Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren azken egunean aurkeztu du Pedro Sanchezen gobernuak Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta ganbera horretako mahaiko kideen aurkako helegitea, CUPen eskaera onartu zutenean "erabat jakitun" baitziren mozioa "konstituzioaren aurkakoa" dela. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak eman du horren berri Ministroen Kontseilua bukatu ondoren.
Torrentek Twitter sare sozialaren bidez erantzun dio erabaki horri: "Pedro Sanchezen PSOEk hor jarraitzen du Mariano Rajoy eskuinetik aurreratzen. Judizializazio gehiago, mehatxu gehiago, zentsura gehiago. Baina beti erantzun bera topatuko dute: guztiari buruz hitz egin behar da parlamentuan".
ERC, JxC, Junts Per Catalunya eta CUPek autodeterminazio eskubideari buruzko ebazpen bat adostu zuten joan den urriaren 22an, eta Legebiltzarreko Mahaiak tramiterako onartu zuen. Zazpi egun geroago, gauza bera egin zuen, koalizio antikapitalistak autodeterminazioa «modu zehatzean» gauzatzeko mozio bat aurkeztuta. Hiru alderdi independentistek aurkeztutako mozioari buruzko eztabaida atzeratzea erabaki zuten, eta CUPek aurkeztutako datorren asteartean eta asteazkenean eztabaidatzea.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ohartarazpenak egin zizkion Torrenti parlamentuan autodeterminazioaz hitz egiteak ondorio penalak dituela esateko. "Ez diogu utziko zentsurari parlamentuan sartzen", erantzun zuen joan den asteartean.