Antonio Montoro. Mundubateko koordinatzaile nagusia

«Espainiako enpresek probetxua ateratzen dute okupaziotik»

Mundubatek egin berri duen dokumentalean aztertu dute nola Espainiako hainbat enpresaren negoziazioek eragina duten Mendebaldeko Sahararen okupazioan. Enpresa gehienek ez dute parte hartu nahi izan.

ANTONIO MONTORO.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak dokumental bat sortu du Mendebaldeko Sahararen eta Espainiako enpresek Marokoren okupazioari bide ematean duten rolaren eta pisuaren inguruan, Ocupacion S.A, —Okupazioa S.A. izenekoa. Atzo aurkeztu zuten, modu birtualean. Proiektuaren inguruan aritu da Antonio Montoro erakundeko koordinatzaile nagusia.

Nola otu zitzaizuen lan hau egitea?

Ideia funtsezko bi elementutatik sortu zen. Alde batetik, Mundubatek Mendebaldeko Saharan lan egiten du duela ia 30 urtetik. Eta, lan horren esparruan, lurralde okupatuetan gertatzen denaren inguruko analisia egitea gure eginkizunaren parte garrantzitsua da. Linea estrategiko espezifikoa ere badugu, eta erreferentzia esplizitua egiten dio enpresaren rolari.

Bestetik, sentsibilizazioan eta hezkuntzan egiten dugun lan guztia dago. Hori Saharako erakundeek landutako informazioaz eta aktibismoaz elikatzen da. Guk lagundu egiten diegu, eta ahotsa eman behar diegu.

Apur bat sakonduta, zer kontatzen du dokumentalak?

Lehen atal bat du. Espainiako enpresek Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan duten rolaren inguruko xehetasunetan sartu aurretik, erakusten da zer eragin zuzen duen pertsonengan: Mendebaldeko Saharan giza eskubideak babesten ari direnek jasandakoa erakusten da, kartzela, bortxaketa, torturak eta beste pairatu dituztenak.

Pertsonengan duen eragin jakin horretaz gain, dokumentalak errepaso historiko labur bat egiten du: egungo okupazio egoerara iristeko prozesua zein izan den: Espainiako kolonia izatea, Mendebaldeko Sahararen estatus aldaketak kolonia aldian... eta gero sartzen da Espainiako enpresek okupazioan duten esku hartzean. Nola probetxua ateratzen duten okupaziotik, eta enpresek egiten dituzten jarduera ekonomikoek nola posible egiten eta bideratzen duten Marokoren okupazioa.

Zer enpresa ageri dira?

Euskal Herriak ere badu tokia. Hor agertzen dira Siemens Gamesaren moduko enpresak. Euskal kapitaleko enpresa bat. 2.800 milioi euroko akordio bat du Marokorekin bost parke eoliko instalatzeko, eta horietako bi Mendebaldeko Saharan daude kokatuta, Marokok okupatutako lurraldeetan. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, hori ilegala da: ez zaie kontsultatu biztanleria autoktonoaren agintariei; kasu honetan, Fronte Polisarioari.

Kasu espezifiko bat dago argi erakusten duena zein den Espainiako eta Euskal Herriko kapitalen eta okupazioaren arteko lotura. Parke eoliko horietako batek Fos Bucraa meategiak behar duen energiaren %99 sortzen du. Fosfatoak erauzten dira meategi horretan: XX. mendean Espainiako estatu koloniala espoliatzen hasi zen lehen aberastasun naturala, hain justu.

Beste enpresa batzuen rola ere ageri da: Cepsa, Repsol... Petrolioa eta haren aldaerak emateaz arduratzen dira, eta okupazioari bide ematen diote. Energia hori hornitzen ari ez balira, zaila izango litzateke lurralde okupatuetan eguneroko bizitzari eustea.

Sektore gehiago ere azaltzen dira?

Beste hiru sektore daude nahiko adierazgarriak direnak. Horietako bat industria militarra da. Gainera, enpresa publiko bat dago hor. Marokoko Gobernuarekin hitzarmenak sinatu ditu. Material belikoa saltzen ari da, gero okupatutako lurraldeetan errepresio zibila egiteko asmoz. Beste sektore bat hondarrarena da: nola Mendebaldeko Saharatik lapurtzen den hondarra eraikuntzarako erabiltzen den, eta turismo sektorerako, gehienbat Kanarietan. Eta beste bat, denok buruan izan dezakeguna, arrantza sektorea da. Balioesten da urtero 1.600 milioi euroko negozioa mugitzen duela. Dokumentalean adibide gehiago ageri dira. Uste dut, gainera, oso modu grafikoan ikusteko aukera ematen duela, eta oso arin.

Arrazoi horiengatik guztiengatik esaten duzue Espainia Mendebaldeko Sahararen okupazioaren erantzule nagusietako bat dela.

Bai. Hasteko, Espainiako Auzitegi Nazionalaren hiru autotan onartu du Espainiak oraindik Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea dela. 1975eko azaroaren 14an Madrilgo Akordioak sinatu ziren, baina horiek baliorik gabeak dira. Gainera, inoiz ez ziren argitaratu aldizkari ofizialean. Espainiak gainetik kendu nahi izan zuen lardaskeria bat izan zen. Beraz, erantzukizun hori du. Lurraldearen potentzia administratzailea da.

Nazioarteko komunitatearen markoan ere ardura du. Ez duelako politika proaktibo bat aurrera eramaten gatazkari irtenbidea emateko. Soluzio posible bakarra autodeterminazio erreferenduma egitea da. Espainiako Estatuaren atzerri politiken interes eta lotura esplizitu eta inplizituak oso lotuta daude Marokoren interesekin. Eta horrela jokatzen dute.

Horretarako, giza eskubideak urratzen dituzte?

Noski. Bi bidetatik. Batetik, Marokoren indar okupatzaileek giza eskubideak urratzen dituzte etengabe. Okupazioa ilegala denetik ari dira horretan, eta, gainera, bortxaketak, torturak, erbestea eta beste egiten dituzte. Baina, gainera, lurralde okupatuetan enpresen presentzia hori legez kanpokoa da: inbertsioek giza eskubideak urratzen dituzte; ez dute agintari legitimoen baimenik. Kasu honetan,Saharako herriaren ordezkari legitimo bakarra Fronte Polisarioa da, eta ez Marokoko monarkia.

Zeintzuk dira Marokoren interesak?

Marokok, interes ekonomikotik harago, ezaugarri inperialak dituen proiektu nazional bat du, ezaugarri espantsionistak dituena.

Arpilatzean parte hartzen ari direnak nazioarteko legediaren kontra ari dira?

Hausten ari dira kasu askotan. Enpresa gehienek uko egin diote Mundubatekin eta dokumentala egin dutenekin hitz egiteari. Cepsak soilik bidali digu komunikatu bat, esanez ez duela onartzen nazioarteko zuzenbidea urratzen duenik, biztanleria autoktonoaren mesederako ari dela planteatzen duelako. Enpresek eta Espainiako kapitalak aprobetxatu egiten dute nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa oso ahulak direla. Ez dira aplikatzen, eta baliatu egiten dira laxotasun horretaz.

Dokumentalean saiatzen gara ez ilegala edo legala den aztertzen, hori dagokion prozesu judizialean eman behar baita, baizik okupazio erregimenak Espainiako enpresen kolaborazioa zein beharrezkoa duen erakusten. Okupazioak modua ematen die Espainiako enpresei zapore oneko negozioak garatzeko.

Uste dut, enpresa batek argi badu zer egiten ari den eta egiten ari den hori legezkoa dela, ziurrenik ez duela inongo arazorik izango hori azaltzeko, argudiatzeko eta babesteko. Ez dute parte hartu nahi izan. Ulertzen dugu ez zutela astirik izango edo oharkabean pasatu nahi duten gai bat dela, ez konplikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.