Espainiako erregeak Feijoori eskatu dio gobernua osatzen ahalegintzeko

Zarzuelak gogorarazi du PP izan zela alderdi bozkatuena uztailaren 23an. Feijook momentuz aldeko 172 boto eta aurkako 178 ditu Kongresuan. Aukera bakarra gobernu aurrerakoia dela dio Sanchezek

Espainiako errege Felipe Borboikoa eta PPko buruzagi Alberto Nuñez Feijoo, atzo, Zarzuelan. MARISCAL POOL / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako errege Felipe Borboikoak PP Alderdi Popularreko buruzagi Alberto Nuñez Feijoo proposatu du gobernua eratzeko inbestidura saiorako hautagaitzat. Zarzuelak bere erabakia justifikatu du esanez PP izan zela alderdi bozkatuena uztailaren 23an Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta «ohitura» bat dela alderdi bozkatuenaren hautagaia gobernuko presidente izateko lehendabizi proposatzea. Errege etxeak esan duenez, ez dago, gaur gaurkoz, «ohitura» hori alboratzeko inbestidurarako gehiengo nahikorik. Feijook eskertu egin dio erregeari erabakia.

Estatuburua atzo arratsaldean bildu zen Feijoorekin, eta PPko buruak esan zion asmoa duela inbestidurara aurkezteko. Zehazki Felipe Borboikoak hautagaia izendatzeko elkarrizketa sailari ekin zion herenegun, eta, atzo, jarduneko presidente Pedro Sanchezen bisita ere izan zuen Zarzuelan. Felipe VI.arekin bildu ostean, Sanchezek agerraldia egin zuen Moncloan, eta erregeari jakinarazi zion prest dagoela inbestidura saiora aurkezteko eta gobernua osatzeko «ardura hartzeko», sinetsita «nahikoa babes parlamentario» lortuko duela presidente hautatu dezaten: «Gehiengo parlamentario posible bakarra dago: alderdi sozialista buru duen gehiengo aurrerakoia».

Erregeak Feijooren aldeko apustua egin badu ere, PPko buruzagiak dituen lehen bi saiakeretan kongresuaren babesa lortzen ez badu Sanchez aurkeztu daiteke. 2016an, PPk Espainiako Gorteetako hauteskundeak irabazi zituen, baina inbestidura saiorako babes nahikorik izan gabe, Felipe VI.ak Mariano Rajoy PPren orduko hautagai eta presidenteari (2011-2018) agindu zion gobernua osatzeko; Rajoyk, ordea, uko egin zion eskaerari, eta horrek bidea ireki zion Sanchezi. Hautagai sozialistaren saiakerak, baina, ez zuen fruiturik eman: ez zuen Podemosen babesa lortu, soilik Ciudadanosena. Hala, hauteskundeak berriz egin zituzten.

PPk lortu zuen boto gehien uztailaren 23ko bozetan, baina, gaur-gaurkoz, Feijook 172 diputaturen babesa dauka: bere alderdiko 137rena, UPNko eta CC Koalizio Kanariarreko ordezkari banarena, eta Voxen 33rena. Hain zuzen, alderdi ultraeskuindar horretako buru Santiago Abascalek erregeari atzo baieztatu zion Voxek Feijooren inbestidura babestuko duela, PPk eskuin muturra zokoratzearen alde egiten ez badu. Zarzuelan izan aurretik, ordea, ez zegoen argi Abascalen alderdiak PPri botoa emango zion ala ez, popularrek Vox Kongresuko Mahaitik kanpo uzteak eragindako zalapartagatik. Halere, Feijook ez lituzke edukiko inbestidurako lehen bozketan presidente izateko gutxienez behar diren botoak: 176. Sumar izan da arazo hau azpimarratzen lehena.

Sanchezek 152 boto ditu

Bien bitartean, Sanchez gobernua osatzeko beharrezko babesa lortuko duela sinetsita heldu zen atzo Zarzuelara. Kongresuko Mahaiko bozketan erdietsitakoa du makulu jarduneko presidenteak. Francina Armengol PSOEren hautagaia izendatu zuten aurreko astean behe ganberako presidente, 178 boto bilduta. Baina, oraingoz, Sanchezek alderdi sozialistaren (121) eta Sumarren (31) botoak dauzka soilik lotuta; hau da, 152. Halere, jarduneko gobernuburuak espero du EAJren (bost), EH Bilduren (sei), ERC Esquerra Republicanaren (zazpi), JxC Junts Per Catalunyaren (zazpi) eta BNGren (bat) babesa lortzea izendatua izateko. EAJren Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban herenegun bildu zen Felipe VI.arekin, eta esan zuen ez dela ziurtzat jo behar EAJk Sanchezen alde egingo duela. Bada, Estebanek atzo iragarri zuenez, PSOEk Sabin Etxeko atea jo zuen.

BNGren Kongresuko diputatu Nestor Regok ere argi esan zuen atzo PSOEri ez diola «txeke zuririk» emango Sanchezen inbestidura babesteko. Erantsi zuen sozialistek eta Sumarrek BNGren botoa nahi badute «Galiziako agenda» kontuan hartu beharko dutela. Aintzat hartu behar da baita Koalizio Kanariarrak ez duela baztertzen PSOEren alde bozkatzea, PPrekin akordioa egin duen arren.

Begi bat, Katalunian

Sanchez presidente hautatzeko, PSOEren eta Kataluniako bi alderdi independentisten arteko negoziazioak ez daude amaitzear inondik ere. Biek ala biek konpromisoa eskatu diote Sanchezi amnistia lege baten inguruan aurrerapausoak emateko, Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten egoeratik harago doazen zigorrei aurre egiteko; besteak beste, U-1arekin lotuta, mobilizazioetan parte hartzeagatik auzipetuta edo auzipetuak izateko zorian dauden ehunka herritar daude jopuntuan.

Alderdi independentistekin negoziazioak nola dauden ikusita, PSOEk ez du bere burua atakan jarri nahi. «Erregeak Nuñez Feijoo izendatzen badu inbestidurarako, ez gara oztopo izango», esan zuen atzo Sanchezek. Sozialistak ziur daude PPko buruaren inbestidura saioa ez dela aurrera aterako. Feijook huts egingo balu, bi hilabeteko epea izango lukete alderdi politikoek hautagairen bat proposatu eta gobernuburu izendatzeko. Hori egin ezean, bozetara deituko lukete berriz. Aritmetika kontua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.