Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du konstituzionala dela Kataluniako prozesu subiranistaren harira (2013-2021) zigortuak edo auzipetuak izandakoak amnistiatu asmo dituen amnistia legea; hau da, bat datorrela Espainiako Konstituzioarekin. Epai hori kaleratu du gaur Konstituzionalak, PPk iazko irailean legearen egokitasunari buruz aurkeztutako helegiteari erantzuteko, eta, bide batez, hura atzera botatzeko.
Konstituzionalak argudiatu du amnistia legea ez dela arbitrarioa, eta ez duela konstituzioaren printzipiorik urratzen. Epaia justifikatzeko kaleratutako testuaren arabera, «arrazoizkoa» izan zen legeari bide ematea, «adiskidetzea» zuelako helburu. «[...] ondorioztatzen da konstituzioak ez duela amnistia debekatzen, eta ondorioztatzen du konstituzionalki onargarria dela hura kontuan hartzea, egoera salbuespenezkoa denean eta interes publikoaren aldeko helburu zilegi bat duenean».
Ia-ia segurutzat jotzen zen hala izango zela, konstituzionaleko presidenteorde Inmaculada Montalbanek tesi hori bera defendatu baitzuen epaiaren zirriborroan. Ekainaren 2an filtratu zuten dokumentu hori, eta azkeneko lau egunetan horri buruz eztabaidatu dute auzitegi horretako magistratuek. Epaiari buruzko bozketan auzitegi horretako gehiengo progresista nagusitu da: seik egin dute alde, eta lauk kontra; kontserbadoreek, alegia. Epai horrek, ordea, ez die zuzenean eragiten Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente ohiaren (2016-2017) eta Oriol Junqueras presidenteordearen (2016-2017) kasuei.
Pedro Sanchez Espainiako presidentearen inbestidura ahalbidetze aldera —2023ko azaroan—, Espainiako Gobernuaren eta ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren artean ondu zuten legea, eta iazko maiatzaren amaieran onartu zuen Espainiako Kongresuak. Konstituzionalaren arabera, amnistiek, «era abstraktu batean», lekua dute konstituzioetan, eta, horrenbestez, botere legegileak halako legeak bultzatu, tramitatu eta onar ditzake. Amnistia legearen hitzaurrean bertan jasota dago, hain zuzen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aitortu izan dutela amnistien «balioa», eta horiek eman dezaketen «aukera politikoa».
210
Zenbat pertsonari aplikatu dieten amnistia. Iazko maiatzaren amaieran amnistia legea onartu zutenetik, 210 politikariri eta eragileri ezarri diete, Omnium Culturalen kalkuluen arabera. Era berean, 164 poliziak ere baliatu dute legeak jasotakoa. Omnium Culturalek esan izan du 1.400 pertsona ingururi aplikatu ahako litzaiekeela amnistia.
Asteon eztabaidatu dute, gainera, ea epai bat eman aurretik komeni ote zen EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari galdetzea, eta horren ebazpenaren zain egotea auziaz ebatzi aurretik. Baina gehiengo progresistak, azkenean, aukera hori baztertzea deliberatu zuen.
Konstituzionalak ez dio aipamenik egin diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituari, PPk ez baitzuen eskatu horri buruz ebazteko. Amnistia legearen arabera, delitu horrengatik zigortuei legea aplikatu behar zaie, baldin eta ez bazuten diru publikoa erabili «etekin pertsonalerako». Auzitegi Gorenarentzat, ordea, delitu horri ezin zaio amnistia aplikatu. Eta Konstituzionalak, behin doktrina ezarrita, Gorenaren erabakiaren harira ezarritako babes helegiteez ebatzi beharko du aurrerantzean; baita PP buru duten autonomia erkidegoek eta Gorenak berak jarritako inskonstituzionalitate helegiteez ere.
Puigdemonten helegitea
Gorenaren helegite aretoak atzo baieztatu zuen diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua ez dela amnistiatzeko modukoa, eta, beraz, Puigdemonti eta Antoni Comin (JxC) europarlamentariari eta Generalitateko Osasun ministroari (2016-2017) ezin zaiela aplikatu legea; beraz, Pablo Llarena prozesu subiranistaren kontrako auzi nagusiaren instrukzioko epailearen arrazoibideak bere egin ditu areto horrek. Atzo kaleratutako autoan argudiatu zuenez, ez dago motiborik, Puigdemonten defentsak eskatu bezala, deuseztatze intzidente bat onartzeko; horrek berekin ekarriko luke onartzea oinarrizko eskubideak urratu direla prozesu judizialean.
Eta behin Goreneko bidea bukatuta —gehiengo kontserbadorea du—, Puigdemontek babes helegitea jarri ahal izango du Konstituzionalean. Gonzalo Boye haren abokatuak TV3n esan du hala egingo dutela, eta kautelazko neurriak eskatuko dituztela, Puigdemont erbestetik bueltatu dadin atxilotua izateko arriskurik gabe. 2017ko urriaren amaieran erbesteratu zen, Belgikara. Horren guztiaren harira mintzatu da Jordi Turull JxCren idazkari nagusia ere agerraldi batean, eta eskatu dio Konstituzionalari «beharrezko bideak» ibiltzeko Gorenak Puigdemont amnistiatu dezan.
Ebazpenari buruzko erreakzioak segituan heldu dira, eta Sanchez Espainiako presidenteak txalotu egin du Bruselan, Europar Kontseiluaren goi bilerara iristean: «Albiste bikaina da Espainiarentzat eta bizikidetzarentzat». Salvador Illa Generalitateko presidenteak adierazpen instituzional bat irakurri du, eta azpimarratu amnistia legea onartu zutenetik «gauzak hobeto» doazela Katalunian. Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak ere agerraldi bat egin du, eta aldarrikatu du amnistia ez dela «erabatekoa» izango harik eta prozesuko lider guztiei aplikatzen dieten arte. PPk, berriz, erabakia kritikatu du.