Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurkako kritikak areagotzen ari dira, Melillan gertatutakoaren harira izan duen kudeaketagatik. Izan ere, iragan ostiralean 2.000 etorkin baino gehiago saiatu ziren Melillako harresia zeharkatzen, eta gertakari horren ardura mafiei leporatu zien Sanchezek. Gutxienez 37 lagun hil ziren ezbehar horretan, Caminando Fronteras GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera —23, Marokoko agintarien arabera—.
Sanchezek gertatutakoa mafiei leporatzeaz gain, Espainiako eta Marokoko segurtasun indarren lana goraipatu zuen. Era berean, gehitu zuen etorkinek izaera «oldarkorra» izan zutela. Joan den ostiraletik, Espainiako presidenteak ez du agerraldi publikorik egin, baina hildakoengatik «atsekabea» adierazi zuen, La Vanguardia egunkariak atzo argitaratu zuen elkarrizketa batean. «Deitoratzen dugu bizitzak galdu izana. Gure mugen aurka ekintza oldarkorrak egiten dituzten mafien eta delitugileen biktimak dira». Horrez gain, esan zuen gertaera horien biktimak etorkinak ez ezik Ceuta eta Melillako herritarrak, eta Espainiako eta Marokoko segurtasun indarrak ere badirela.
Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak agerraldi bat egin zuen atzo, eta presidenteak esandakoa berretsi zuen: «Erantzun irmoa eman behar zaio, pertsonak salerosten dituzten mafiei aurre egiteko». Horrez gain, esan zuen Marokoko segurtasun indarren elkarlana «eskertzekoa» dela, eta «muturreko» egoerei «baliabide globalekin» aurre egin behar zaiela. Aitzitik, ez zuen hitz egin Sanchezek iragan ostiralean egin zituen adierazpenen inguruan.
Sanchezi, kritikak
Nacho Alvarez Espainiako Eskubide Sozialeko Estatuko idazkariak Sanchez kritikatu zuen, esandakoagatik. «Ezin du saihestu ez betetzea nazioarteko zuzenbidea, asilo eskubidea eta giza eskubideak». Aldi berean, Alvarezek EB Europako Batasunari eskatu zion premiazko ikerketa bat egiteko: «Espainia hegoaldeko mugan gertatutakoa migrazio hondamendi eta humanitario bat da. Beharrezkoa da EBk ikerketa independente bat egitea».
Espainiako gainerako alderdi politiko nagusiek bat egin zuten gertatutakoa «argitzeko» ikerketa baten «beharraz». Podemosek Espainiako Gobernuari eskatu zion Marokoko segurtasun indarren jokaera «gaitzesteko», eta Melillako harresia igaro zuten orori osasun arreta emateko. Alderdi Popularrak kritikatu zuen gogorren Sanchez: exijitu zion Espainiako presidenteari esandakoak zuzentzeko, eta nabarmendu zuen egoera horretan heriotza bat bera ere ezin dela «axolagabea» izan. Horrez gain, PPk eskatu zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak «estatu kideen lurralde osotasuna» babesteko, eta, beraz, Ceuta eta Melilla eremu horren barne hartzeko. NATOk Madrilen duen goi-bileran eztabaidatzekoak dira gai hori, bi hiriak salbuetsita baitaude aliantzako lurralde defentsa kolektibotik.
Moussa Faki Mahamat AB Afrikako Batasuneko presidenteak herenegun salatu zuen Afrikako etorkinek«tratu biolentoa eta umiliagarria» jasan zutela Espainiako eta Marokoren arteko mugan. Gogorarazi zuen herrialde guztiek nazioarteko zuzenbidea bete behar dutela: «Duintasunezko tratua emanez, segurtasuna eta giza eskubideak lehenetsiz, eta indarkeriaren gehiegizko erabilerari uko eginez».
Melillako CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak protesta isil bat egin zuen atzo, gertatutakoa salatzeko. Espainiari eta Marokori leporatu zien gertatutako «sarraskia». Nazioarteko komunitatearen «isiltasuna» ere salatu zuen. Horrez gain, nazioarteko ikerketa bat egiteko eskatu zuen «etorkinen aurkako indarkeriaren erabilerari buruz».
Bertsio kontrajarriak
Melillako harresia zeharkatzeko ahalegina egin zutenetatik 133k lortu zuten harresia gainditzea.
Marokoko Fiskaltzaren aginduz, atzo 32 lagun atxilotu zituzten. Saharaz hegoaldeko pertsona horiei leporatu zieten giza trafikoa egitea, Marokoko Polizia bat bahitu izana eta Polizia iraintzea, besteak beste. Giza trafikoaren akusazioari dagokionez, atxilotuei egozten zaie «pertsonak Marokotik sartu eta irten daitezen antolatzea, eta horretarako erraztasunak ematea».