Hegoaldeko muga (II). Helena Maleno. Caminando Fronteras elkarteko eleduna

«Espainia Europako laborategia izan da immigrazio politiketan»

Espainia politika gizagabeak egiten aitzindari izan dela dio Malenok. Agintean egon diren bi alderdiak ditu erantzuletzat: «Biek sustatu dituzte oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten politikak».

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tanger
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ahotsik ez dutenei ahotsa eman, babesik ez dutenei babesa eman, ikusezinak direnak ikusarazi, eta bide batez, batez ere, ez ikusiarena egiten dutenen jarrera salatu. Helena Maleno (El Ejido, Espainia, 1970) Caminando Fronteras erakundeko bozeramaileak eta kazetariak diskurtso kritiko bat osatu du immigrazio politikak salatzeko, bertatik bertara ezagutzen baitu erakundeentzat urrunegi dagoen errealitatea.

Zer gertatzen ari da hegoaldeko mugan?

Mugen gerra batez hitz egin dezakegu: samina, indarkeria, hildakoak, desagertuak... Etengabe urratzen dira giza eskubideak hemen. Sistematikoa da, aspaldikoa eta egunerokoa. Espainiako Alderdi Sozialistak abian jarritako politikak daude egoera honen jatorrian; eta Alderdi Popularrak bide beretik jarraitu zuen. Espainiako Estatua aitzindaria da immigrazioaren kontrako politika gizagabeak egiten. Espainia Europako laborategia izan da immigrazio politiketan: hemen hartutako neurriak esportatu egin ditugu Europara. Turkiarekin egin duten akordioa asmakizun espainiarra dela esan daiteke. Mugen esternalizazioan ere aitzindari izan da Espainia.

Espainiak Marokorekin 1992an egindako akordioaz ari zara.

Bai. Akordio horrek pertsonen oinarrizko eskubideen gainetik jartzen du migrazioen kontrola. Nazioarteko araudia urratzen duen akordio bat da, zirkulazio askearen eskubidea: merkantziek arazorik gabe zeharkatzen dituzte mugak; pertsonek, ez. PSOEren garaian jarri zen abian politika hau, berriro diot. Alfredo Perez Rubalcaba izan zen politika hauen pentsalari nagusia. Sozialistek agintzen zutenean hasi ziren momentuko kanporaketak egiten Ceutan eta Melillan. Guardia zibilek momentuan kanporatzen zituzten hesiaren gainetik salto egiten zutenak, batzuetan asiloa eskatu ondoren. Hori sozialisten garaian egiten zen. Marokora itzultzen zituzten, eta handik hegoaldera, basamortura, edo Aljeriara. Begien bistako delitua zen.

Ceuta eta Melillako hesiak, hala ere, Jose Maria Aznarren agintaldian eraiki ziren.

Hala da. Agintean egon diren bi alderdiak parekoak dira; biek sustatu eta praktikatu dituzte gizakien oinarrizko eskubideak urratzen dituzten politikak. Alderdi Popularrak beste urrats bat egin du orain, hesian zuzeneko kanporaketak egiten ditu, baina ez hori bakarrik: mugen esternalizazioan sakondu du. Marokori lan zikina egiteagatik ordaintzen zaio, militarrak basoak garbitzera eramateagatik, baina mugak militarizatzeak mafiak indartzea dakar, eta, noski, bien bitartean, immigrazio politikaren inguruan dagoen negozioa indartuz doa. Etekinak lortzen dituen sare zabal bat sortu da: gobernuak, enpresak, mafiak...

Zein enpresa?

Armagintza enpresak, hesiak eraikitzen dituzten enpresak, segurtasun lanak egiten dituztenak, momentuko kanporaketak egiten dituztenak... Negozio zabal bat dago immigrazioaren inguruan. Interes asko dago, eta lobby lana egiten dute politika horiek sustatzeko. Nahiko nuke hau kontu ideologikoa izatea, baina ez, negozio huts bat da, milioi askoko negozio bat, eta, zoritxarrez, dirua pertsonen gainetik dago.

Enpresen izenik bai?

Indra, Dragados, Ferrovial... Indrarena oso esanguratsua da; Ceuta eta Melillako hesiak egin zituen, eta, ustez, agintean dagoen alderdia finantzatu du; orain ari dira ikertzen, baina, bien bitartean, hesi bat biren truke eskaintzen ariko da Europan. Kanporaketak ere beste negozio bat dira. Airbusek, adibidez, sekulako irabaziak ditu. Frontexek, berriz, nori egiten dio mesede? Nor ari da irabazten? Galdera horiek erantzun beharko lituzkete. Ciudadanosek CIE atzerritarrentzako zentro itxiak pribatizatu nahi ditu. Italian jada mafien eskuetan dagoen negozio bat da. CETI immigranteak behin-behinean hartzeko zentroetan Eulen ari da segurtasun lanak egiten.

Europa ere gotortzen ari da. Azken bi urteetan hesi asko eraiki dira errefuxiatuen bidea trabatzeko.

Europa gotortuz eta mugak itxiz ari da eraikitzen bere identitatea, merkantzien zirkulazioa sustatuz eta pertsonena trabatuz. Hesiak eraikitzen ari gara, etengabe, aurkariak sortzen. Europako ezkerrak ere gauza asko birplanteatu beharko lituzke, nire lagunek ezker eurozuria deitzen duten hori. Egungo kapitalismoa izugarria da, irentsi egiten gaitu, suntsitu egiten gaitu, eta ez gara konturatzen denok patera berean goazela.

Tras la frontera (Mugaren atzean) txostena aurkeztu berri duzue, azken hamabost urteetako egoerari erreparatuta. Nolakoa izan da garapena?

Kontrol sistema perfekzionatu eta sofistikatu egin da. Interes ekonomikoak gailendu zaizkie interes politikoei. Giza eskubideen urraketa, berriz, etengabea da, berre horretan da, okerrera egin ez badu, ez baita mekanismorik jarri urraketa horiei aurre egiteko. Normalizatu egin da egoera. Ez da ikusten, ez da salatzen, ez da erantzulea zigortzen... Onartuta dagoen egoera onartezin bat da, normalizatuta dagoen egoera anormal bat. Hesiko heriotzek erantzuleak dituzte, itsasoko heriotzek erantzuleak dituzte, baina ez da inor zigortzen. Militar batek mugan dagoen pertsona bat harrapatu eta momentuan kanporatu dezake, prozedura administratibo bat egin gabe, galdetu gabe zein den pertsona hori, nondik datorren, zergatik datorren... Ceuta eta Melillako hesietan etengabe ikusi dugun irudia izan da hori; utzi egin digute hori ikusten, onar genezan eta normaliza genezan.

Ceutako hesiak ia hogei urte ditu, eta gero eta altuagoa da...

Bai. Eta ez hori bakarrik. Kontzertinak jarri dituzte, puntako teknologia paratu dute, gauez ikusteko kamerak...Gaur egun ezin da segurtasun eremua zeharkatu. ezta argazkirik atera ere. Hor gertatzen dena ikusezin egiteko asmoa dago. Mozal legea estatuak urraketak ezkutatzeko erabiltzen duen tresna makur bat da. Hesian 30 orduz egon den gazte bat momentuan kanporatzea legezkoa da orain. Herritarren Segurtasunerako Legeak bermatzen du hori.

Tarajalgo hilketen auzia, behintzat, zabaldu egin da.

Biktimen familien borrokaren garaipena izan da. Estatuak bisa ukatu zien, baina sistema krudel baten gainetik ama batzuk daude, euren semeak nola hil zituzten jakin arte etsiko ez dutenak, justizia egin arte etsiko ez dutenak. Cadizko Auzitegiko epaiak esan zuen pertsonak zirela; hori izan zen premisa, pertsonak zirela esatea! Desagertuak dituzten familien drama itzela da. Hitz egiten hasi beharra dago desagertuez, itsasoan eta basamortuan desagertuez, hesian hildakoez... izen-abizenak jarri behar zaizkie. Espainiako Estatuaren erreparazio kultura eskasa da; begiratu, bestela, nola dauden gure bide bazterrak, gorpuz beteta, eta sendiei esan zaieisilik egon behar zutela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.