Espainiako Auzitegi Goreneko zigor aretoak aho batez erabaki du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia (2016-2017) eta Ruben Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua «terrorismoagatik» ikertzea, Tsunami Demokratikoaren aferan. Magistratuek uste dute Puigdemont eta Wagensberg galdezkatu eta inputatu behar direla, eta horregatik abiatu dute haien kontrako auzi kriminal bat.
Gorenak defendatzen du Bartzelonako Prat aireportuan 2019ko urriaren 14an izandako manifestazioetan honako delitu hauek egin zituztela: legez kanpoko gelditzeak, autoritatearen kontrako erasoa eta hegazkin txartelen faltsutze «masiboak», baita «ondasun kalte larriak» ere Bartzelonako kaleetan. Eta, horrez gain, «terrorismoa», uste baitu «deskribaturiko ekintzek» delitu horrekin bat egiten dutela.
«Kaleko terrorismo delitua» izan zela egiaztatzeko, zigor aretoko epaileek azaldu dute ezinbestekoa dela ekintzek helburu batzuk betetzea; tartean, «ordena konstituzionala azpikoz goratzea», bake publikoa «larriki haustea», nazioarteko erakunde baten funtzionamendua «larriki desegonkortzea» edo biztanlerian edo biztanleriaren parte batean beldurra eragitea. «Gure ustez, TD [Tsunami Demokratikoa] mugimenduko kideek askatasunaren eta osotasun fisikoaren kontrako delitu larriak egin dituzte, baita atentatuena, dokumentazioa faltsutzearena eta ondasunen kontrakoa ere», argudiatu dute magistratuek.
Hori guztia aintzat harturik, Goreneko zigor aretoko epaileei «beharrezkoa eta egokia» iruditzen zaie Puigdemonten eta Wagensbergen kontrako auzi penal bat irekitzea, «ikertu gisa entzunak izan daitezen, eskubide eta berme guztiekin». Hala, erabaki horrekin, magistratuek bat egin dute Manuel Garcia-Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen iritziarekin; lau urte dira Garcia-Castellon Tsunami Demokratikoaren 2019ko udazkeneko manifestazioetan «terrorismo» deliturik izan al zen ikertzen ari dela, eta uste du Puigdemontek harremana zuela talde horrekin.
Goreneko fiskalen batzarrak, gainera, ikerketa irekitzeko eskari bera egin zuen joan den otsailaren 6an —ez zen aho batezko eskaria izan—, baina, gerora, Maria Angeles Sanchez Conde auzitegi horretako fiskalburuordeak fiskaltzaren behin betiko jarrera finkatu zuen, eta esan zuen ez dagoela inolako zantzurik Kataluniako Generalitateko presidente ohia Tsunami auziagatik ikertzeko.
Eta, halere, azkenean, Gorenak ez dio jaramonik egin Conderi, eta auzi penal bat abiatu du. Gainera, adierazi dute Garcia-Castellonek ez zuela bere ikerketarekin jarraitzeko tarterik, Kataluniako Generalitateko presidente ohia foruduna delako, eta, hortaz, uste dute Gorenari dagokiola zeregin hori —ustezko «terrorismo» delitua ikertzen ari direlako—.
«Noiz-eta opari gisa 7.000 euroko Rolex bat onartu izana leporatu didaten egun berean, terrorista izateagatik inputatu naute».
Carles PuigdemontKataluniako Generalitateko presidente ohia
Tsunami Demokratikoarekin lotuta Puigdemontek ustez izan duen parte hartzeaz, magistratuek argudiatu dute «hasieratik» izan zuela «talde antolatu horren eratzearen berri», eta «zuzenean inplikatu» zela «Tsunamiren kanpaina hasieran». Are, epaileek argudiatzen dute Kataluniako gobernuburu izandakoak liskarrak «eragotzi ahal izan» zituela, bere «babes karismatikoa» kenduta: «Hori egin ez, eta ekintza biolentoekin jarraitzeko animatu zituen».
Horrek frogatzen du, haien arabera, Kataluniako Generalitateko presidente ohiak lotura zuzena izan zuela 2019ko udazkeneko manifestazioekin. Auzi horrengatik beste hamar lagun ere ikertzen ari dira, baina, forudunak ez direnez, Goreneko epaileek erabaki dute kasu horiek Auzitegi Nazionalean jarraituko dutela.
Puigdemontek berehala erreakzionatu du, eta X sare sozialean zera idatzi du: «Noiz-eta opari gisa 7.000 euroko Rolex bat onartu izana leporatu didaten egun berean, terrorista izateagatik inputatu naute. Panaman nire izena daraman kontu ezkutu bat agertzea, besterik ez dut behar honetara ezkero, nik uste. Espainiako Matrix judizialak egokitu egin du kazetaritza txarraren maxima: ez utzi errealitateari inputazio on bat zapuzten».
Amnistia legearen negoziazioak
PSOE eta JxC Junts Per Catalunya amnistia lege proposamenari buruzko negoziazioetan murgilduta daude, eta Gorenak testuinguru horretan hartu du Puigdemonten kontrako ikerketa abiatzeko erabakia.
Bada arrisku bat Tsunami Demokratikoarekin zerikusia duen auzia amnistia horretatik kanpo geratzeko, lege proposamenean ez baitute «terrorismo delitua» jasotzen «giza eskubideen urraketak» izan direnean; oraingoz, behintzat, bi alderdiak afera horretaz ari baitira eztabaidatzen.
Tramitazioari dagokionez, geroz eta denbora gutxiago dute indar politiko horiek, Espainiako Kongresuko Justizia batzordeak datorren ostegunera arteko epea baitu lege proposamen horri baiezkoa emateko —horren ondoren egingo lukete bozketa diputatuek—.