Hondamendiaren bosgarren eguna Valentzian (Herrialde Katalanak). Eurite ikaragarriek sortutako kalte guztiei aurre egiteko lanean jarraitu dute larunbat honetan, goizean goizetik. Larrialdi zerbitzuak eta boluntarioak lanean aritu dira, kalte gehien izan dituzten herrietara bideak irekitzeko, uholdeek herrestan eramandako ibilgailuak kentzeko, eta hildakoen gorpuak erreskatatzeko; baita herritarrei ura, jakiak eta premiazko osagarriak eramateko ere. Generalitateak militarren laguntza eskatu du gaur goizean, eta Espainiako Gobernuak baiezkoa eman dio.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du 5.000 militar gehiago eta Espainiako 5.000 polizia eta guardia zibil bidaliko dituztela Valentziako erkidegora. Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak gaur goizean eskatu dio militar gehiagoren laguntza, eta Sanchezek ontzat jo du: «Baliabide gehiago behar baditu, eskatu besterik ez du». Lehendik 2.200 bat militar lanean ari dira lekuan, horietatik 500 gaur goizean bertan bidaliak. Armadaren itsasontzi bat ere bidaliko dute Valentziara, ebakuntza gelekin eta helikoptero zein ibilgailuekin hornituta.
Horrez gain, Sanchezek iragarri du astearteko ministroen kontseiluan onartuko dutela «larri kaltetutako eremu» izendapena aste honetako euriteetan hondatutako eskualdeetarako. Lurralde horiek ekonomikoki berregiteko, berriz, ministerio arteko lantalde bat sortzeko asmoa ere azaldu du, eta Ogasun Ministerioari baimena eman diotela Valentziako Generalitatearekin hitz egiteko, premiazko gastuei aurre egiteko.
Milaka erreskate
Aste honetako eurite handietan Espainian eta Herrialde Katalanetan 213 pertsona hil dira; horietatik 210, Valentziako erkidegoan. Gorpuak bilatu eta identifikatzeko lanak arintzeko, lan horietan espezializatutako hogei ekipo lanean jarriko dituzte azaldu du Espainiako presidenteak. Erreskate lanek gau eta egun jarraituko dute, haren hitzetan: «Beharrezkoa den denbora guztiz, desagertutako guztiak aurkitu arte».
Atzo zabaldutako berri batzuen arabera, 2.500 pertsona desagerturen berri jaso zuten lehen orduetan 112 larrialdi zenbakian, baina horietatik 600 bat lokalizatu dituzte egunotan. Ez dago desagertutako pertsonei buruzko datu ofizialik.
Sanchezek adierazi du Europan mende honetan izan diren uholdeetatik, biktima gehien eragin dituena izan dela hau, eta zenbait datu ere eman ditu: 4.800 erreskate egin dituzte larrialdi zerbitzuek, eta etxeetan, errepideetan edo lantokietan harrapatutako 30.000 herritar ere lagundu dituzte. Hala ere, onartu du leku batzuetara laguntza eramatea atzeratzen ari dela, eta oraindik ere etxe eta garaje asko daudela blokeatuta, eta jende asko ahuldade egoeran.
Herrietarako bideak zabaltzen
Egun nahasia izan da, koordinazioari dagokionez. Cecopi, Generalitateak larrialdia koordinatzeko darabilen organoa, gaur goizean eta arratsaldean biltzekoa zen, baina, hedabide batzuen arabera, ez ditu bilera horiek egin. Pedro Sanchez 10:30ean agerraldi bat egitekoa zen, baina atzeratu egin du. Carlos Mazonek 14:30ean agerraldi bat iragarria zuen, baina, gero, ez da 18:30 arte agertu prentsaren aurrera.
Azkenean, agerraldi horretan esan du hondamendia kudeatzeko bost talde antolatuko dituztela. Bakoitza gai batez arduratuko da: osasuna; azpiegiturak; etxebizitza eta zerbitzu publikoak; lana eta enpresa; eta barne politika. Talde bakoitzaren gidaritza Valentziako Generalitateko kontseilari batek izango du, eta horietan Espainiako zazpi ministrok parte hartzeko eskatu du Mazonek; besteak beste, Osasun ministro Monica Garciak eta Garraio ministro Oscar Puentek. Espainiako zenbait hedabidek adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak baieztatu du parte hartuko duela.
Mazonek, bestalde, bere kudeaketa defenditu du. Esan du orain bideak irekitzea dutela lehentasunetako bat, herritarrei ura, jakiak eta premiazko baliabideak eramateko. Kalte gehien izan dituzten herrietako batzuetan ura eta jakiak banatzeko puntuak ireki dituztela eta osasun arta ziurtatzen ari direla ere bai. Eta argindarra berreskuratu dutela galdutako lekuen %95ean.
Hondatutako herri horietara iristeko bide gehienak zabalik eta segurtatuta daudela ere ziurtatu du. Kaltetutako herrietara doazen errepideetan ibilgailu pribatuetan ibiltzea debekatu dute gaur eta bihar, larrialdi zerbitzuak errazago irits daitezen.
Gaur emandako datuen arabera, Valentziako 64 herritan eragin ditu kalte larriak eurite handiak. 850.000 bat lagun bizi dira horietan, Valentziako probintziako biztanleen ia herenak. Valentziako Merkataritza Ganberak azaldu du, bestalde, 4.000 eta 5.000 artean direla kaltetutako denda eta negozioak.
10.000 boluntario, etxera gehienak
Boluntarioen lana antolatzea izan da goiz honetako beste lanetako bat. Atzo milaka eta milaka herritar mobilizatu ziren beren kasa, kaltetutako herrietara oinez joan, eta ahal zuten moduan laguntzeko. Generalitateko presidenteak etxera joateko eta trabarik ez egiteko eskatu zien atzo goizean, baina gero, arratsaldean bertan, bere hitzak zuzendu, eta boluntarioen lana eskertu zuen: gaur goizean Valentziako Arteen Hirian elkartzeko eskatu zien lagundu nahi duten boluntarioei.
Bada, goizeko zazpietarako, milaka eta milaka herritar elkartu dira Arteen Hirian; 10.000 bai gutxienez, iturri batzuen arabera. Generalitateak 50 bat autobus zituen prest horientzat, eta beste 50 autobus jarri behar izan ditu. Azkenean, 2.500 bat boluntario antolatu dituzte gaurko lanetarako, kaltetutako herrietara joan eta koordinatutako langileen esanetara aritzeko, eta beste milaka batzuei esan diete datozen egunetan joateko, ezinezkoa izan zaielako boluntario guztiei erantzutea.
Boluntario horietako batzuk kexatu ere egin dira gero, antolaketa arazoengatik. Saltoki handi bat garbitzera eraman dituzte batzuk, ustez Chiva herrira zihoazenak. Beste autobus batzuk errepidean harrapatuta gelditu dira, eta beste batzuek atzera itzuli behar izan dute.
Lanean aritu direnen artean, hamazazpi zauritu daude, horietako bi, larri. Chiva herrian ari ziren, garaje bat garbitzen. Bertan zegoen ura husteko makinak isuri duen karbono monoxidoa arnastu dute boluntarioek, eta ospitalera eraman behar izan dituzte.
Generalitaeak gauean esan du debekatu egingo duela boluntarioak kaltetutako hainbat herritara joatea. Herriko etxeren batek ere eskatu die boluntarioei ez joateko, herriko kaleak blokeatzen ari zirelako.
Hiru egunez autoan sartuta
Hiru egun egin ditu emakume batek, 72 ordu, bere ibilgailuan sartuta, Benetusserren. Babesgo Zibileko kideek bart aurkitu zuten, bizirik, eta gaur eman dute berria. Inguruko ospitale batera eraman dute.
Orduak aurrera egin ahala, jende gehiago bizirik aurkitzeko itxaropenak gutxitzen doaz, eta hobdatutako herrietako bizilagun asko kexu dira, euritea bukatu eta lau egun geroago garaje, soto eta lurpeko aparkaleku askok urpean eta lokatzetan jarraitzen dutelako, eta ura ponpatzeko makinak non dauden galdezka ari dira. Gaur iritsi dira halako makina batzuk herri batzuetara.
Bitartean kutsadura eta infekzioen kezka ere zabaldu da. Osasun Publikoak boluntarioei eta garbiketa zein erreskate lanetan ari direnei eskatu die ahoa, sudurra eta begiak babestuta lan egiteko. Hildako gorpuek, ur zikinek eta hondakinek hainbat organismo kaltegarri zabal ditzakete lokatzetan eta uretan.
Tren zerbitzu batzuk, «suntsituta»
Valentzian, aldirietako bi tren zerbitzu, C4 eta C5 lineak, eta Bartzelonarekin lotura egiten duen Euromed trena martxan jartzekotan dira gaur. Abiadura handiko tren zerbitzuak berriz abiatzeko bi edo hiru aste gutxienez beharko dituzte, baina lehentasunezko beste kontu batzuk dituztela azaldu du Espainiako Garraio Ministerioak. Valentziako aldirietan bost trenbide linea dira, eta horietatik hiru «desagertu» egin direla esan dute. C3 lineak dituen 90 kilometroetatik 45, esaterako, «suntsituta» daude; berreraiki egin beharko dute ia osorik. C1 eta C2 lineetan, berriz, 33 bat trenbide kilometro daude hondatuta, eta «ahalegin handia» egin beharko da horiek berreskuratzeko.
Nazio Batuen Erakundeko Munduko Meteorologia Bulegoak, berriz, deialdi bat zabaldu zuen bart, klima aldaketaren kontrako borrokari «erabateko lehentasuna emateko», aste honetan Mediterraneo mendebaldea astindu duten euriteetan gertatutako heriotza eta kalte guztien ostean. «Aurten mundu klimarekin eta urarekin erlazionatutako muturreko hondamendi asko izan dira mundu guztian, eta Espainian ikusten ari garen uholdeak horietako bat dira. Astero ari gara ikusten irudi ikaragarriak». Europa erdialdean gertatutako eurite handiak ere gogoratu ditu. «Munduak orain ekin behar dio» klima aldaketa gelditzeari, bulegoaren hitzetan.