Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentearen sakelakoa zelatatzeari buruzko dokumentu sekretuak desklasifikatuko ditu Espainiako Gobernuak. Kasu hori ikertzen ari den auzitegiak egin zuen eskaria —Aragonesek aurkeztu zuen salaketa—, eta gobernuak gaur hartu du erabakia, Ministroen Kontseiluan.
The Citizen Lab ikerketa zentroak egindako ikerketa baten arabera, Pegasus erabiliz 60 bat buruzagi independentista espiatu zituzten CNI Espainiako zerbitzu sekretuek. Era zibernetikoan espiatzeko programa bat da, eta soilik gobernuek izaten dute eskura. Iragan hilabetean, Aragonesek bera zelatatzea leporatu zion CNIri, 2018ko uztailaren eta 2020ko martxoaren artean —Generalitateko presidenteordea zen garai hartan—.
Hilaren 26a baino lehen desklasifikatuko dituzte dokumentu sekretu horiek, egun horretan deklaratuko baitu CNIko buruzagi ohi Paz Estebanek ikerketa egiten ari den auzitegian.