Eslovakiako lehen ministro Robert Ficori asteazkenean egin zioten eraso, Ministroen Kontseiluarekin zuen bilkuratik irten berritan, Handlovan (Eslovakia). Lau tirok jo zuten gobernuburua, eta tirogilea orduan bertan hartu zuten atxilo. Atxilotua 71 urteko gizonezko bat da, eta gaur Poliziari aitortu dio katua sakatu eta lehen ministroaren aurka egin zuela, TA3 Eslovakiako telebistak argitaratutako informazioaren arabera. Erasotzailea Handlovatik Pezinora (Eslovakia) eraman dute, han zigor auzitegi espezializatu batean deklaratzekoa baita. Eslovakiako hedabideek hasieran argitaratu dute gizonezkoak epailearen aurrean aitortu duela erasoa egin izana, baina, orduak pasatu ahala atzera egin, eta baieztatu dute Poliziari adierazi diola.
Oraingoz, espetxeratuta dago, baina auzitegi horrek datozen egunetan erabaki beharko du behin-behineko atxiloaldia luzatu edo aske utzi. Fiskaltzak espetxean geldi dadila eskatu du, Poliziak leporatzen baitio premeditazioz jokatu izana lehen ministroa hiltzen saiatzean. Salaketak aurrera egiten badu, atxilotuari 25 urteko zigorra ezar diezaiokete gutxienez, baina bizi guztirako zigorra ere izan daiteke.
Baliteke zera izatea erasoaren atzean dauden arrazoietako bat, tirogilea ez datorrela bat Ficoren gobernuak irrati-telebista publikoa ixteko duen planarekin. Izan ere, asmo horrek zeresan handia eman du azken asteetan, eta karriketan protestak egin dituzte. Hori, baina, ez da eslovakiarrek kaleak hartzeko izan duten arrazoi bakarra. Fico iazko urrian boterera itzuli zenetik —aurretik bi aldiz izan zen gobernuburu: 2006tik 2010era eta 2012tik 2018ra—, harrabotsa eragin duten hainbat neurri hartu ditu Eslovakiako Gobernuak: besteak beste, ustelkeriaren aurkako fiskaltza desegitea —lehen ministroaren alderdiko zenbait kide ikerketapean zeuden— eta GKE gobernuz kanpoko erakundeei lotutako neurri «errusiazaleak» aurrera eraman nahi izatea, neurriaren aurka daudenen arabera.
Ikusi gehiago
Eslovakiako polarizazio politiko eta soziala, ordea, ez da Fico lehen ministro bihurtzearen ondorio: urteak dira tirabirak hasi zirela. Gobernuburua hiltzeko saiakerak, baina, hautsak are gehiago harrotu ditu, eta, azken egunetan, gobernuko eta oposizioko politikariek salatu dute mehatxuak jaso dituztela. Hala jakinarazi du Barne ministro Matus Sutaj Stockek gaur, Pravda egunkariari emandako elkarrizketan. «Polizia berrogei pertsona inguru ikertzen ari da, lehen ministroaren aurkako atentatua onartzeaz gain, ordezkari konstituzionalei mehatxu egin dietelako», esan du ministroak. Interneten egunotan pairatzen ari diren indarkeriaz mintzatu da ministro sozialdemokrata —ezkerreko nazionalistek eta ultraeskuindarrek osatutako koalizio bat dago gobernuan—: «Ez da txantxetan hartzeko modukoa Facebooken norbaitek esatea gustuko ez duen politikari batek bala bat merezi duela».
«Lasaitasun mezua»
Sutaj Stockek gaineratu du neurriak hartuko dituztela ministroak, gobernu koalizioko alderdietako politikariak, oposizioko kideak eta kazetari jazarriak babesteko. Horiek horrela, parlamentuan ordezkaritza duten alderdien buruzagiak biltzekoak dira asteartean, herriari «lasaitasun mezu bat» helarazteko. Hala ere, jada jakinarazi dute behin-behinean etengo dutela Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpainaurrea; eta, «behar izanez gero», kanpaina bera ere etengo dute. Robert Kalinak presidenteordeak —Fico ez dagoen bitartean bere gain hartu du gobernuaren ordezkaritza— esan du «politika bigarren planoan» geratuko dela bera eta alderdikideak ez daudelako «tentsio politiko indartsuarekin».
«Polizia berrogei pertsona inguru ikertzen ari da, lehen ministroaren aurkako atentatua onartzeaz gain, ordezkari konstituzionalei mehatxu egin dietelako».
MATUS SUTAJ STOCKEslovakiako Barne ministroa
Bestalde, gobernuak bere egitekoekin jarraituko du, presidenteordeak jakinarazi duenez. Are gehiago, Ministro Kontseilua astean bitan bilduko da.
Atzo, bigarren aldiz egin zioten ebakuntza lehen ministroari, eta, gaur presidenteordeak esan duenez, «baikor» egoteko modukoa izan da emaitza. Fico oraindik «larri» dagoen arren, «egonkortzen» ari da, Kalinaken hitzetan. Are gehiago, uste du «hainbat mirari» gertatu direla Ficoren ebakuntzetan. Izan ere, lehen ministroa «oso larri» zegoen tiroen ondorioz, eta haren birikak «negargarri» zeuden.