Migrazioak

Espainiako Fiskaltzak itxi egin du Melillako heriotzen inguruko ikerketa

Gutxienez 23 pertsona hil ziren Maroko eta Espainia arteko muga gurutzatu nahian. Fiskaltzak argudiatu du Poliziaren jokabidean ez dagoela delitu zantzurik, baina eskatu du migratzaileei harriak bota zizkieten guardia zibilen jokabidea aztertzeko.

Espainiara iristeko saiakera egin zuen migratzaile talde bat, Marokoko Nador hirian pilatuta. AMDH
2022ko abenduaren 23a
18:11
Entzun

Espainiako Fiskaltzak artxibatu egin ditu ekainaren 24an Melillako hesian (Espainia) gertatu zena ikertzeko irekitako diligentziak, iritzita ez dagoela delitu zantzurik Espainiako Polizia indarrek eduki zuten jarreran. 2.000 lagun Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen saiatu ziren, eta, Rabaten arabera, 23 pertsona hil ziren; beste iturri batzuen arabera, 37 izan ziren hildakoak. BBC telebista katearen ikerketa baten arabera, Marokoko Gobernuak ez ezik, Espainiakoak ere erantzukizuna izan zuen.

Edonola ere, Fiskaltzak Guardia Zibilari eskatu dio ikertzeko hainbat agentek eginikoa, harriak bota zizkiotelako etorkinei, hori diziplina haustea izan ote zen eta zigorra merezi duen ikusteko.

Fiskaltzaren arabera, heriotzetan ez dago zuhurtziagabekeria zantzurik, ezta zaurituei laguntzarik ez ematearen delituaren arrastorik ere. Horrez gain, esan du mugan 470 pertsona atzera Marokora bidali izana legezkoa izan zela, Espainiako Herriaren Defendatzailearen iritziaren aurka.

Nolanahi ere, Fiskaltzak adierazi du Gobernuak derrigorrez bermatu behar diela asilo eskubidea edo bisa horretarako «benetako aukera» dutenei. Horren bidez, «ziurtatu behar da mugako hesiaren gainetik jauzi egin aurretik eskaera egiteko lege bidezko aukera bat izan dutela». Migratzaile gehienak gatazka guneetako herritarrak direla gogorarazi du fiskalak, eta, horregatik, nazioarteko babesa merezi dutela.

Ekainaren 24an, gutxienez 23 pertsona hil ziren Nador (Maroko) eta Melilla arteko muga zeharkatzeko ahaleginean. Caminando Fronteras GKE gobernuz kanpoko erakundeak adierazi zuen gutxienez 37 migratzaile hil zirela, eta ehunka lagun zauritu zirela.

Goizeko lehen orduan hasi zen saiakera, 06:40an. Gurugu mendian zeuden 2.000 migratzailek jo zuten hesira, eta aitzurrekin zulatzea lortu zuten. Espainiara iritsi ziren horietako 500 inguru, eta horietatik 130 harrera zentro batean sartu zituzten.

Espainiaren erantzukizuna

BBC hedabideko kazetari talde batek tragediari buruzko ikerketa bat egin du, eta ondorioztatu du Marokoko Gobernuak ez ezik Espainiakoak ere erantzukizuna izan zuela gertakari hartan. Horiek horrela, GKEek eta oposizioak estu hartu zuten Moncloa, eta, bereziki, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska.

Erresuma Batuko hedabideak dokumental bat emititu zuen azaroaren 1ean, Africa Eye [Afrikako Begia] saioan, Guardia Zibilak Marokora egindako itzulketak eta hango Poliziaren «muturreko» indarkeria argitara ateratzeko. Hedabide horretako kazetariek, bizirik irtetea lortu zuten migratzaileen testigantzak bildu zituzten, eta bideo irudiak ikuskatu, Espainiako Geografia Institutuko planoen laguntzaz. Hala, nabarmendu zuten jende oldeak biktimak eragin zituela Espainiako aldean ere.

Egun hartako irudietan ikus daiteke nola Marokoko Poliziak «Espainiako eremutik» migratzaileak arrastaka itzultzen zituen Afrikako herrialdera, «horietako asko hilik, hilzorian eta odoletan», kazetari taldearen esanetan.

Dokumentala kaleratu eta gutxira, Grande-Marlaskak ukatu egin zuen Espainiak erantzukizuna izan zuela gertakari hartan, eta esan zuen «etsigarria» zela telebista britainiarrak akusazio «hain larriak» egitea «inolako frogarik» aurkeztu gabe.

Azaroan, diputatu talde bat, tartean EAJko Mikel Legarda, EH Bilduko Jon Iñarritu eta Podemoseko hainbat kide, Nador eta Melillaren arteko mugan izan ziren, eta egiaztatu zuten «sarraskiaren zati bat» Espainiaren kontrolpean dagoen eremuan ere gertatu zela.

Hori dela eta, Podemosek eta oposizioko zenbait alderdik ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu zuten, baina PSOEk eta PPk atzera bota zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.