Espainian bizitzeko baimena ukatu diote Aminatu Haidar ekintzaile sahararrari

Erabakia «politikoa» dela salatu dute haren abokatuek, eta ohartarazi horrek zaildu egingo duela ekintzaileak beharrezkoa duen osasun arta jasotzea.

AMINATOU HAIDAR
Aminatu Haidar ekintzaile sahararra, artxiboko argazki batean. MARIA TEJERO MARTIN / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko abenduaren 19a
09:15
Entzun

Joan den azarotik, egoera irregularrean dago Aminatu Haidar ekintzailea Espainian. El País egunkariak zabaldu duenez, ekintzaile sahararrari ukatu egin diote Espainian bizitzeko baimena. Haidarrek 2007an lortu zuen egoiliar baimena, eta noizean behin berritzen zuen, inolako arazorik gabe. 2020an, ordea, arazoak izaten hasi zen. «Pandemia baino apur bat lehenago izan zen. Ukatu egin zioten baimena berritzeko eskaera, argudiatuta denbora gehiegi eman zuela herrialdetik kanpo», azaldu dio egunkariari Haidarren abokatu Fatima M. Fadelek. Abokatuak berak onartu du egoiliar baimena jasotzeko baldintzetako bat dela herrialdean denbora jakin bat igarotzea, eta Haidarrek ez du bete baldintza hori orain arte, «baina ez du sekula arazorik izan». Erabakiari helegitea jarri zioten, eta hala berreskuratu zuen baimena.

Iazko otsailean, berriz eskatu zuen baimena berritzeko. Hilabete lehenago iraungi zitzaion baimena, baina 90 eguneko epea dago berritzeko, abokatuaren esanetan. Maiatzera bitartean ez zuen erantzunik jaso, eta txostena Madrilera eramateko eskatu zuen, han osasun arta jaso behar baitzuen —bi ebakuntza egin behar izan zizkioten iaz—. Txostena tokiz aldatzeko eskaria berehala onartu zioten, baina aurtengo maiatzean espero gabeko erantzuna jaso zuten: Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkaritzak ukatu egin zion egoiliar baimena, «epez kanpo» eskatu izanagatik, argudiatuta eskaria maiatzean egin zuela, txostena Madrilera eramateko galdegin zuenean, hau da, 90 egunak igarota. Haidarren abokatuek helegitea aurkeztu zuten, baina azaroan jakin dute atzera bota dietela. Beraz, ekintzailea oraindik ere Espainian dago, baina baimenik gabe.

«Poliziak kalean atxilotu eta Espainiatik kanporatu nahiko balu, egin ahalko luke», azaldu du Fadelek, eta salatu du erabakia «politikoa» dela. Haidarrek, bestalde, osasun arazo larriak ditu, eta baimena ukatu izanak kolokan jartzen du beharrezko osasun arta jasotzea —ebakuntza bat egiteko zain zegoen—. «Saharan ez dago baliabiderik behar duen tratamendua jasotzeko, eta, gainera, Marokoren menpe geratuko litzateke», ohartarazi du Fadelek.

Haidarrek berak asteburuan eman zuen Espainiako Gobernuaren erantzunaren berri, Saharari buruzko Nazioarteko Zinema Jaialdian: «Egoiliar baimena nuen, arrazoi humanitarioak direla medio, eta, hemezortzi hilabetez hura berritu zain egon ondoren, Espainiako Gobernuaren ezezkoak ezustean harrapatu gaitu niri eta nire abokatuari». Haren abokatuek iragarri dute helegitea jarriko dutela epaitegietan.

Atxiloaldiak eta erbestea

Haidarrek berak esana da Marokok eragindako torturen eta tratu txarren ondorio direla bere osasun arazoak. Ekintzaileak bi aldi luze egin zituen espetxean 1987 eta 1991 bitartean eta 2005 eta 2006 artean. Azken aldi horretan Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) atxilotu zuten, Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zela —erietxean artatu behar izan zuten Poliziak emandako kolpeen ondorioz—. «Legez kanpoko elkarte bateko kide» izatea eta «portesta bortitzak bultzatu eta horietan parte hartzea» egotzi zioten, eta Aaiungo Espetxe Beltzera bidali zuten. Zigor osoa bete behar izan zuen, nahiz eta Amnesty Internationalek salatu haren aurkako epaiketa ez zela «bidezkoa» izan.

2009an atxilotu zuten hurrena, Lanzarotera (Espainia) egindako bidaia batetik itzultzen ari zela —sari bat jasotzera joana zen—. Aaiungo aireportuan geldiarazi zuten, pasaportea kendu zioten eta Espainiara itzularazi zuten. Rabatek argudiatu zuen Haidarrek uko egin ziola bere burua marokoar gisa aurkeztea, eta hori «traizioa» zela, eta ezingo zuela itzuli barkamena eskatzen ez zuen bitartean. Harekin zihoazen bi kazetari ere hainbat orduz eduki zituzten atxikita. Ekintzaileak gose greba abiatu zuen Lanzaroteko aireportuan bertan, eta Espainiako Gobernuari egotzi zion Mendebaldeko Saharara pasaporterik gabe itzultzen utzi ez izana —lurraldea Espainiaren kolonia izan zen hainbat urtez—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.