Espainiako etxebizitza legeari helegitea jarriko dio Kataluniako Parlamentuak

Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela iritzita hartu du erabakia ganberak. Kongresuan legearen alde bozkatu izana aurpegiratu dio EAJk EH Bilduri

Vilagra Kataluniako Presidentetza kontseilaria eta Aragones Generalitateko presidentea, atzo, Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuran. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Etxebizitza legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango du Kataluniak, Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela eta. Kataluniako Parlamentuak helegitea aurkeztea erabaki zuen atzo, JxC Junts Per Catalunyaren, CUPen eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoekin, nahiz eta azken horrek legearen alde bozkatu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuan.

EH Bilduk ere aldeko botoa eman zuen, joan den apirilaren 28an. Beraz, Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakia baliatu du EAJk koalizio subiranistari aurpegiratzeko zer hautu egin zuen Madrilen. «Ezer esaterik orain, EH Bildu?». Jeltzaleek mezu hori idatzi dute X sare sozialean duten kontu ofizialean. Eusko Jaurlaritzak ere lege horren aurkako helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, uztailean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela; PSE-EEk ez zuen babestu erabaki hori. EH Bilduk defendatu izan du, ordea, etxebizitza legeak errespetatzen dituela eskumenak, berme juridiko ematen duela.

ERCk hasierako jarrera aldatu du, eta helegitearen alde agertu da, Kataluniako Estatutu Bermeen Kontseiluak legeari buruz egindako txostenaren ondoren—JxCk eskatu zuen—. Joan den abuztuaren 4an, kontseiluak ohartarazi zuen legearen zenbait artikuluk urratu egiten dituztela Generalitateak eta hirigintza arloan dituen eskumen esklusibo batzuk.

ERCk eta JxCk desadostasun sakonak izan zituzten etxebizitza legea eztabaidatu zenean, Kongresuan. ERCk akordioa lortu zuen PSOErekin eta UP Unidas Podemosekin lege proiektu hori onartzeko, eta kontra agertu zen JxC, Kataluniaren eskumen batzuk urratzen zituela iritzita.

Norabide berean bozkatu izanagatik, ERCk eta JxCk kritika gordinak egin zizkieten elkarri Kataluniako Parlamentuaren atzoko osoko bilkuran. JxCk Esquerrari leporatu zion Kataluniaren autogobernua ez babestea PSOErekin egin dituen negoziazioetan, eta «Kataluniari errespetu» nahikoa ez agertzea. ERCk, berriz, legearen «aurrerapauso sozialak arriskuan» jartzea egotzi zion JxCri.

Etxebizitza legeak dioenez, autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» ematen die testu horrek. Besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten, eta %3 datorren urtean, eta etxe kaleratzearen dataren eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute etxe horretan bizi direnek, legez.

Gainera, erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute; orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina, lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan.

Tentsio handiko eremuak ezartzeko bi baldintza egongo dira, eta, bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko: batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxe salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago garestitu izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.

Espainiako gobernabidea

Litekeena da ERC eta JxC erabakigarriak izatea Espainian hasi den legealdi berrian. Hasteko, PSOEk eta Sumarrek bi alderdi independentista horien babesa beharko dute, ezustekorik ezean, Pedro Sanchez gobernuko presidente izendatu eta koalizio gobernu bat eratzeko; ziurrenik, datorren urrirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.