Indarrean sartu eta hiru hilabetera, Espainiako Kongresuak onartu zuen amnistia legea Auzitegi Konstituzionalera iritsi da. Epaitegiak gaur jakinarazi du aho batez onartu duela tramiterako Auzitegi Gorenak lege horren aurka jarri zuen inkonstituzionaltasun helegitea, eta, hortaz, epaileek testu horren edukia aztertuko dute.
Gorenaren ustez, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da legea, eta, horregatik, Konstituzionalera jotzea erabaki zuen, amnistiak barne hartzen dituen desordena publikoko kasuak direla eta. Joan den uztailean jarri zuen helegitea auzitegiak, magistratuek iritzi baitiote «zalantzarik gabe» legea ez datorrela bat konstituzioan ezarritako zenbait eskubiderekin; besteak beste, herritar orok legearen aurrean berdina izateko eta, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubideekin. Konstituzionalak urte erdi eta urtebete artean beharko du errekurtsoaz erabaki eta ebazpen bat emateko, Efe albiste agentziak iturri juridikoak aipatuta argitaratu duenez.
Helegite horretaz ez ezik, Konstituzionala beste batzuez ere aritu beharko da; kasurako, hilaren 24an, PP Alderdi Popularrak aurkezturiko inkonstituzionaltasun errekurtsoaz. Gainera, Espainiako hamabost autonomia erkidegotako gobernuek ere aurkeztu dituzte bereak: besteak beste, Andaluziakoak, Balearretakoak, Errioxakoak, Gaztela-Mantxakoak, Gaztela eta Leongoak, Kantabriakoak eta Madrilgoak. Amnistia legearen aurka egin duten erkidego guztietako gobernuetan PP edo bestelako eskuineko alderdi politikoak daude, Gaztela-Mantxan izan ezik; han, PSCM Gaztela-Mantxako Alderdi Sozialistak gobernatzen du.
Espainiako hedabideek iturri juridikoak aipatuta kaleratu dutenaren arabera, Konstituzionalak Gorenaren helegitearen inguruan erabakitakoa izango du oinarritzat besteak ebazterako orduan.
Epaile bat, deliberazioetatik kanpo
Konstituzionalak, gainera, onartu egin du Juan Carlos Campo epailea deliberazioetatik kanpo uztea, hark eskatu modura; eta, beraz, ontzat jo du Gorenaren helegiteari buruzko bozketan abstenitu izana.
Espainiako Justizia ministro ohia (2020-2021) da Campo, eta kargu horretan zegoenean adierazi zuen amnistia legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izango litzatekeela; hortaz, iaztik Konstituzionaleko magistratu denak kasu horretan ez parte hartzeko eskatu du, adierazpen horregatik.
Aldiz, antzeko egoeran den beste epaile batek, Jose Maria Maciasek, ez du Espainiako Justizia ministro ohiaren jarrera berbera izan, eta, nahiz eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratu zenean amnistia legearen kontra aritu zen, ez du bere burua baztertu.