Gazako egunerokoa (5)

«Esnatzen naizenean baino ez naiz jabetzen bizirik nagoela»

Palestinarrak Gaza hiritik hegoaldera bidean.  MOHAMMED SABER / EFE
Palestinarrak Gaza hiritik hegoalderako bidean. MOHAMMED SABER / EFE
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Urriak 18, asteazkena

Bizitzan, norberaren esku ez dauden bi gertakari bakarrak dira inportanteenak: jaiotza eta heriotza. Horien bien artekoa joko bat da, baina zeresanik batere ez dugu izaten azken tiro horretan: azken gol izugarri hori partidaren luzapenean sartzen digute, eta ordura arte egin dugun guztia hondatzen digu, burlaizez ia. Inork ez dizu hitza ematen azken tantoan. Aukera bakarra dago: galtzea.

Bigarren gaua izan dut Jabaliako esparruan. Hementxe egon behar nuen hasieratik, senideak —aita, arrebak, anaiak— elkartuak ziren lekuan. Ez zen harritzekoa izango ni hemen hil izana Bigarren Intifadan, edo bigarren gerra luzean, 2014an. Gau osoa eman dugu irrati seinalea harrapatu nahian. Gerrak arrastaka garamatza iraganera, gauzen berri jakiteko bide zaharretara. Orain, irratiak baino ez dizkigu helarazten notiziak. Internetik ez. Sare sozialik ez. Irratiaren garaira itzuli gara. Hor diraute leherketek, gero eta hurbilago; aldi oro behartzen naute neure gorputza aztertzera, egiaztatzeko eztandek ez nautela harrapatu.

Gero, pentsamendu bat buruan: zertarako nahi dut, ba, bizirik atera? Zer probetxu ekarriko dit bizirik irteteak, kontuan izanik nire bizitza oraintxe zera dela, beste egun bat beldurrez ematea, bihar bizirik segituko ote dudan? Orain arte hemen diraut, bai. Baina merezi ote du, beste egun bat baino geratzen ez bazait? Etsi egin behar ote nuke, eta joko honetatik erretiratu? Kito heriok azpiratuta bizi behar hau? Kito leku segururen baten bila ibiltze hau? Kito gertatzen ari zaigun guztia arrazionalizatu behar hau? Gertatu beharrekoa gerta dadin utzi, horixe egin behar nuke, datorrena datorrela.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Gau iluna izan da, izugarria. Bostehun lagun hil dituzte bart Al-Ahli ospitalean. Bostehun. Beste edonon hil zitezkeen. Baina erietxe haren santutasunera jo zuten bizi baten eta etorkizun baten bila, pentsatuz, oker pentsatu ere, israeldarrek bazekitela nazioarteko legeek ospitaleak babesten dituztela. Bost axola: erail egin zituzten, deuseztatu.

Britainiarrek eraiki zuten erietxe hura, edo, hobeto esanda, Ingalaterrako Elizak, duela 150 urte. Ingelesen ospitalea esaten genion. Lehen Intifadan, nerabea nintzela balaz josi nindutenean, hantxe salbatu zidan bizia zirujau ingeles batek. Ia ezin izan dut lorik hartu leku hartan pentsatzen, ume horiek buruan, denak erietxeko lorategian lo, elizaren parean, zeru urdin ilunaren azpian atseden hartzen, laino maskal batzuk babes bakar, goizeko eguzkiaren zain: inoiz esna ikusiko ez dituen eguzkiaren zain. Begiak itxi, eta ahalegina egin dut imajinatzeko ez naizela sekula berriz esnatzen.

Gerrako lehen egunean, mezu hau bidali zidan lagun batek: Zer gertatzen ari da Gazan?. Eta nik erantzun: Galdera egokia ez da zer gertatzen ari den orain, baizik eta zer gertatu den denbora honetan guztian, 75 urte pasatxoan. Gerra film batean bizi gara gu, eta zuzendariak, zeina aldi berean baita ekoizlea eta filmeko izarra, ez du nahi filma bukatzea. Pelikularen atzean dagoen Hollywoodeko estudioak gidoia luzatu eta luzatu segitzen du, eszenak erantsiz, eta milioika dolar gehituz aurrekontuari ere. Jendaurreko lehen probek argi utzi dute film arrakastatsua izango dela, baina filmatzen segitu beharra dago horretarako. Eta sekula gelditzen ez.

Esnatzen naizenean: orduantxe baino ez naiz jabetzen bizirik nagoela. Eta, are, esnatzen naizenean bertan ere, une batez, ez naiz seguru egoten. Atzo arratsaldean han izan nintzen, Al-Ahli ospitalean. Justu bueltan, merkatu zaharreko okindegi koxkor batean sartu nintzen, ogia erostera. Erasoa ordu gutxi batzuk lehenago izan balitz, ni izango nintzen hiletako bat. Ilarak zeuden nonahi, ogia erosteko. Hiriko okindegi guztiak gainezka daude egun hauetan. Zortea izanez gero, beharbada bizpahiru ordu egongo zara ilaran, eta hamar ogi xerra erosi ahalko dituzu: familiak gau bakarra pasatzeko baino ez. Gu geu ezer jan gabe gaude atzotik. Atzo kafea besterik ez genuen hartu, kafea eta kafea. Bila ibili nintzen, ea aurkitzen nuen besteak bezain gainezka ez zegoen okindegiren bat, baina azkenean etsi egin behar izan nuen, eta okindegi bateko ilaran jarri. Ogi handi-handi batzuk baino ez zituzten egiten han, xawarma opiletarako erabiltzen diren horietakoak, buztinezko labe klasikoetan. Zorionekoa ni: ordu eta erdi besterik ez nintzen egon ilaran, eta, nire txanda iritsi zenean, oraindik bazuten nahikoa irin gure ogia egiteko.

Jantzi bezain laster, prentsaren eraikinera joan naiz. Han badago elektrizitatea, ia denbora guztian. Gutxienez, han sakelakoa kargatu dezaket, eta ordu batzuk eman telebistako albisteei begira. Bart, prentsaren eraikina dagoen auzo osoari eraso diote, eta leihoak, zoruak, sabaiak, apalategiak, ateak, den-dena suntsitu dute. Hantxe beira hautsiak nonahi, egur zatiak, aluminio puska bihurrituak, metal barra bihurrituak. Lorategiko atea airean joan da. Barruko patioaren inguruan Gaza hiriaren argazki batzuk zeuden jarrita, eta horiek baino ez dira bere hartan geratu. Joan den astean, gerra piztu baino lehen, hiriari buruzko erakusketa bat jarri zuten han, zenbait argazkilariren begiradatik egina, herri polit-polit honen edertasunaren goresgarri: goialdeko kaleak, parkeak, lorategiak, portuaren ikusmirak. Bada, hortxe daude orain ere argazkiak, zintzilik oraindik. Yasserrek, nire anaia Ahmedek eta hirurok han lo egin izan bagenu, gerrako lehen astean egin genuen bezala, ez ginen bizirik aterako. Zortea izan dugu etxea Jabalian edukita.

Gazako zerrendako lekurik arriskutsuenetako bat da Jabalia: hura da eraso gehieneko tokietako bat. Hala eta guztiz ere, zortea izan dugu bart han egoteagatik. Oraintxe bertan, jadanik inork ez daki zer leku den segurua Gazan eta zein ez, zer den on eta zer den txar, zeini sinetsi eta zeini ez. Aukeratu egin behar: dadoa bota, eta aurrera.

Albisteek diote israeldarrek zerrendako biztanleen %60 aterarazi nahi dituztela handik; segur aski, Gaza hiria zanpatu nahi dutelako. Nonahi ibiltzen dira helikopteroetatik eskuorriak botatzen, eta arabieraz esaten Waditik iparraldera geratzen diren guztiak hartuko dituztela erakunde terroristako kidetzat. Ziurrenik, esan nahi dute modua izango dutela han norbait ikusiz gero tiro egiteko. Baina nik ez ditut obedituko haien aginduak. Orain arte, Gaza hiriaren iparraldean eta Rimal-en egon naiz denbora guztian, eraso gehien izan den lekuetako bitan. Eta ez da zorakeria. Besterik gabe haien aginduak obeditzea, horixe da zorakeria. Batzuetan, erabakitzeko gaitasuna besterik ez zaizu geratzen: ziurtatu beharra daukazu zeureak direla zure erabakiak.

Gainera, nolanahi ere, ez dago bermatuta hegoaldera joan eta han seguru egongo naizenik. Nire emazte Hanna mezu bidez erreguka daukat Rafah-ra joan nadin, hartara Yasser eta biok bidegurutzetik gertu egongo baikara, pasabide hura zabalduko balute ere atzerritar pasaportea edo diplomazialari egiaztagiriak dituztenentzat. Ez naiz fio Israelgo armadaz, halaxe erantzun diot nik. Zergatik obeditu behar diet, ba?.

Egitateek erakusten baitute ez direla fidatzekoak. Atzo, nire lagun Mohammeden anaia Yasser eta haren familia hil zituzten, Nuseirateko esparruan, israeldarrek agindu bezala hiriaren hegoaldera joanak zirela. Eta aginduei men egin zieten beste asko ez dira hain urruti iritsi. Atzo, Salah el-Din kalean, zerrendako bide nagusian, dozenaka lagun hil zituzten misilez, hegoalderantz zihoazela. Errepidean zain zeudela hil zituzten, mantso-mantso hegoaldera zihoazela, aginduei men eginez. Eta jende horrek berak obeditua zien aginduei lehenago ere, hasieran etxetik alde egin baitzuten, gero UNWRAren eskoletara jo, eta gero taldean hegoalderantz.

Bilal nire adiskideak, kazetaria eta prentsaren eraikineko kudeatzailea bera, honela esaten du beti: Gazako zerrendan ez da leku segururik. Berdin dio kanpoan drone baten hotsa aditu edo barruan eltxo baten burrunba aditu: den-denean dago arriskua.

Buruan dabilkidalarik zer etorkizun ote duen hiri honek —etorkizunik baldin badu—, behartuta nago idazten segitzera. Idatziz, bizirik iraunaraz ditzakegu lekuak, eta orain hondakinak besterik ez diren kaleen oroitzapenak islatu; lor dezakegu orain birrindu dituzten etxe horiek ahaztu ez daitezen, baina, are gehiago, mapa bat sor dezakegu, jakiteko nola berreraiki behar diren: ziren bezalakoxeak, zein ere dugun akabera.

Gure lehengusu Hatem-en familia bonbardatu egin dute, eta denak hil dira. Nire iloba Wissam baino ez da bizirik atera; 23 urte ditu, eta orain bera bakarrik geratu da haien istorioak kontatzeko, zer gertatu zen kontatzeko, nola pasatu zituzten azken momentuak; haien azken barre urrien berri emateko, azken besarkada urrien berri. Norbaitek erakutsi behar digu inork ezin duela bizia amaiarazi, bizia opari bat dela; bizia eman digunak berak babestuko digula bizia, nornahi dela ere. Hori ez da otoitz bat, ez baita otoitzik patua aldatuko duenik; nire sentimendu bat da, tartean behin gaina hartzen didana. Hain justu bart sentitu nuen, ospitalera joan nintzenean Wissam bisitatzera, hantxe begiztatu bainuen neskatila bat korridorean, kaos eta jendetza haren guztiaren erdian eskolako lanak egiten, lasai-lasai.

Hurrengo atala: «Gaza jadanik ez da Gaza»

 

Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.