Gazako egunerokoa (17)

«Esperantzarako motiborik ez inon»

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Leherketak Tal Al Hawa auzoan, Gazan, azaroaren 2an. MOHAMMED SABER / EFE
2023ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Azaroak 2, osteguna

Hogeita zazpigarren eguna. Adhamek bere seme Abed galdu du bart gaueko aire erasoan. Ondoz ondo lotan geunden Adham eta biok, eta, halako batean, hara non sekulako eztanda batek auzo guztia astindu. Koltxoian agondu, belaunak tolestu, eta besoez inguratu ditut hankak. Adhamek zigarreta bat piztu du, eta galdetu dit: «Non izan ote da hori?».

«Oso urruti ez», nik. «Hortxe, beharbada», erantsi dut, hegoaldera dagoen eraikin bat seinalatuz. Arrastorik ere ez, noski, baina hurbil izan dela iruditu zait. Halakoetan, iluntasuna etsai izaten da. Halako eraso bat izaten denean, gazteak berehala irteten dira kalera, zer gertatu den jakin nahian. Adhamek oraindik zigarretaren erdia ere erre ez, eta ahotsak entzun ditugu beheko kalean. Nire senide Arab, ahots sendo-sendokoa bera, esaten ari zen auzoaren hegoaldean izan dela erasoa. Adham eta biok leihora joan gara, behekoei galdetzera. Hautsez eta kez betea dago airea, eta ez da erraza arnasa hartzea.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Eraikinetik irten, eta jende gehiago dago kalean, denak sakelakoaren linterna piztuta, hauts artean zerbait ikusi ahal izateko; bijilia kandelen antzo. Inork ez daki non izan den erasoa. Denak galdezka: «Zuen etxetik gertu izan al da?». Inork ez du, antza, halakorik uste. Hauts eta ke gehien dagoen lekurantz jo dugu, nondik datorren jakiteko. Arab-ek arrazoi: hegoalderago izan da. Zentzumenen bidez ibili gara kearen iturburuaren bila.

Kontuz ibili behar izan dugu auzoko pasalekurik estuenetan sartu ahala. Gero eta gertuago anbulantzien hotsa. Orain arte, laguntzeko ahaleginean ibilia da Adham, besteak bezala. Baina guk baino hobeto ezagutzen ditu korridore hauek, eta susmoa piztu zaio autoz iritsi ezin den auzo eremuko etxeei eraso dietela. Korridore batzuk doi-doi dira metro bat zabal.

Azken bi asteetan, Adham gelakide izan dut gauez. Lehen gerra astean etxearen parte bat suntsitu zioten, eta orduan alde egin zuen handik. Haren emaztea senide batzuen etxera joan zen umeetako batzuekin, eta gainerako seme-alabak osabaren eta amonaren etxera joan ziren. Haren semerik zaharrena, Abed, israeldarrek duela bi egun Jabalian egindako sarraskiaren lekuko izan zen. Saiatu nintzen kazetari batzuekin hitz egin zezan, bera izan zenez gero bizirik irten ziren gutxietako bat. Gau batean idatzi zidan, bere aitaren sakelakotik, baina esan zidan ezin zuela hitz egin. Adhamek kontatu zidan Abed hitzik ere esan ezinik geratu zela erasoa gertatu eta hurrengo sei orduetan. Traumak jota zeharo.

Bart gaueko aire erasoak Adhamen familiaren etxea jo du. Abed hila da orain. Haren amona ere, hila. Izeba ere, hila. Adhamek istant batean galdu ditu hiru senide. Denok piztuta utzi ditugu sakelakoen linternak, erreskate taldeek hobeto ikus dezaten. Hamar urte inguruko mutiko bat dago han, begiak erdi lo oraindik, eta eskutik heldu nahi izan diot, anbulantziara eramateko. «Ez, utzi», esan dit, neke ahots zoli batez. «Amaren zain geratuko naiz». «Zure ama ondo dago», esan diot nik. «Ez dago ondo», hark protesta. «Non dago?». Handik gutxira, emakume bat atera dute ohatila batean. Umea harengana eraman dugu, ikusi eta identifikatu dezan. Ez da bera. Handik hamabost minutura atera dute haren ama hondakinen azpitik, bizirik; orduan bai, azkenean onartu du umeak anbulantziara igotzea, eta ondoan eseri zaio amari.

«Bart gaueko erasoak Adhamen familiaren etxea jo du. Abed hila da orain. Haren amona ere, hila. Izeba ere, hila. Adhamek istant batean galdu ditu hiru senide»

Ordu eta erdi lehenago, gure kalearen ekialde-ekialdeko beste eraikin bat suntsitu dute beste eraso batean, bost solairukoa: Annbar eraikina. Huraxe zen bezperako izugarrikerietatik salbatua zen bakarra. Ondoko eraikina ere kaltetua dago. Bi eraikinetan 150 bat familia bizi ziren guztira. Kalteei minez begira, hondakinen azpian ezkutatutako bizi horiek guztiak buruan, oroitzapen bitxi bat piztu zait. Annbar eraikinaren beheko solairuan bizartegi ospetsu bat zegoen, Adhamen anaiarena: Xarawi bizartegia. Duela 23 urte, ezkondu nintzenean, hantxe moztu nuen ilea.

Hauek izan dira jende gehien hil den egunetako bi. Atzo, ilundu baino ordubete lehenago, esparruko Falluja eremuan bizi diren lagun batzuei deitzen saiatu nintzen; azkenean, Facebooketik lortu nuen haietako batzuekin harremanetan jartzea. Autoa hartu eta hara joatea erabaki nuen, ikusteko noren etxeei eraso zieten. Jabaliako sarraski basatiaren ondoren oraindik geure onera etortzen ari ginela, israeldarrek erasoa jo zuten esparruaren mendebaldean, Fallujan, eta, hemezortzi eraikin suntsitzeaz gainera, ehun bat pertsona hil zituzten. Oraindik inork ez daki zenbat jende hil den guztira; izan ere, poliki ari dira erreskate lanetan, hain dira-eta handiak hondakin metak.

Marwanek —zeinak, hamar urtez saiatzen ibili ondoren, oraintxe eduki berri baitu ume bat— aita, arrebak eta arreben familia galdu ditu aire eraso baten ondorioz. Hortxe ikusi dut, hormigoi meta baten gainean eserita. Aurpegia eta arropak krakaz estalita. Hartxintxar ildoak dirudite haren malkoek. Negarra dario. Zorionez, haren emazteak senide batzuengana eramana zuen umea. Hondakin meta alimalekoen aldera seinalatu, eta esan dit, negar batean, laurogei senide dauzkala hor azpian. Haren aita eraikinera iritsi berri zela gertatu omen da erasoa. Barrura sartu ere baino lehen hil omen da. Inguruak infernua dirudi. Marwani lagunduko dion hitzik ez da. Jendea dago han-hemen hondakinetan, negarrez. Eguzkia sartuz doala, Farajen etxera joan naiz; hantxe egingo dut eguneko otordu bakarra, Faraj eta Adhamen ondoan eserita, isilik.

«Egunetik egunera tristeago dago hiria. Esperantzarako motiborik ez inon. Nekeak eta sufrimenduak hartuta gaude denok»

Atzo, ogi bila ibili bai, baina etsi egin behar izan nuen azkenean. Lagun batzuei deitu nien, ea bazuten paketeren bat sobran, edo ea bazekiten non eskuratu nezakeen ogirik. Lagun batek esan zidan baietz, inguratuko zuela bat niretzat eta beste bat Bilalentzat. Prentsaren eraikinean egon nintzen haren zain, orduak eta orduak, baina, azkenean, etsi: ez zien erantzuten nire deiei. Ekilore hazi batzuk eta intxaur batzuk erosi nituen horren ordez, eta neure buruari esan hori izango nuela eguneko otordua. Mohammed, Yasser eta hirurok haziak eta intxaurrak jaten ari ginela, orduan deitu zidan Bilalek, eta esan hantxe zegoela ogia azkenean. Zuzen-zuzenean joan ginen Bilalen bulegora, altxor preziatuaren bila.

Gaur goizean, jakin dut Eixaren senar Maherren arreba, haren senarra eta hiru seme-alabak hil direla haien eraikinaren kontrako eraso batean, Zaid-eko biribilgunetik gertu. UNRWAren eskola bateko irakaslea zen Maherren arreba. Eixa eta Maher ikustera joan naiz, baina Maher ez zegoen: hilerrira joana zen, aitarekin eta anaiarekin batera, bere senide hurkoei lur emateko.

Egunetik egunera tristeago dago hiria. Esperantzarako motiborik ez inon. Nekeak eta sufrimenduak hartuta gaude denok.

Hurrengo atala: «Matematika ikasi beharrean, heriotza ikasi»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.