Katalunia

Espainiak Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituela ondorioztatu du NBEk

Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Joseo Rullek eta Jordi Turullek jarritako salaketa bati erantzunez eman du epaia NBEren Giza Eskubideen Batzordeak. Erabakia ez da loteslea.

Oriol Junqueras, ERCko burua eta Generalitateko presidenteorde izandakoa. ALEJANDRO GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 31
11:25
Entzun

NBE Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Batzordeak ebatzi du Espainiak urratu egin zituela Kataluniako Generalitateko eta Parlamentuko kideen eskubide politikoak 2017ko erreferenduma antolatzeagatik kargugabetu zituenean, auzitegien epaia jaso aurretik.

Salaketa 2018an jarri zuten Oriol Junqueras presidenteorde ohiak eta Raul Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari izandakoek, argudiatuta zigortuak izan aurretik kargugabetu izanak urratu egiten zuela Giza Eskubideen eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Ituna. NBEren epaiak arrazoi ematen die buruzagi independentistei, eta nabarmentzen du matxinada delitua egotzita kargugabetu zituztela salatzaileak, nahiz eta manifestariei eskatu zieten modu baketsuan protesta egiteko, eta azkenean sedizioagatik zigortu zituzten —matxinadaren kasuan ez bezala, sedizioa ez da indarkeriarekin lotzen—.

Junquerasek garaipentzat jo du erabakia, baina nabarmendu du gatazka ez dela amaituko «errepresaliatu guztiei» amnistia eman arte.

Generalitateko presidenteordea eta hiru kontseilari ohiak 2018ko uztailean kargugabetu zituzten, Epaiketa Kriminalaren Legea baliatuta. Lege horrek aukera ematen du funtzionario publikoak kargugabetzeko, betiere matxinadaz akusatuak badira, baina ez sedizioaren kasuan.

«Eskubide politikoen murrizketen aurkako babes neurriak ahalik eta zorrotzen baliatu behar dira murrizketa horiek zigor baten aurretik gertatzen badira», azaldu du Helene Trigoudiak, NBEren batzordeko hemezortzi kideetatik batek. Haren esanetan, hautetsiak kargugabetzeko erabakiak oinarri hartu behar ditu «eskubide murrizketen arrazoiak argi jasoko dituzten legeak», eta halakorik ebatzi aurretik kasu bakoitza aztertu behar da.

Batzordeak ondorioztatu du buruzagi independentistak kargugabetzeko erabakia ez zela hartu «modu arrazoituan eta objektiboki», eta beraz orain Espainiari dagokiola eskubide urraketak jasan dituztenei «erabateko erreparazioa» ematea. Aldi berean, epaiak 180 eguneko epea ematen dio Espainiari ebazpenean jasotako aholkuak bete dituen frogak bidaltzeko batzordeari, eta eskatzen dio zabal dezala NBEren Giza Eskubideen Batzordearen txostena.

Hala ere, batzordearen erabakiak ez dira lotesleak, nahiz eta Giza Eskubide eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Itunaren sinatzaileek aintzat hartu behar dituzten. Finean, batzordea ez da auzitegi bat, baina justiziari lotutako erabakiak hartzen ditu, eta aholkuak ematen dizkie estatuei.

Gaur jakinarazitako erabakiak salaketa jarri zuten lau buruzagi independentistei eragiten die bakarrik. Salaketa 2018ko abenduaren 18an jarri zuten Junquerasek, Rullek, Turullek eta Romevak.

«Politika errepresiboak»

ERC Esquerra Republicana de Catalunyak eta JxC Junts Per Catalunyak txalotu egin dute ebazpena, eta nabarmendu dute haren ostean Espainiak «politika errepresiboak» amaitu behar dituela, eta ezin duela «zuzenbidea eta Zigor Kodea baliatzen jarraitu autodeterminazio eskubidearen aldarrikapen baketsuari aurre egiteko».

Generalitatea partekatzen duten bi alderdiek komunikatu bateratu bat plazaratu dute, salatuz Espainiako justizia sistema «politizatuta» dagoela, nazioarteak behin eta berriz hura erreformatzeko eskatu arren: «Zuzenbide estatuaren okerreko erabilerak urratu egiten ditu banakoen eta taldeen oinarrizko giza eskubideak, eta azpikoz gora jartzen ditu demokraziaren oinarriak».

Bi alderdietako kideek goraipatu dute erabakia sare sozialetan ere.

Generalitateko presidente izandako eta JxCeko buru Carles Puigdemontek, berriz, salatu du «eskubide politikoak urratzen dituztenek» ez luketela «demokrazia leziorik» eman behar, eta erantzukizuna beren gain hartu beharko luketela. Twitter sare sozialean plazaratutako idatzi batean, buruzagi independentistak honela dio: «Beste zaplazteko bat eman diote Espainiari aurpegian gure ordezkarien eskubide politikoak urratzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.