Urte eta erdian bigarrenez, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin ditu Kataluniako buruzagi independentisten indultuen aurka aurkezturiko helegiteak. Eta iazko urtarrileko argudio berbera erabili du horretarako: ez PP Alderdi Popularrak, ez Ciudadanosek, ez Voxek ez dutela erabaki horren kontra errekurtsorik aurkezteko zilegitasunik.
Goreneko administrazioarekiko auzien auzitegiak eman zuen deliberoaren berri, atzo. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohiaren (2015-2022), eta Jordi Sanchez ANC Kataluniako Biltzar Nagusiko presidente ohi (2015-2017) eta JxC Junts Per Catalunyako idazkari nagusi izandakoaren (2020-2022) kasuak aztertu ditu, eta oraingoan ere azaldu du forma arrazoiengatik baztertu dituela helegiteak.
Auzitegiak iritzia emana zuen 2022ko urtarrilean, baina urte hartako maiatzean epaile aldaketa batzuk izan ziren; horrek berekin ekarri zuen Gorenean irizpide aldaketa bat izatea eta, hortaz, indultuak berriz aztertu behar izatea —bost epailetik hiruk eman zuten horren aldeko botoa—. Cuixartenak eta Sanchezenak, ordea, ez dira kasu bakarrak, gehiagoren inguruko iritzia eman beharko baitu datozen asteetan.
Edonola ere, atzoko erabakiaren ondorioz, iazko kasuan bezala, auzitegiak ez du aztertu indultuak egokiak izan ote ziren: hau da, PSOEk eta Unidas Podemosek osatu zuten koalizio gobernuak (2019-2023) legezko baldintzak bete ote zituen 2021eko ekainaren 22an bederatzi buruzagi independentista katalanei indultua ematea erabaki zutenean. Eta, hain justu, Gorenaren atzoko erabakia amnistiari buruzko eztabaida bete-betean dagoen honetan heldu da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea inbestidurarako babesak negoziatzen ari da, eta, ezustekorik ezean, ezinbestekoa izango du ERC Esquerra Republicana eta JxC alderdi independentisten aldeko botoa eskuratzea. Kataluniako bi indar horiek iragarri dute inbestidurarako ezinbesteko baldintza izango dela amnistia lege bat onartzea.
Barne kontseilari ohia
Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilari ohiari (2018-2020) lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Bartzelonako Auzitegiak, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari bizkartzain bat jartzeagatik. Epaileen iritziz, Buchek modu irregularrean kontratatu zuen Puigdemontek erbestean izan duen bizkartzaina, postu bereizi bat sortu zuelako betekin horrekin, diru publikoarekin ordaindu zedin. Prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzi diote.
Kartzela zigorraz gain, auzitegiak bederatzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri dio Buchi kargu publikoetarako. Puigdemonten bizkartzain lanetan aritu den Mossos d'Esquadrako sarjentu Lluis Escola ere zigortu dute epaileek. Lau urteko espetxealdira kondenatu dute.
Epaiketan egin dituen adierazpenetan, Buchek ukatu egin du Escola Puigdemonten bizkartzain izateko kontratatu zuela. Haren esanetan, sarjentuaren ardura aholkulari lanetan aritzea zen. Azaldu duenez, kontratazio horrek ez zion gastu publiko gehigarririk eragin Generalitateari. Escolak ere ukatu egin du Puigdemonten bizkartzain izan dela, eta argudiatu du ezin izango lukeela lan hori bete, desgaitasun bat daukala eta. Era berean, presidente ohiak esan du Escola ez zela inoiz bere segurtasunaz arduratu erbestean. Epaileek, ordea, ontzat jo dute Pedro Ariche fiskalaren ikuspuntua.
Espainiako Gorenak berriz baztertu ditu indultuen kontrako helegiteak
Epaileek argudiatu dute PPk, Voxek eta Ciudadanosek ez dutela zilegitasunik indultuei errekurtsoa aurkezteko. Cuixarten eta Sanchezen kasuak aztertu dituzte; beste kasuez ere iritzia emango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu