Espainiako Auzitegi Gorenak ez dio inhabilitazioa laburtuko Junquerasi

Epaimahaiak indargabetu egin ditu sedizioagatik ezarritako zigorrak, eta ebatzi du horiek ezin direla ordezkatu desordena publiko larriarekin. U-1a finantzatzea irabazi asmoko ekintza dela zehaztu du

Ezkerretik eskuinera, Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Raul Romeva eta Dolors Bassa, ERCren ekitaldi politiko batean, iazko ekainean, Bartzelonan. A. GARCIA / EFE.
Paulo Ostolaza - Mikel O. Iribar - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Oriol Junqueras ezingo da hauteskundeetara aurkeztu aurrerantzean ere. ERC Esquerra Republicanako presidenteak hamahiru urteko inhabilitazio zigorra du, eta Espainiako Auzitegi Gorenak 2019an ezarri zion kondena berrikusi zuen atzo. Hura ez murriztea erabaki zuen. Junquerasek ezingo du kargu publikorik izan 2031. urtera arte.

Urtarrilaren amaieran, Espainiako Estatuaren Abokatutzak eskatu zion Gorenari inhabilitazio zigorrak murrizteko, ERCk eta PSOEk iaz adostu zuten Zigor Kodearen erreformak hala eskatzen zuela iritzita. Lege aldaketarekin, sedizio delitua ezabatu dute, eta diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua egokitu.

Gorenak bi delitu horiengatik zigortu zuen Junqueras 2019an, Kataluniako beste zortzi buruzagi independentista kondenatu zituen auzian. Sedizio deliturik gabe, ERCko buruari desobedientzia eta diru publikoaren erabilera bidegabe larria egotzi dizkio orain, Zigor Kodearen irakurketa hertsi bat eginez. Auzitegiaren iritziz ulertu behar baita legez kanpoko erreferendum bat finantzatzea irabazi asmoko ekintza bat dela, eta, beraz, delituaren tiporik larriena ezarri behar zaiola, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma [U-1] antolatzeagatik: hamabi urteko espetxe zigorra eta iraupen bereko inhabilitazioa.

Zigortutako buruzagi politiko katalanek baliogabetua dute espetxe zigorra, Espainiako Gobernuak eman zien indultuaren bidez, baina indarrean jarraitzen du inhabilitazioak. Junquerasen kasu berean dira Dolors Bassa, Raul Romeva eta Jordi Turull Generalitateko kontseilari ohiak—2031ra arte inhabilitatuta lehena eta 2030era arte azken biak—.

Gorenaren erabakiak bidea ireki dio U-1a antolatzeagatik epaiaren zain dauden buruzagi politikoei antzeko zigor bat ezartzeari.

Bestelakoa da gainontzeko kondenatuen egoera. Auzitegiak desobedientzia delituagatik zigortu ditu Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, eta Josep Rull eta Joaquim Forn Generalitateko kontseilari ohiak. Aldiz, desordena publiko larria egotzi die Jordi Cuixart Omniumeko presidente izandakoari eta Jordi Sanchez erreferendumaren garaian ANC Biltzar Nazional Katalaneko burua zenari, 2017ko irailaren 20ko gertakarietan «indarkeria» erabili zutela ebatzita. Delitu horien inhabilitazio zigorrak laburragoak dira, eta epe horiek beteak dituzte jada. Beraz, erakundeetako politikara jauzi egiteko moduan daude guztiak.

Desordena baino gehiago

Gainerako kondenatuei dagokienez, Gorenak errefusatu egin du indargabetutako sedizio delitua desordena publiko larriaren delituarekin ordezkatzea, fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak eskatutakoaren kontrara. Auzitegiaren esanetan, ez dira ordezkagarri, eta ohartarazi du ERCren eta PSOEren erreforma penalak zigorrik gabe uzten dituela «prozesu sezesionistak», indarkeriarik erabiltzen ez den kasuetan. Manuel Marchena buru duen auzitegiaren iritziz, sedizio delitua desordena publiko larriaren delitua baino «zerbait gehiago» da, eta parekatze horrek «arazoa desbideratzea» dakar.

Bere erabakia argudiatzean, Gorenak salatu du erreformak «arau hutsune bat» utzi duela matxinadaren eta desordena publikoen artean. Ohartarazi duenez, eremu horrek «konstituzio sistemaren aurkako jokabide larriak eragin ditzake etorkizunean», modu baketsuan eginez gero «legeak eta ebazpen judizialak ez betetzea zigorrik gabe» geratuko liratekeelako.

Jarrera horrekin bat dator Pablo Llarena Goreneko magistratua ere. Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu zen egunean erabaki zuen Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten aurkako sedizio akusazioa bertan behera uztea. Halere, Puigdemont bidegabeko diru erabilera larriagatik eta desobedientziagatik auzipetuta dago oraindik ere, hamabi urteko kartzela zigorraren mehatxupean.

Europari begira

Marta Vilalta ERCko bozeramailea pozik agertu da sedizioagatik ezarritako zigorrak bertan behera gelditu direlako, inhabilitazio kondena batzuk indargabetu direlako eta auzitegiak berak onartu duelako prozesu independentista despenalizatuta gelditu dela. Alde horretatik, Zigor Kodearen erreforma «ondo egina» dagoela argudiatu du, eta sistema judizialari leporatu dio «demokraziaren aurka» aritzea, «ikuspuntu alderdikoi» batekin. Botere judiziala «muturreneko eskuinaren menpe» dagoela salatu du. ERCk aurreratu du nazioarteko epaitegietara joko duela.

Junts Per Catalunyaren izenean hitz egin du alderdiko idazkari nagusi Turullek. Jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela Gorenaren ebazpenaren aurka, Europako epaitegietarako bidea egiteko. «Europan ikusiko dugu elkar; justizia dago han, eta ez mendekua». ERCri kritika zuzena eginez, gaineratu du Zigor Kodearen erreformaren ostean ez dela «ezer aldatu» eta Gorenak«U-1eko gertakariak kriminalizatzen» dituela oraindik ere. Era berean, «legegile, iritzi emaile politiko eta justizialari» izatea leporatu dio botere judizialari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.