Espainiako errege Felipe Borboikoak gobernurako presidentegai bat izendatzeko elkarrizketa sailari ekin zion atzo, eta, gaur, jarduneko presidente Pedro Sanchezen nahiz PP Alderdi Popularreko buruzagi Alberto Nuñez Feijooren bisita izan du Zarzuelan. Bilkurekin amaitu eta gero, gobernua osatzeko aukera nori emango dion erabaki behar izan du estatuburuak. Hala, Francina Armengol Espainiako Kongresuko Mahaiko presidentearekin bildu da, eta, jakinarazi duenez, Felipe VI.ak Feijoori eman dio gobernua osatzeko ardura. Horrez gain, Armengolek adierazi du Feijoorekin harremanetan jarriko dela inbestidura saioa noiz egingo duten erabakitzeko. Feijook estatuburuaren erabakia eskertu du Twitter bidez: «Espainiar guztien berdintasuna defendatuko duen gobernu batekin, gure hitza emango diegu aldaketa, egonkortasuna eta moderazioa nahi duten 11 milioi herritarrei».
Felipe VI.arekin bildu ostean, Sanchezek agerraldia egin du Moncloan, eta erregeari jakinarazi dio prest dagoela inbestidura saiora aurkezteko eta gobernua osatzeko «ardura hartzeko», sinetsita «nahikoa babes parlamentario» lortuko duela presidente hautatua izateko. «Gehiengo parlamentario posible bakarra dago: alderdi sozialista buru duen gehiengo aurrerakoia», ziurtatu du. PPko liderrak, berriz, estatuburuari adierazi dio asmoa duela inbestidurara aurkezteko eta haren hautagaitza babesteko eskatu dio. Nabarmendu du Espainiako hauteskunde orokorretan boto gehien bildu zituen alderdiaizan zela, eta UPN, CC Koalizio Kanariarra eta Vox alderdien babesarekin 172 diputatu dituela. Hala, gobernua osatzea bere «ardura» dela azpimarratu du, eta «gobernu egonkor bat nahi duten horien bozeramailea» izango dela.
Sanchezek eta Nuñez Feijook ziurtatu dute prest daudela inbestidurarako aurkezteko. Hautagai bat ez, bi. Horren antzeko azken egoera 2016an izan zen; PPk Espainiako Gorteetako hauteskundeak irabazi zituen, baina inbestidura saiorako babes nahikorik izan gabe, Felipe VI.ak Mariano Rajoy PPren orduko hautagai eta presidenteari (2011-2018) agindu zion gobernua osatzeko; Rajoyk, ordea, uko egin zion eskaerari, eta horrek bidea ireki zion Sanchezi. Hautagai sozialistaren saiakerak, baina, ez zuen fruiturik eman: ez zuen Podemosen babesa lortu, soilik Ciudadanosena. Hala, hauteskundeak berriz egin zituzten.
PPk lortu zuen boto gehien uztailaren 23ko bozetan, baina, gaur-gaurkoz, Nuñez Feijook 172 diputaturen babesa dauka: bere alderdiko 137rena, UPNko eta CC Koalizio Kanariarreko ordezkari banarena, eta Voxen 33rena. Hain zuzen, alderdi ultraeskuindar horretako buru Santiago Abascalek erregeari gaur baieztatu dio Voxek Nuñez Feijooren inbestidura posiblea babestuko duela, «PPk eskuin muturra zokoratzearen alde egiten ez badu». Zarzuelan izan aurretik, ordea, ez zegoen argi Abascalen alderdiak PP babestuko zuen ala ez, PPkoek Vox Espainiako Kongresuko Mahaitik kanpo uzteak eragindako zalapartagatik. Edonola ere, Nuñez Feijook ez lituzke edukiko inbestidurako lehen bozketan presidente izateko gutxienez behar diren botoak: 176.
Bien bitartean, Sanchez gobernua osatzeko beharrezko babesa lortuko duela sinetsita heldu da Zarzuelara. Kongresuko Mahaiko bozketan erdietsitakoa du makulu jarduneko presidenteak. Francina Armengol PSOEren hautagaia izendatu zuten aurreko astean behe ganberako presidente, 178 botoren babesarekin. Sozialistek, Sumarrek, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts Per Catalunyak, EH Bilduk, EAJk eta BNGk egin zuten haren alde.
Baina, oraingoz, Sanchezek alderdi sozialistaren (121) eta Sumarren (31) botoak dauzka soilik lotuta; hau da, 152. Halere, jarduneko gobernuburuak espero du EAJren (bost), EH Bilduren (sei), ERCren (zazpi), JxCen (zazpi) eta BNGren (bat) babesa lortzea inbestitua izateko. Alderdi jeltzalearen Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban atzo bildu zen Felipe VI.arekin, eta argi esan zuen ez dela inondik inora ziurtzat jo behar EAJk Sanchezen alde egingo duela. Bada, horri erantzunez, PSOEk Sabin Etxeko atea jo du gaur, bi aldeen arteko elkarrizketei heltzeko asmoz, Estebanek jakinarazi duenez.
BNGk ere argi esan du PSOEri ez diola «txeke zuririk» emango Sanchezen inbestidura posiblea babesteko. Halaxe ziurtatu du gaur Galiziako alderdi horren Kongresuko diputatu Nestor Regok, eta ohartarazi du sozialistek eta Sumarrek BNGren botoa nahi badute «Galiziako agenda» kontuan hartu beharko dutela. Agenda horren eskaera nagusiak hauek dira, besteak beste: «Azpiegituretan eta zerbitzuetan inbertsio handiagoak egitea», batez ere tren sektorean; eta Galiziako «industria krisian arreta jartzea» eta «autogobernuan aurrerapausoak ematea».
Aritmetika kontua
Aintzat hartu behar da Koalizio Kanariarrak ez duela baztertzen PSOEren alde bozkatzea, PPrekin akordioa egin duen arren. Kanariarrek, ERCk, EH Bilduk eta EAJk sozialistei babesa emango baliete, JxCren abstentzioa nahikoa litzateke Sanchez inbestitzeko. Izan ere, bigarren bozketan nahikoa da gehiengo soilarekin hautagaia presidente izendatzeko. Aritmetika kontua da, beraz.
Nolanahi ere, Sanchez presidente hautatzeko, PSOEren eta Kataluniako bi alderdi independentisten arteko negoziazioak ez daude amaitzear, inondik ere. Biek ala biek konpromisoa eskatu diote Sanchezi amnistia lege baten inguruan aurrerapausoak emateko, Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonten egoeratik harago doazen zigorrei aurre egiteko; besteak beste, U-1arekin lotuta, mobilizazioetan parte hartzeagatik auzipetuta edo auzipetuak izateko zorian dauden ehunka herritar daude jopuntuan.
Hori bai, PSOEk ez du Espainiako erregea estutu nahi inbestidurarako hautagaitza prozesuan. Ferrazeko iturriek mezu argia igorri dute gaur: «Denboragatik ez gaude Nuñez Feijoorekin lehian». Hau da, alderdi independentistekin negoziazioak nola dauden ikusita, PSOEk ez du bere burua atakan jarri nahi. «Erregeak inbestidurarako Nuñez Feijoo izendatzen badu, ez dago arazorik», adierazi diote PSOEko iturriek Público egunkariari. Izan ere, sozialistak ziur daude PPko buruaren inbestidura saioa ez litzatekeela aurrera aterako. Nuñez Feijook huts egingo balu, bi hilabeteko epea izango lukete alderdi politikoek hautagairen bat proposatu eta gobernuburu izendatzeko. Hori egin ezean, hauteskundeetara berriz deituko lukete.