Espainiako Gobernuak hondamendi eremu izendatu ditu denboralearen eraginez kaltetutako eskualdeak

Larrialdiari erantzuteko eta kaltetutako eremuak berreraikitzeko hiru faseko plan bat aurkeztu du Sanchezek. 10.600 milioi euro jarriko dituzte zeregin horietarako.

Altzariak pilatuta Valentziako Catarroja herrian, gaur. CHEMA MOYA / EFE
Altzariak pilatuta Valentziako Catarroja herrian, gaur. CHEMA MOYA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 5a
14:28
Entzun

Denboralea izan zenetik astebetera, Espainiako Gobernuak hondamendi eremu izendatu ditu kaltetutako Valentziako (Herrialde Katalanak) eta Espainiako zenbait eskualde. Hala erabaki du gaur goizean Espainiako Ministroen Kontseiluak, eta horren berri eman du Espainiako presidente Pedro Sanchezek, prentsaurreko batean. Hamaika neurri iragarri ditu, eta datozen egunetan gehiago izango direla jakinarazi. Hiru faseko plan baten barruan egongo dira horiek, eta Espainiako Gobernuak guztira 10.600 milioi euro jarriko ditu larrialdiari erantzuteko.

Aurreneko fasearen helburua berehalako erantzuna aurrera eramatea da, eta bigarrenarena, berriz, kaltetutako guneak berreraikitzea. Hirugarrenaren xedea, bestalde, lekuak eraldatzea eta aldaketa horiek sustatzea da, klima krisira egokitzeko. «Behar beste denboraz» luzatuko dituztela esan du Espainiako presidenteak. Azaldu duenez, gaur egun lehen fasea dago martxan. Sanchezek nabarmendu du azken hiru egunetan Madrilek 14.898 militar, 44 auzitegi mediku, eta seiehun ibilgailu berezi jarri dituela: «Giza baliabide asko eta asko bidali ditugu». Aurreneko erantzun hori diseinatzeko, COVID-19ak eragindako larrialdia eta 2021ean La Palmako sumendiarekin gertatutakoa hartu dituztela oinarri, Sanchezek esan duenez.

Laguntza ekonomikoen nondik norakoak azaldu ditu Sanchezek: «Aurreikusitako laguntzak lau halakotu egingo ditugu, eta unibertsalak bihurtu; hau da, ez da errenta jakin bat izan beharko laguntza horiek jasotzeko». Gobernuak egindako aurreikuspenen arabera, 75.000 autonomo inguruk eskatu ahalko dute diru laguntzaren bat.

Bigarren eta hirugarren faseei dagokienez, jakinarazi du ministerio arteko batzorde bat eratuko dutela. Herritarrekin, administrazio autonomiko eta probintzialekin eta Valentziako Generalitatearekin elkarlanean arituko dela azpimarratu du Sanchezek: «Une oro jakin nahi dugu zer iritzi eta behar dituzten». Hala ere, adierazi du fase horiei dagokienez zenbait neurri lantzeko dituztela oraindik. «Gaurkoa lehen pausoa da».

Lau helburu

215 lagun baino gehiago hil dira euriteak eta haren ondorioak direla eta; eta desagertuen kopuru zehatzik ez dago —1.900 desagertu daudela argitaratu zuen Eldiario.es egunkariak ostiralean, Valentziako Generalitatearen txosten bat aipatuta—. Horiek horrela, Sanchezek esan du gobernuak lau helburu nagusi dituela gaur egun: «Bizitzak salbatzea, gorpuak ahalik eta lasterren topatzea, kalea segurua izatea eta herritarrek gutxieneko baliabideak ziurtaturik izatea».

Valentziako Generalitateko presidente Carlos Mazonek, bestalde, azaroaren 14an hitz egingo du Valentziako Parlamentuan, larrialdian hartutako erabakien eta aurrera begira hartutako neurrien inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.