Espainiako Barne ministroak legea hautsi ote duen ikertuko dute

Auzitegi Nazionalak Fernandez Diazek sekretupeko informazioa argitaratu duen aztertuko du

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak legea hautsi duen ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionaleko JavierGomez Bermudez epaileak. GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistak ustez hildako Publio Cordon enpresariarenen kasuaren harira, uztailaren 19an emandako prentsaurrekoan sekretupean zeuden datuak argitaratu ote zituen argitu nahi du.

Deliturik egon zen jakiteko Gomez Bermudezek informazio gehigarria eskatu dio Guardia Zibilaren zuzendariari. Eta hala egon zela ebazten badu, Fernandez Diaz nork epaitu behar duen ere erabakiko du. Duen karguagatik, Auzitegi Gorenak du hura epaitzeko eskumena.

Guardia Zibilak Vicente Sarasa, Jose Antonio Ramon eta Manuela Ontanilla GRAPOko kideak atxilotu ostean eman zuen prentsaurrekoa Fernandez Diazek. Azaldu zuen Lyongo etxean Ā«katez itxitako armairu bateanĀ» eduki zutela Cordon, eta bahitu eta bi astera hil zutela. Ondorioz, Barne ministroak salatu zuen GRAPOko ustezko kideak bahitua hil eta gero saiatu zirela erreskatea kobratzen. Gainera, atxilotuetako batek dirua jasotzen parte hartu zuela zehaztu zuen.

Espainiak eta Frantziak elkarlanean egin zuten bahiketaren inguruko ikerketa. Hain zuzen ere, Barne ministroak emandako informazioa Frantziatik bidalitako txostenetan oinarritua dago, epailearen arabera. Informazio hori oraindik sekretupean izanik, jendaurrean azaltzea kaltegarritzat jo du, bai bi herrialdeen arteko elkarlanerako, baita Zaragozako enpresariaren hilketa argitzeko ere.

Ontanilla, kartzelara

Manuela Ontanilla GRAPOko ustezko kidea aske utzi zuten uztailean, atxilotu eta egun gutxira.Ihes egiteko arriskurik ez zuela iritzita, 10.000 euroko bermea ordainduta irten zen kalera. Gomez Bermudezek, ordea, espetxera bidali du berriro, atzo Auzitegi Nazionalean agertu ondoren. Cordonen hilketan parte hartzea egotzi dio, eta armen jabe izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.