Ibilbide luzea egina du politikan Ernest Maragallek (Bartzelona, 1943). PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren sorreran parte hartu zuen 1970eko hamarkadan, bertzeak bertze, Pasqual Maragall anaiarekin batera —Kataluniako presidente ohia eta PSCko buruzagi ohia—. 2007-2010 artean Kataluniako Gobernuko kide ere izan zen Ernest Maragall, Hezkuntza kontseilari gisa. Bere betiko alderdiaren norabide politikoarekin etsituta, PSC utzi eta Nova Esquerra Catalana (NECat) alderdia sortzea erabaki zuen, Kataluniako ildo subiranistarekin lerratuz. Errenterian (Gipuzkoa) izan zen atzo, Batera Bai taldeak Bizikidetza demokratikoaren alde, erabakitzeko eskubidea gogoetagai goiburupean antolatutako jardunaldietan.
PSCko sortzaileetako bat izanda, nolatan erabaki zenuen alderdia utzi eta indar subiranista bat eratzea?
Ikusi genuen proiektu politiko hura ez zela bateragarria espresio politiko propio bat behar zuen errealitate sozial batekin, eta, aldi berean, ez genuen alde batera utzi nahi sozialismo demokratikoaren ikur izan den balore bakar bat ere. Ez da inoren aurka egon beharrik, ezta bertze sozialismo eredu baten aurka ere, soilik bertze indar batzuen ondoan garatu nahi genuen geurea ere baden errealitatea.
Zein toki betetzen du Nova Esquerrak?
Nova Esquerra ulertu behar dugu ahalegin xume eta hastapeneko bat bezala indar progresista eta katalanistak biltzeko. Eragile edo bultzatzaile bat izan nahi du, eta ez sigla batzuen ordezkaritza bat. Hau da, Nova Esquerra Catalanaren patu egokiena desagertzea litzateke ahal den agudoen, bilgune horrek forma eta tamaina hartu ahala. Uste duguna da Kataluniak beharrezkoa duela ezkerreko alternatiba handi bat edukitzea, ezinbertzean sozialismo demokratikoaren osagai bat eduki beharra duena; baina eduki beharra du baita ere gaur egun Esquerra Republicana de Catalunyak ordezkatzen duena, espazio horren barrenean indar nagusia baita, baina baita Iniciativa per Catalunya edo CUP ere.
Abian den prozesu subiranistaren egutegian, printzipioz Europakoak dira hauteskunde bakarrak.
Orain arte mapa politikoa ia monopolizatu egin duten bi alderdiak, CiU eta PSC, bakoitza bere esparruan gaindituta izatear daude. Horregatik, hor ikusten dugu eremu bat arestian erran dudan indar progresista handi horren alde egiteko. Katalunian estatu propio bat eratzeko bidean gaudenez gero, ezin dugu ulertu estatu propio bat eratzea ezkerreko alternatiba handi bat gabe, baina ezin dugu ulertu ezta ere ez bagaren gai sortzeko batasun katalanistaren espazio bat. Uste dugu Europako hauteskundeak jokaleku bat direla batasun katalanista hori adierazteko.
CiUtik CUPera arte hartuko luke batasun katalanista horrek? Zaila dirudi.
Bai, zaila da, sistema demokratikoaren logikan ikusteko zaila den eskuzabaltasun bat eskatzen duelako, hauteskundeak proiektuak lehiatzeko daudelako, hori argi dago. Orain Europako hauteskundeetara joateko, uste dugu hori ez dela bateraezina puntu komun batzuk edukiko lituzkeen hautagaitza batekin joateko: nola nahi dugun Katalunia Europan ikustea, zer eskaini diezaiokegun Europari, eta zein eredu nahi dugun Europarako. Hortik aitzinera, bakoitzak berea defenda dezake. Uste dut hori dela orain Kataluniak bere buruari eta Europari eskain diezaiokeen balio erantsia.
PSOEk konferentzia egin berri du, eta PSC pozik atera da, bere eredu federalista onartu dela baitio.
Espainiako sozialismoak azpiratuta eta bereganatuta ikusten dut PSC. Federalismoari leiho txiki hori irekitzen diote, baina epe ertainerako edo luzerako borondatearen espresio soil gisa. Eta, beraz, Kataluniak gaur egun adierazten duen anbizioari erantzuteko ez du gaitasun politikorik. PSCk uko egin dio berezko irtenbidea duen katalanismoaren ordezkari aktibo izateari, independentziarako ereduaren alternatiba izateari.
Eta nola baloratzen dituzu PSOEko guardia zaharrak PSCtik bereiztearen alde egindako adierazpenak?
Hartu duen bidea gutxiegi iruditzen bazaie... Ildo ofizialaren arabera Espainiako eta Kataluniako sozialismoen elkargune hori hor dago, etorkizunean eginen litzatekeen konstituzioaren erreforma, baina hain konbentzimendu gutxirekin defendatzen dute... Baina arazoa ez dira lider zaharrak, horiena imajinatzekoa da. Susana Diaz [Andaluziako presidentea] ez da guardia zaharrekoa, kontrakoa baizik, eta erabateko homogeneizazioa eta Espainiako batasuna defendatzeko erabiltzen duen tonua, legitimoa bai, baina ez da bateragarria Kataluniak erabateko autogobernua eskuratzeko duen asmoarekin.
Hezkuntza kontseilaria izan zinen estatutuaren erreferendumaren ondorengo legegintzaldian. Ze eztabaida eduki zenituzten PSCn?
Mugarria lehenago koka dezakegu, Kataluniako Parlamentuak hasierako testua onartu zuenean, 2005eko irailaren 13an. Une horretan PSC, parlamentuko lehen indar gisaa, eta, hortaz, ekinbidearen titular gisa testu hori azkeneraino defendatzen saiatu beharrean, berehalakoan hasi zen Espainiako botereen aitzinean testua nola degradatu eta mugatu erabakitzeko gogoeta taktikoan. Orduz geroztik, PSCk norabide horri jarraitu dio, Kataluniako mugak uzteraino.
Prozesu subiranistari dagokionez, zer-nolako egutegia espero duzu?
Une erabakigarrian sartu gara, baina salbuespenezko baldintza batzuekin. Azken hiru urte hauen ondoren karta guztiak mahai gainean daude. Estatua oldarkortasun aktibo eta ikusgarri batekin hasi da jokatzen, eta Kataluniako gizartea begira ari da ea nola antola dezakeen full de ruta [bide orria]. Prozesu hori hagitz exijentea izanen da, eta hurrengo hamabi edo hemezortzi hilabeteetan hartu beharko ditugu erabakiak. Moduak baldintzatuko gaitu bukaerara arte. Herrialdearentzat proiektu zehatz bat defendatzen duen bloke soziala zabaltzeko beharra daukagu, eta, aldi berean, gure burua entzunarazi eta ulertaraztekoa, bertze instantzia batzuetatik laguntza lortzeko. Izan ere, estatuak ez badu ulertzen hemen gehiengo bat dagoela bertze era batera bizi nahi duena, nazioarteko onarpena lortu beharko dugu.
Ernest Maragall. Nova Esquerrako sortzailea
«Espainiako sozialismoak azpiratuta eta bereganatuta ikusten dut PSC»
Maragallek bere burua ez du independentistatzat, ez behintzat «hitzaren kontzeptu tradizionalean». Estatuaren aldetik, ordea, ez du Kataluniarentzako «eskaintza hobe bat» ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu