Itxurazko edo ametsezko Europa desiratura heltzeko ezinbesteko geldialdia da Lesbos uhartea (Grezia) Ekialde Hurbileko eta Saharaz hegoaldeko Afrikako gerretatik ihesi doazen ehunka mila iheslarirentzat. Egeo itsasoko ipar-ekialdean dago Lesbos, Turkiatik zazpi kilometro eskasera, eta gertutasun horregatik bihurtu da kontinente zaharreko ate nagusietako bat. Alta, iheslari gehienek bidea giltzarrapoarekin itxita topatzen dute usu, heriozko bidaia amaigabe bat egin ondotik; eta, beste askori, zorigaiztoa itsas zabalean heltzen zaie, uretan itotzeraino. Itsas hondoa hilerri bihurtu da. Eta, hori guztia, aintzat hartuta Greziako eta Turkiako estatuek migratzailez lepo beteta doazen txalupen aurka erabiltzen duten indarkeria ohiko bilakatu dela , EB Europako Batasunaren aterkipean.
Milaka iheslariren asilo eskaerak ez atzera ez aurrera dauden bitartean, kale itsu batean zokoratuta daude iheslariak. 2020ko uda amaiera arte, karrika hori Moriako eremua zen —Europako kanpalekurik handienetako bat—, 2013an eraikia, eta, une batez, 23.000 iheslari inguru ere hartu zituen, 3.000 lagunentzat prestatutako lekuan. «Irlako hiririk jendetsuenetan bigarrena zen», oroitu du Zaporeak GKE gobernuz kanpoko erakundeak Lesbosen duen koordinatzaileak, Yakub Shabanik. Turkmenistandarra da jaiotzez, eta 2019ko ekainean heldu zen Lesbosera, familiarekin batera. Iritsi bezain laster batu zen GKE horren proiektura, eta, garai hartan, mila errazio inguru eramaten zituzten Moriara, utzita zegoen base militar batera.
Ikusi gehiago:Krudelkeriaren aurka, elkartasunaren indarra
Harik eta 2020ko irailean, sugarrek kanpalekua hondamendi bilakatu zuten arte. Noraezean, soinean zeramatena besterik ez zeukatela geratu ziren 12.000 iheslari baino gehiago. Egun, sutearen arrastorik ez da gehiegi nozitzen; belaze idorrak gain hartu dio errautsari, eta kamioiak joan-etorrian dabiltza, eguzkipean. Hori bai: harresiak zutik dirau, txarrantxa herdoilduaz josita, eta, ahanzturan ez jauste aldera, (me)Moria dago idatzita errepide bazterrean, kolore beltzez. Greziako Gobernuak beste eremu batera lekualdatu zituen milaka lagun, hots, Kara Tepera, irlaren ekialdeko itsasertzera. Aldi baterako Harrera eta Identifikaziorako Zentroa —Moria 2.0 deitua— eraiki zuten gobernuak eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak; 5.000 pertsonarentzat prestatutako lekua da.
UNHCR-ren arabera, urtea hasi zenetik, 5.600 lagun inguru lehorreratu dira Lesbosen, Turkiatik itsasoz amesgaiztoz betetako zeharkaldi amaigabe bat egin eta gero. Afganistandik heldu dira iheslari gehienak, baina, azken hilabeteotan, Saharaz hegoaldeko Afrikatik gehiago heltzen ari dira uhartera: besteak beste, Eritreatik, Etiopiatik edota Somaliatik. Eta duela bizpahiru hilabetera arte, siriar eta kurdu ugari iritsi ziren, otsailean izandako lurrikararen ondorioz. Mitileneko alkate Stratis Kytelisen arabera, 3.000tik gora daude egun Kara Tepen; horietatik mila inguru, 16 urtetik beherakoak dira.
Emakumeak, gehien zigortuak
Hiriburutik bi kilometro pasatxora dagoen eremua bi bloke nagusitan dago banatua: alde batean, bikoterik ez duten gizonezkoak; eta beste aldean, emakumeak eta familiak beren seme-alabekin. Shabaniren esanetan, Kara Tepekoa Moriakoa baino «arrisku txikiagoko» eremua da, baina bai «zapaltzaileagoa». «Kartzela batean bizi dira iheslariak; pentsa, duela gutxi arte, astean behin bakarrik atera zitezkeen, eta familia bakoitzeko, senide bakarra». Halaber, emakume izate hutsagatik are «jazarpen handiagoa» pairatzen dutela salatu du: «Ama ezkongabeak, esaterako, ezin dira beren seme-alabekin atera». Iheslariaren etiketa gainean daramatenez, adingabeak ezin dira eskolatu. Funtsean, belaunaldi gazte askoren etorkizuna hutsala izatera kondenatuta dago. Horra migratzaileek bizi duten errealitate «gordin» eta «jasanezina».
Shabani sarri sartu da Kara Tepera, eta buruan ongi iltzatuta ditu hango irudiak: «Oso gogorra da, eta egoera krudel hori egunero ikusteak antsietatea eragiten dit, baita osasun mentaleko arazoak ere. Geure burua zaintzea dagokigu».
Ikusi gehiago:«Hil edo biziko uneak bizi nituen bidaian; inoiz halako beldurrik ez nuen sentitu»
Hori gutxi ez, eta Greziako Poliziak «tratu txarra» ematen diela salatu du Zaporeak-eko kideak: «Agenteek modu txarrean hitz egiten diete, gaizkile sentiarazten dituzte, egin duten gauza bakarra sorterritik ihes egitea denean, leku seguru bat bilatzeko». Ildo horretan, oroitarazi du tratu «iraingarri» horren isla dela gizartea ere: «2013an, tokiko hedabideek iheslari gisa aipatzen gintuzten; 2015ean, migratzaile gisa; 2017an, legez kanpoko migratzaile gisa; eta 2020an, Demokrazia Berria alderdi ultraeskuindarra boterera iritsi zenean, inbaditzaile gisa. Horrek guztiak eragin soziala du».
Lesbosko iheslarien historia gero eta etsigarriagoa da. Izan ere, Mitileneko alkateak aurreratu bezala, hiru urte dira Greziako Gobernua Vastrian kanpaleku berri bat eraikitzen hasi zela, hiriburutik 60 bat kilometrora, eremu bakarti batean. Esparru «hermetikoagoa» izango da. Lanak, ordea, behin-behinean eten zituzten, «ingurumenaren aurkakoa» zelako. «Txori espezie baten habitata arriskuan dago. Txantxa dirudi, baina egia da. Eraikitze lanak ez ziren gelditu han biziko den jendea zigortzeko arrazoiagatik, txori baten bizitza zaintzeagatik baizik. Hau da, animalia baten bizitzak milaka iheslarirenak baino pisu handiagoa du», deitoratu du Shabanik. Gobernuak urte amaierarako bukatu nahi ditu lanak.
Mitileneko alkateak, berriz, kezka adierazi du egungo migrazio egoera dela eta: «Kara Tepeko iheslarien esparruan 3.200 pertsona baino gehiago daude, eta kopuru horrek gure gaitasuna gainditzen du. Gainezka gaude». Bide horretan, Kytelisek EBri eskatu dio iheslarien «bidezko banaketa» egin dezala, Ankarari aipamena eginez: «Turkiak 2016ko akordioa bete behar du; horren arabera, Greziako uharteetara modu irregularrean iristen den pertsona oro Turkiara itzuli behar da».
Pribatutasunik ez
Lesbosen dauden hogei bat GKEk ez dute begi onez hartu urte amaierarako proiektua. Zaporeak-ek salatu duenez, oraingo kanpalekuan baino egoera «okerragoan» egongo dira iheslariak, eta sartu-irtenak «gehiago mugatuko» dituzte. Hain zuzen ere, neurri «zorrotzagoak» ezarriko dituzte, batez ere barruko nahiz kanpoko mugikortasunari dagokionez, Shabiniren hitzetan. «Horregatik, ez dituzte hainbeste agente beharko. Kamerez josiko dituzte txabolak eta kontainerrak. Pribatutasunik ez da egongo, eta hori oso larria da». Horrez gain, ez du uste Kara Tepekoa itxiko dutenik. «Azken batean, gobernuko langileak aritzen dira han; polizia asko daude, eta zure laguna ez duzu kale gorrira botako».
Ikusi gehiago:Emakumeen eta haurren babesleku
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak eta Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak abuztu amaieran Lesbosera eginiko bidaia baliatu zuten berresteko Vastriako kanpalekua eraikitzearen aurka daudela. «Guretzat, ez da aukerarik egokiena; are gutxiago, uharteko beste puntan kokatzen badute», salatu zuen Legarretak.
Antzera mintzatu zen UNHCRk Lesbosen duen ordezkari Danilo Valdiviezo ere: «Kanpalekua eraikitzeak azken aukera izan behar duela sinetsita gaude. Iheslariak komunitateetatik gertu egotearen alde egiten dugu». Mezu bera helarazi zien Greziako agintariei ere.
Lesbosko iheslariak. Kanpalekua
ESPETXE IZATERA KONDENATUTA
Europara heltzeko ate nagusietako bat da Greziako Lesbos uhartea Ekialde Hurbileko eta Afrikako gerretatik ihesi doazen milaka iheslarirentzat. Egun, 3.200 lagun daude Kara Tepeko kanpalekuan, «egoera krudelean». Gobernuak beste eremu «hermetikoago bat» zabaldu nahi du urte amaierarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu