Espainiako erregeak uko egin dio aitaren ondare ekonomikoari

Errege etxeak Juan Carlos Borboikoari egiten zizkion ordainketak ere eten egin ditu

arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako errege etxearen irudia garbitzeko urratsa egin du Felipe Borboikoak, aitaren ondare ekonomikoari uko eginez eta Juan Carlos I.ak estatuko aurrekontuetatik jasotzen zituen ordainketak eteteko eskatuz. Suitzako epaitegi batzuk egiten ari diren ikerketa batek zartarazi du egoera. Izan ere, hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Zagatka fundazioaren onuradunen artean hirugarrena zen egungo Espainiako erregearen aita, eta erakunde hark hainbat hegaldi pribatu ordaindu zizkion 11 urtez.

Juan Carlos Borboikoaren lehengusu Alvaro Orleansekoaren esanetan, Europako errege-erregina etxeei «laguntzeko» sortu zen funtsa, eta errege emeritua hilez gero, haren seme-alaben esku geratuko litzateke fundazioa. Zarzuelako jauregiak zabaldutako komunikatuak jasotzen duenez, ordea, egungo Espainiako erregeak ez du dokumentu horien berri izan orain arte, eta hortik letorke orain aitaren ondareari uko egiteko erabakia.

Panamako kontuak

The Telegraph egunkariaren arabera, 2008an Saudi Arabiako errege etxetik ehun milioi euro jaso zituen Panamako fundazio bateko bigarren onuraduna litzateke Felipe Borboikoa. Diru hori Mecarako abiadura handiko trena egiteko lanen eskuduntza lortzearen truke Juan Carlos Borboikoari ordaindutako komisioen zati bat litzateke. 2012an, ordea, ehun milioi horietatik 62 Corinna Larsenek Bahametan zuen kontu batera mugitu zituzten. Espainiako errege emerituaren maitaletzat jotzen dutenak azaldu du «opari bat» izan zela ordainketa.

Yves Bertossa fiskalak egindako ikerketaren arabera, Juan Carlos Borboikoa bera litzateke Panamako Lucum fundazioaren lehen onuraduna. Felipe Borboikoak, ordea, ukatu egin du kasu horretan ere diru mugimenduekin zerikusia izatea, eta nabarmendu du iaz izan zuela Panamako fundazioaren berri. Kasu horretan ere aitaren ondareari uko egin dio Espainiako erregeak.

Oinordetzari uko egiteaz gain, Juan Carlos Borboikoak errege etxearen aurrekontuetatik jasotzen zuen soldata ere eteteko agindu du haren semeak. Orotara, urtean 194.232 euroko soldata zuen. «Koroak bere izen onari eutsi behar dio. Horregatik, erregeak jakinarazi nahi du uko egiten diola legearekin bat ez datozen edozein aktibo, inbertsio edo fundaziori», dio komunikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.