzailea.
Bihar epaituko dute Ipar Marianetako auzitegi batean —AEBen menpeko herrialde bat da, Australiatik gertuen dagoena—, Washingtongo Justizia Departamentuarekin akordioa adostu eta gero: 2010ean informazio klasifikatua filtratzeagatik erruduntzat joko du bere burua. 62 hilabeteko espetxe zigorra jasoko du; hain zuzen, Erresuma Batuko espetxean eman duen denbora. Beraz, zigorra dagoeneko betea duenez, aske geratuko da epaile batek ituna onartzen duenean, eta AEBetara estraditzatzea saihestuko du hala. Horrela amaituko da, printzipioz, Assangeren kasua.
Julian is free!!!!
— Stella Assange #FreeAssangeNOW (@Stella_Assange) June 25, 2024
Words cannot express our immense gratitude to YOU- yes YOU, who have all mobilised for years and years to make this come true. THANK YOU. tHANK YOU. THANK YOU.
Follow @WikiLeaks for more info soon…pic.twitter.com/gW4UWCKP44
«Ezin dut hitzez azaldu zuei zein eskertuta nagoen, bai, zuei, horrenbeste urtetan hau egia bilakatu zedin mobilizatu zareten guztioi. Eskerrik asko», idatzi du X sare sozialean Stella Assangek, emazteak. Mezuarekin batera zabaldu duen bideoan, Assange Australiak Erresuma Batuan duen ordezkari Stephen Smithekin ageri da, aske geratzea ahalbidetu dion akordioa sinatzen.
«Herritarrek Assangeren eta haren ekintzen inguruan denetariko iritziak izan ditzaketen arren, kasua gehiegi ari zen luzatzen. Inork ez du irabazteko ezer etengabe kartzelan izanda, eta Australiara itzultzea nahi dugu», adierazi du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak. Hilabeteak daramatza parlamentuarekin batera Assangeren askatasuna defendatzen, eta borroka hori babesteko Albanesek hartu zuen erabakiak sekulako bultzada eman die Assangeren askatasunaren aldeko nazioarteko protestei, aldi berean prentsa askatasunaren aldekoak ere badirenak.
Enbaxada eta espetxea
Itunean, Assangek onartu du Chelsea Manning AEBetako armadako soldadua zenari lagundu ziola, eta «nahita eta modu ilegalean» konspiratu zuela. Manningek AEBetako Espioitza Legea urratu zuen, eta, modu horretan, informazio klasifikatua lortu, ondoren Wikileaks Interneteko atarian argitaratzeko. Hori guztia aitortu du, orain, Assangek.
2010ekoa da filtraziorik handiena. 250.000 agiri diplomatiko kaleratu zituzten bost egunkarik; tartean zeuden Irakeko eta Afganistango gerrei buruzko dokumentu sekretuak, eta Guantanamoko espetxeratuen gaineko informazioa. Gaur jakinarazi duten akordioaren aurretik, Assangeri hamazazpi delitu egozten zizkion AEBetako Gobernuak, eta 170 urterainoko kartzela zigor bati egin aurre egin beharko zion epaitzen bazuten. Azkenean bost izan dira.
ASSANGE AUZIA
- 2006. Wikileaks sortu zuen Julian Assangek, beste zenbait kiderekin. Abenduan argitaratu zuten lehen dokumentu sekretua.
- 2010. Chelsea Manning AEBetako soldaduak emandako dokumentuak argitaratu zituen Wikileaksek, Irakeko eta Afganistango gerrei buruzkoak. AEBetan ikerketa bat abiatu zuten Assangeren aurka, hura espioitzagatik atxilotzeko. Suediako Fiskaltzak atxilotzeko agindua eman zuen, sexu jazarpena egotzita.
- 2012. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Assange Suediara estraditatzeko baimena eman zuen, han galdekatu zezaten. Asiloa eskatu zuen Ekuadorrek Londresen zuen enbaxadan.
- 2015. Suediako Fiskaltzak bertan behera utzi zituen Assangeren aurkako bi kargu, preskribatu egin zutelako.
- 2016. Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioen Lantaldeak ebatzi zuen Assange atxiloketa arbitrarioa ari zela nozitzen.
- 2018. Suediako prozesua bukatuta ere, Erresuma Batuko auzitegi batek haren kontrako atxilotze aginduari eutsi zion.
- 2019. Ekuadorrek babes diplomatikoa kendu zion, «jarrera oldarkorra» argudiatuta. Erresuma Batuko Poliziak Ekuadorren Londresko enbaxadan sartu ziren, eta atxilo hartu zuten, AEBetako Justizia Departamentuaren estradizio agindu bati jarraiki.
- 2021. Erresuma Batuko auzitegi batek ebatzi zuen ezin zuela AEBetara estraditatua izan, gertatuz gero «handia» baitzen bere buruaz beste egiteko arriskua. AEBek helegitea jarri zioten erabakiari, eta Londresko Helegite Auzitegiak kontrakoa ebatzi zuen: hau da, estraditatua izanez gero, epaiketa justu bat edukiko lukeela.
- 2022. Assange estraditatzea onartu zuen Erresuma Batuko Gobernuak. Wikileaksen sortzailearen defentsak helegitea jarri zuen Erresuma Batuko Auzitegi Nagusian.
- 2024. Erresuma Batuan beste helegite bat jartzeko aukera eman zion Auzitegi Nagusiak Assangeri, argudiatuta AEBek ez dutela nahikoa berme ematen ziurtatzeko epaiketa justu bat edukiko lukeela hara estraditatua izanez gero.
Erresuma Batuko Poliziak 2019ko apirilean atxilotu zuen, Ekuadorrek 2012an eman zion asilo politikoa kendu baitzion. Herrialde horren Londresko enbaxadan bizi izan zen zazpi urtez, eta han izan izan zituen bere egungo bikotekidearekin dituen bi haurrak.
Belmarsh espetxean egin dituen bost urteetan, berriz, AEBetara estraditatzearen aurka jardun da borrokan. Orain, Assangek jarritako errekurtso baten zain zegoen kasua; izan ere, Erresuma Batuko Auzitegi Goreneko epaileen iritziz, Assangek ez zuen epaiketa justu bat izateko nahikoa berme AEBetan.
Manningi, Assangen konplizeari, 35 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 2017. urtean Barack Obama AEBetako presidente zenak zigorra moldatu zuen, eta aske geratu zen kartzelan zazpi urte inguru pasatu ostean.