Katalunia. Prozesu subiranista. Gabriel Rufian. ERCko bozeramailea Espainiako Kongresuan

«Espainiako Estatuak ez du inoiz kale egiten. Edozer espero dugu»

Espainia neurririk gabe ari dela salatu du Rufianek: «Harrigarria da politikariak mehatxatuta egotea demokrazia aldarrikatzeagatik». Uste du legegintzaldi hau «atzerakoiagoa» izango dela.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gabriel Rufian (Santa Coloma de Gramenet, Herrialde Katalanak, 1982) «kasualitatez» murgildu zen politikan. Sumate Kataluniaren independentziaren aldeko gaztelaniazko hiztunen plataformako kidea da, eta 2013an hainbat hitzalditan parte hartu ondoren eman zuen pausoa. Espainia hegoaldetik emigratu zuen familia ezkertiar batean hazi zen eta hezi zuten, eta argi du politikan duen egitekoa «behin-behinekoa» dela —lan harremanetako diplomaduna da—. ERC Esquerra Republicana de Catalunyako eleduna da Espainiako Kongresuan, eta Sabadelletik Madrilera eta Madrildik Sabadellera bizi da. Mariano Rajoyren inbestidura eztabaidan egin zuen hitzaldiaren ajean solastatu da BERRIArekin, alderdiak Bartzelonan duen egoitzan.

Espainiako Kongresuak Francesc Homs auzipetzea erabaki du. Zein analisi egiten duzu?

Gauza hauekin azkar doaz Madrilen. Badago beste erregu bat, hedabideetan eraginik izan ez duena: Rita Barberarena. Horrek, antza, denbora gehiago hartuko du… Harrigarria da: bileretan bi erregu horiez hitz egiten dute berdin larriak izango balira bezala. Prozesu parte hartzaile bat errespetatu duelako dator Homsen erregua; Barberarena, berriz, demokraziatik oso urruti dauden arrazoiak direla eta. Nire babes guztia du ez bakarrik Homsek, baita Carme Forcadell, Montse Venturos eta Badalonan eta Vicen auzipetuta dauden politikariek ere.

Noraino irits daiteke Espainiako Gobernua?

Espainiako Estatuak ez du inoiz kale egiten. Edozer gauza espero dugu. Rajoyk Barcenasi bidali zion mezuaren harira, jende guztiak itxaropena izan zuen PP erortzeko. Berdin gertatu zen Fernandez Diazen elkarrizketek argia ikusi zutenean, eta Alberto Nuñez Feijook independentismoa ETArekin alderatu zuenean. Baina ez, argi gelditu da egiten dutena eginda ere irabazi egingo dutela.

Berriki, Bartzelonan beste mobilizazio handi bat egin dute auzipetutako politikariak babesteko.

Twitterren esan nuen moduan, badirudi hautetsontzi batek epaitegira bidaltzen zaituela, eta diru beltza duen gutun azalak, ministeriora. Harrigarria da politikariak mehatxatuta agertzea demokrazia aldarrikatzeagatik. Neurririk gabeko egoera batean gaude.

Oihartzun handia izan zuen inbestidura eztabaidan egin zenuen hitzaldiak. Urtebeteren ondoren, berriro ere Rajoy da presidente. Zer duzu errateko?

Ba, ez naiz sekula poztuko politika atzerakoiak defendatzen dituen edonork presidentetza lortzen duenean; ez Rajoyk eta ez haren eskumendekoak, Ciutadansek. Gu ez gaude Kongresuan prozesua eta Kataluniako erakundeak babesteko bakarrik, baizik eta herritarren eskubideak babestuko dituen egitasmo oro aldarrikatzeko. Hala ere, zoritxarrez, ezin dugu ahaztu Rajoyk hauteskundeak irabazi dituela; PPk, egiten duena egiten duela, hauteskundeak irabazten ditu…

Ciutadans aipatu duzu. Nola ikusten duzu haren bilakaera?

Ciutadans PPren marka zuria da. Katalunian hamar urte daramatzate, eta aski ongi ezagutzen ditugu. Duela urtebete inguru Madrilera iritsi ginenean, ni gehien harritu ninduena zen bazegoela jende asko haien mezu birsortzaile eta aurrerakoia sinesten zuena. Hala ere, uste dut gaur argi gelditu dela zein den: alderdi horrek bi ideologia ditu soilik, neoliberalismorik basatiena eta espainiar nazionalismorik lardatsena. Tira, gu ez gara harritu alderdi popularraren politikak babestu dituztela ikusita. Boterea dute erronka bakarra, ez gauzak aldatzeko, baizik eta dena berdin mantentzeko.

Sozialisten erantzukizuna ere bada gaur Rajoy presidente izatea, alderdiaren barne krisi sakon baten truke.

[Barrez] Bizitza da PSOEren krisi eta krisi artean gertatzen den hori. Oraindik gogoratzen dut haurra nintzenean, eta ordurako krisian zeuden. Felipe Gonzalezek irudikatzen zuen hiperlidergoaren ondoren sartu ziren betiereko krisi batean… Ezkerreko alderdi bat izateari utzi ondorengo emaitza izan da, besterik gabe. Zalantzarik gabe, Rajoyri presidentetza oparitzea izan da Espainiako politikaren historiaren saldukeriarik handiena. Eta ez dugu guk esaten, baizik eta haien hautesleek. Izan ere, PSOEk kanpainan behin eta berriz esan zuen ez zuela halakorik ahalbidetuko eta, beraz, pentsatzen dut hautesleek horregatik bozkatu zutela haren alde. Horrek izen bat du, eta hori saldukeria da.

PSCko diputatuek boto orokorraren kontra bozkatu zuten.

Oso pozik gaude: ongietorria ematen diogu koherentzia horri. Nire hitzaldian ez nintzaien haiei mintzatu, ezta PSOEk agindutakoa sinistu zuten hautesleei ere, baizik eta iruzur egin zutenei. Hiru minutuz hitz egin genuen, eta, gehixeago hitz egiten utzi izan baligute, hori azpimarratzeko denbora izango genukeen.Beraz, ongietorria ematen diogu PSCren sektore katalanistari, baina pentsa PSOEk oso gaizki egon behar duela PSCk desobedientzia zibilaren gotorleku iraultzailea irudikatzeko! Gogoratu behar baita Iceta jauna Auzitegi Konstituzionalaren aurrean argazkiak ateratzen ibili zela Arrimadas eta Albiolekin batera. Beraz, jar ditzagun gauzak bere tokian. Sanchez ere bai: orain badirudi Pedro Sanchez Gramsci dela bere ingurukoekin alderatuta. Ba, ez: Kataluniari ahotsa ez emateagatik bere herrialdeko gobernabideari uko egin zion gizona da Sanchez.

Zer iruditzen zaizu Podemosen estrategia ardatz nazionalari dagokionez?

Prozesuari buruzko jarrera anbiguoa du, eskuzabala izanik. Harrigarria da zer jarrera duten prozesuak eraiki nahi duen errepublikaren inguruan, are gehiago ezkertiarrak eta errepublikanoak diren heinean. Convergenciarekin hitzarmenak egitea leporatzen digute, nahiz eta haiek mahai gainean duten PSOErekin elkartzea. Etenik gabeko kontraesana. Azken hauteskundeen emaitzek egiaztatu dute aldaketarako aukera bakarra Katalunian dagoela. Are gehiago, Katalunian gehiengo nahikoa dugu nahi dugun herrialde hori gorpuzteko.

Eta zein eragin izan dezake prozesuan Rajoy berriro ere presidente izateak?

Gobernu hau aurrekoa baino zertxobait atzerakoiagoa izango da. Esaten den moduan, ospe handiko arratsaldeak iragartzen dizkiot… Okerrena da Rajoy indartsuagoa dela, bi marka zuri dituelako alde: Ciutadans eta PSOE.

Zein dira ERCen erronkak?

Orain arteko helburuei eusten diegu: prozesuaren eta Kataluniako erakundeen babesa. Saiatu behar dugu Espainiako Estatuan hain ezagunak diren Albert Rivera, Arrimadas, Albiol eta haien lagunei Kataluniako mezua ez oparitzen. Era berean, garrantzitsua izango da aldaketaren aldeko indarren alboan egotea. Argi dugu aldaketa bakarrak Katalunia duela izena, eta horren alde borrokatuko gara Kongresuan.

Betidanik izan zara independentista?

[Barrez] Madrilen galdera hori egiten didate, nazka aurpegiarekin, elgorria hartu izan banu bezala. Tira, guk esaten dugu independentismoa aldi baterako egoera bat dela, ez ideologia bat, baizik eta herri hobe bat lortzeko baliabidea. Ni ez naiz mugitu: nire familian erakutsi zidaten alderdi ezkertiarrak herri ororen etorkizuna erabakitzearen alde zeudela. Beraz, nik betidanik defendatu dut eskubide hori nire ideologiaren DNA gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.