Espainiako Gobernuak Kataluniako finantzaketa berezia defendatu du berriro

Hitzartutako sistema defendatu du Monterok Senatuan, eta akordioa goitik behera beteko dutela azpimarratu. Sanchezek iragarri du finantzaketa sistema berri bat ezarriko dutela Espainiako autonomia erkidegoentzat.

Montero Espainiako Ogasun ministroa Senatuan, gaur. FERNANDO VILLAR / EFE
Montero Espainiako Ogasun ministroa Senatuan, gaur. FERNANDO VILLAR / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 4a
16:45
Entzun

«Kataluniak finantzaketa sistema ezberdina izan dezake, bateragarri egin behar ditugulako elkartzen gaituena eta lurralde bakoitza ezberdin egiten duena». Larunbatean, PSOEren ekitaldi batean, hala babestu zuen Kataluniako finantzaketa berezia Espainiako presidenteorde eta Ogasun ministro Maria Jesus Monterok. Hori defendatu du gaur ere ministroak; oraingoan, ordea, Espainiako Senatuan. PPk eskatuta egin du agerraldia Monterok, eta finantzaketa bereziaz aritu da. Esan du finantzaketa eredu horrek «federalismoan sakontzen» duela eta lurraldeen arteko elkartasun ekonomikoari «berdin» eusten diola. Gainera, nabarmendu du sistema berriak «koordinazioa eta gardentasuna» dituela oinarri.

PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eta ERC Esquerra Republicanak Salvador Illa Kataluniako presidente egitearen truke hitzartutako akordioaren parte da finantzaketa berezia. ERCk, hala ere, hura betetzeko konpromisoa eta denbora tarteak gogorarazi dizkio Espainiako Gobernuari. Are gehiago, ERCko senatari Sara Bailacek adierazi du akordioa betetzeko Kataluniako Zerga Agentziak bildu beharko duela 2025eko PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Hala ez balitz —edo adostutako beste punturen bat beteko ez balute–, «ondorioak» egongo dira, senatari subiranistaren hitzetan. Besteak beste, ERCren babesari esker heldu zen Pedro Sanchez Espainiako Gobernura iazko azaroan, eta Esquerrakoen aldeko botoak behar ditu Espainiako Kongresuan gehiengoa izateko.

ERCren kezkak uxatzeko, Monterok nabarmendu du ituna «goitik behera» beteko dutela. «Akordioak ez du kontzertu ekonomiko bat aurreikusten, autonomia erkidegoen finantzaketa ikusteko beste era bat baizik», esan du ministroak. Hitz horien bidez, azpimarratu nahi izan du ez dutela asmorik Hego Euskal Herrian den finantzaketa eredua Katalunian kopiatzeko.

Diru gehiago erkidegoentzat

Espainiako beste autonomia erkidegoek ere aldaketak izango dituzte finantzaketan. Izan ere, Espainiako presidenteak gaur jakinarazi duenez, finantzaketa autonomikorako sistema berri bat sustatuko du, «justuagoa». Xedea erkidegoen arteko ezberdintasunak txikitzea da, bakoitzak jasotzen dituen baliabideak areagotuz. Horren harira, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian esan du Lurraldeen Arteko Konpentsazio Funtsaren aurrekontua bi halakotzea aurreikusten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.