Eskuinerako bira ustel atera zaio Hollanderi, eta ez du konstituzioa erreformatuko

Frantziako Parlamentua herritartasuna kentzeko neurriaren eztabaidan trabatu da.Eskuinaren blokeoa gainditu ez, eta ezkerra zatitu du lege erreformak

Adrian Garcia.
2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
François Hollande Frantziako presidenteak porrot mingarria sufritu du, ez baita gai izan konstituzioa erreformatzeko, larrialdi egoera bertan txertatzeko eta «terrorismo delituengatik» kondenatutakoei Frantziako herritartasuna kentzeko. Parisko erasoen ondorenean abiatu zuen erreforma, alderdi ia guztietako ordezkarien txalo artean. Baina ia bost hilabeteko eztabaidaren ondotik amore eman behar izan du, gogoz kontra. «Konstituzioari buruzko eztabaida ixtea erabaki dut». Babes nahikorik gabe geratu da gobernua, ezkerreko oposizioa eta PS alderdia bera erdibitu baititu proposatutako lege murriztaileak, baina ez du eskuina erakartzea lortu. Asanblea Nazionaleko eta Senatuko presidenteekin bildu ostean, Hollandek iragarri du ez duela Kongresua deituko erreformaren inguruan ebatzi dezan.

EI Estatu Islamikoak bere gain hartutako erasoek Frantzia astindu eta hiru egunera, azaroaren 16an, proposatu zuen Hollandek parlamentuan konstituzioa moldatzea —130 lagun hil eta 300 bat zauritu zituzten jihadistek atentatu sorta batean—. Salbuespen egoera konstituzioan txertatzea ez da izan traba diputatuentzat eta senatarientzat; indarrean dago egun, maiatzaren 26ra arte. Bai, ordea, herritartasuna kentzeko proposamena.

Soilik herritartasun bikoitza dutenei Frantziako naziotasuna kentzea zen Hollanderen hasierako asmoa, baina zalaparta handia eragin du PS barruan, neurria diskriminatzailea delakoan. Alderdi sozialisteko kide nabarmenak aurka agertu dira, baita gobernuaren politika ekonomikoa defendatu dutenak ere; Christiane Taubira Justizia ministroak dimisioa eman zuen orduan. Asanblea Nazionaleko gehiengo sozialisten babesa eskuratu ahal izateko, neurria Frantziako herritartasuna duten guztiei zabaltzea proposatu zuen. Estaturik gabeak sortzea defendatu zuen Manuel Valls lehen ministroak parlamentarien aurrean.Valls izan da erreformaren defendatzaile sutsuena, eta, Hollanderekin batera, galtzaile nagusia.

Errepublikanoak —UMP zena— alderdi eskuindarrak du gehiengoa Senatuan, eta testua berriz ere lehengoratu zuen, herritartasuna soilik bikoitza dutenei kendu ahal izateko. Horrenbestez, bistan geratu zen Hollandek ez zuela behar adinako babesik, diputatuen eta senatarien hiru bostenen onespena behar baitzuen konstituzioa moldatzeko. «Lau hilabeteren ondoren, egiaztatu da Asanblea Nazionala eta Senatua ez direla ados jarri, eta konpromiso bat lortzea ezinezkoa bihurtu dela», esan du Hollandek.

Presidenteak Errepublikanoak alderdiari egotzi dio porrota. «Ikusi da oposizioaren zati bat oldarkorra dela konstituzioaren erreformaren inguruan. Jarrera hori gaitzesgarria da». Alderdi sozialistak ez du zalantzarik izan azaroaren 13ko atentatuak eta «jihadismoaren mehatxua» gogora ekartzeko oposizioari eraso egiteko. «Terrorismo islamistak gerra deklaratu digu, Frantziari, Europari eta mundu osoari», ohartarazi du Hollandek. Are urrunago jo du Patrick Mennucci diputatu sozialistak. «Eskuinaren errua da porrota. Abdeslami sekula ez diote herritartasuna kenduko».Salah Abdeslamek ustez azaroaren 13ko atentatuetan parte hartu zuen, eta orain bi aste atxilotu zuten Belgikan.

Eskuinaren blokeoa

Errepublikanoen ordezkariek herenegun konstituzioaren erreforma mugatu ororen aurka egin zuten, ezinezkoa eginez salbuespen egoera konstituzioan txertatzea, Hollanderen porrota makillatzea eragozteko. «Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Larrialdi egoerak dagoeneko oso ondo funtzionatzen du», adierazi dio Le Monde egunkariari Bruno Retailleau Errepublikanoen senatariak. Hollanderi erantzukizunak hartzeko eskatu dio Retailleauk. «Asanblea Nazionaleko gehiengoa dago zatituta, haren ministroak eman du dimisioa... Ez da gure arazoa».

Sozialisten zatiketa nabarmendu du eskuinak, eta ezkerrari egotzi dio herritartasuna kentzeko neurria aurrera ez ateratzea. «Guk batasun nazionalaren aldekoak gara, baina horren kontrako mugimendu bat dago sozialisten artean. Presidenteak diputatuen gainean duenagintea auzitan geratu da», esan du Jean-Pierre Raffarin senatariak.

Ezkerreko alderdiek garaipentzat jo dute erreforma geldiaraztea. Christian Paul PSko sektore kritikoko diputatuaren ustetan, gobernua eskuinaren «kalkulu politikoetan» erori da. «Herrialdea zatituta dago, eta ezkerra sobera ahulduta». EELV alderdi ekologistaren iritziz, «Errepublikaren eta berdintasunaren» aldeko garaipena izan da. Hasieratik lege erreformaren aurka egin dute ekologistek, Alderdi Komunistaren antzera.

Onarpen mailak, behera

Haatik, erreforma atzera eginarazi izanak ez du esan nahi eskubide zibilen alorrean hartutako ildomurriztailea bertan behera geratuko denik. Izan ere, iazko erasoen ondotik hamaika lege onartu ditu parlamentuak, zerbitzu sekretuen ahalak areagotzeko eta zuzenbide komunean salbuespen neurri batzuk sartzeko. Azaroko erasoen ondotik epaileen baimenik gabe 3.000 miaketa eta 340 atxiloketa baino gehiago egin dituzte, eta 400dik gora laguni etxeko atxiloaldia ezarri diete.

Ekonomiaren gainbeherak bultzatuta, Hollanderen gobernuak gero eta babes txikiagoa du herritarren artean. Eraso jihadistek sortutako izua baliatu nahi izan du Hollandek inkestetan gora egiteko, presidentetzarako bozetarako urtebete falta dela; urtarrileko zein azaroko erasoen ostean, gora egin zuen presidentearen onarpen mailak.

Konstituzio erreformarekin eskuinari eta eskuin muturrari gaina hartu nahiizan dio Hollandek, segurtasun alorrean haien eskakizunak bere eginda. Baina presidenteak ez ditu Errepublikanoak ezustean harrapatu, eta eskuinaren blokeoak legealdiko porrotik nabarmenetakoa eragin dio, PS eta, oro har, ezkerra zatituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.