Espainiako presidente Pedro Sanchezek azeleragailua zapaldu du, eta gastu militarra aurten areagotuko duela jakinarazi: BPG barne produktu gordinaren %2 baliatuko du Madrilek defentsarako, gastua 10.500 milioi euroan areagotuta. Ezustekoa ez da kopurua izan —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko beste herrialdeek egin bezala, Espainiak ere hartua baitzuen gastu militarra %2ren langatik gora ezartzeko konpromisoa—, baizik eta areagotze hori noiz egingo den. Izan ere, Espainiako Gobernuaren hasierako planaren arabera, 2029an izango zen gastu militarra BPGaren %2koa, baina, atzo, Espainiako Ministroen Kontseiluak erabaki zuen data hori aurreratu eta gastua aurten areagotzea, Sanchezek prentsaurreko batean argitu zuenez.
«Ez dira gure ideiak aldatu, mundua baizik», argudiatu zuen Sanchezek, gobernuak hartutako norabidea azaltze aldera. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek Europari gastu militarra areagotzeko egindako deiak harrarazi diote erabaki hori Espainiako Gobernuari. Sanchezek adierazi zuenez, NATOko eta EB Europako Batasuneko kideekin izandako elkarrizketen harira hartu dute erabakia.
15Espainiak zenbat milioi bala erosi dizkion Israeli Espainiako Barne Ministerioak atzera bota zuen iaz Israelgo enpresa bati 15 milioi bala erosteko kontratua, Tel Aviv Gazan egiten ari den sarraskia dela eta. SER irrati kateak gaur kaleratu duen informazioaren arabera, ordea, azkenean gobernuak erosi egingo ditu milioika bala horiek —Guardia Zibilarentzat dira—. Izan ere, kontratua ezeztatuz gero, 6,6 milioi euro ordaindu beharko zizkion Israelgo enpresa horri.
Espainiaren aurretik, Europako beste hainbat herrialdek erabaki dute gastu militarra areagotzea aurten; Erresuma Batuak eta Alemaniak, besteak beste. Bi herrialde horietako hainbat eragilek gaitzetsi egin dute gastua igo izana, eta salatu armagintzarako diru gehiago baliatzeak ongizate estatua higatuko duela. Horren harira, Espainiako presidenteak nabarmendu zuen aurrekontuetan aldaketa hori egitea ez dela «bateraezina» ongizate estatua indartzearekin. «Gastu militarra [BPGaren] %0,9tik %1,4ra igo dugu orain arte, eta, horrekin batera, 120.000 milioi euro jarri ditugu gizarte prestazioetarako», argudiatu zuen Sanchezek.
Ministroen Kontseilua bat etorri zen arren Sanchezen planarekin, ez zuen aho batez onartu. Izan ere, PSOEz gain Sumar ere badago Espainiako Gobernuan, eta alderdi horretako ministroek ezezkoa eman zioten gastu militarra igotzeari.