Espainiako fiskalburuak eskatu die U-1aren auziko fiskalei amnistia aplikatzeko

Garcia Ortizen ustez, bertan behera geratu beharko luke Llarenak Puigdemonten aurka ezarritako atxilotze agindua. Buruzagi subiranisten kontrako auziko fiskalei egotzi die «esparru hertsiki juridikoa» gainditzea.

Garcia Ortiz fiskalburua Espainiako Kongresuan, iazko azaroan. CHEMA MOYA / EFE
Garcia Ortiz fiskalburua Espainiako Kongresuan, iazko azaroan. CHEMA MOYA / EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 14a
12:00
Entzun

Espainiako fiskal nagusi Alvaro Garcia Ortizek eskatu die U-1aren auziko fiskalei amnistia legea aplika diezaietela Kataluniako prozesu subiranistako buruzagiei. Dekretu batean nabarmendu duenez, bertan behera geratu beharko lirateke, gainera, amnistia legea indarrean sartuta dagoen arren oraindik mantentzen dituzten kautela neurriak; besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi erbesteratuaren kontrako atxilotze agindua, joan den astelehenean, legea BOE  Espainiako Aldizkari Ofizialean kaleratua izan zenean, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko instrukzioko epaileak berretsitakoa.

Aintzat hartu behar da U-1aren auziko Goreneko lau fiskalen arabera ezin zaiela amnistia aplikatu diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortu zituztenei (Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa). Garcia Ortizi txosten bat bidali zioten hori aipatuz, eta eskatuz EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari arazo prejudizial bat planteatzea amnistiaren egokitasunaz galdetuz, edo inkonstituzionaltasun helegite bat aurkeztea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Kataluniako eta Espainiako zenbait hedabidek eduki dute fiskalburuak U-1aren auziko fiskalei atzo helarazitako dekreturako sarbidea, eta horretan belarrietatik tira egiten die Javier Zaragoza, Consuelo Madrigal, Jaime Moreno eta Fidel Cadena fiskalei: «[...] aurkeztutako txostenen zirriborroek erabiltzen dituzten argudioek gainditu egiten dute esparru hertsiki juridikoa, eta, hala, kolokan jartzen dute fiskaltzak beharrezkoa duen neutraltasun eta inpartzialtasun irudia; horregatik, guztiz bidegabeak dira».

Suitzak, hirugarrenez ezetz

Suitzaren Justizia Bulego Ofizialak azken urte eta erdian hirugarren aldiz esan dio Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileari «terrorismo» deliturik ez dagoela Tsunami Demokratikoaren auzian. Hori kaleratu du Espainiako El País egunkariak, txosten horretarako sarbidea eduki ondoren. Beraz, ez dio Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusia —kargua uztekoa da azaroan— bilatzen lagunduko. Hara erbesteratu zen 2018an, eta ikertua dago auzi horretan.

Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren epaiaren ondoren 2019ko urriaren 14an Bartzelonako Prat aireportuan egindako protesta ekintzak ikertzen ari da Garcia Castellon. Suitzako bulego horren arabera, «eduki politikoa» izan zuten protesta haiek. Puigdemont ere auzi beragatik «terrorismoa» egotzita ikerketapean dago, baina, foruduna izaki, Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.