Frantziako eskuinaren primarioak hasi baino lehen inor gutxik espero zuena gertatu da: François Fillon da 2017ko udaberrian egingo dituzten presidentetzarako bozetarako faborito nagusia. FN Fronte Nazionala izango du aurkari nagusia, eta, azken inkesten arabera, biak sailkatuko dira bigarren itzulirako. Eskuinera biratu du Frantziak; ezkerra zatituta aurkeztuko da.
Primarioak irabazi ostean, LR Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiak zin egin du «egian eta ekintzetan» oinarrituko duela bere jardun politikoa, egungo presidente François Hollanderen aginte «patetikoaren» aurrean. Primarioetako beste hautagaientzako hitzak ere izan ditu: «Gehiago da batzen gaituena, bereizten gaituena baino». Gainera, nabarmendu du aurrera egiteko garaia dela: «Ezkerra porrota da, eta muturra hondoratzea». Eskuinak lehen aldiz egin ditu primarioak; faborito nagusitzat jo zituzten, hasieratik, Frantziako presidente izandako Nicolas Sarkozy eta Bordeleko alkate Alain Juppe. Fillonek, ordea, bi hautagai nagusiei aurrea hartu die; primarioen bi bozketetan alde handiarekin irabazita, gainera. Lehen itzulian, botoen %44,1 eskuratu zituen, eta, herenegun, botoen %66,5 .
Eskuin muturraren aukerak murriztu ditu Fillonen garaipenak, baita zenbait boto kendu ere. Errepublikanoak alderdiaren presidentegaiak eskuinaren ohiko balioak berreskuratu ditu, hala nola «familiaren defentsa», frantziar nortasunaren defentsa sutsua, erlijio katolikoa, eta abar. Azken hori erabakigarria izan daiteke, FNren presidentegai Marine Le Penek harreman txarra baitu Eliza Katolikoarekin. Printzipio horien defentsan soilik aurkitzen zen FN.
Politikan eskarmentua du Fillonek. 27 urte zituela, diputatu gazteena bihurtu zen. Sable-sur-Sartheko alkate izandakoa da, eta hainbatetan izan da ministro: Goi Hezkuntzako eta Ikerketakoa 1993tik 1995era; Informazioaren Teknologiarena eta Postarena 1995ean; eta Hezkuntza Nazionalekoa 2004tik 2005era, esaterako. Kargu garrantzitsuena Sarkozyren gobernuan izan du: lehen ministro izan zen 2007tik 2012ra. Fillon, ordea, ezaguna da bere fede erlijiosoa harrotasunez erakusteagatik. Frantziako Errepublikaren balioen artean dago laikotasuna, baina Fillonek askotan azaldu du badakiela erlijioaren eta politikaren arteko «banaketa» egiten. Kargu guztietan, kutsu liberalak dituen politikak egin ditu; kontserbadoretzat du bere burua. Sarkozyrekin liskarrak izan ditu, batez ere biek boterea utzi zutenean, presidente izandakoak publikoki gutxiesten baitzuen Fillon.
Programa ultraliberal batekin lehiatuko da LRren presidentegaia apirilaren 23an eta maiatzaren 7an egingo diren bozetan; «erradikala» da, haren hitzetan. Bere proposamenak Erresuma Batuko lehen ministro izandako Margaret Thatcherren neurri ekonomiko eta sozialekin alderatu dituzte jada. Barrura begira, Fillonek gastu publikoa murriztu nahi du, 100.000 milioi euro. Horretarako, hainbat neurri proposatu ditu; esaterako,500.000 funtzionario kaleratu nahi ditu, 15.000 mila milioi euro aurrezteko. Langile publikoen lanorduak luzatzearen aldekoa da eskuinaren presidentegaia; egun, astean 35 ordu egiten dute lan, eta Fillonek 39ra igo nahi du. Gainera, 20.000 milioi euroren murrizketa proposatu du osasunean, eta, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei eustearen aldekoa den arren, adoptatzeko eskubidea «berriro aztertuko» du.
Kanpora begira, Europako Gobernu bat sortu nahi du euroa erabiltzen duten herrialdeetan. Schengen akordioa berriz negoziatzearen aldekoa da. Siriako gatazkari begira, Siriarara eta Errusiara «hurbiltzearen» alde dago, herrialdeen arteko kooperazioa helburu nagusia izanik. Gainera, Moskuri ezarritako zigor ekonomikoa bertan behera uztearen aldekoa da, baita EI Estatu Islamikoa Siriarekin eta Errusiarekin batera lankidetzan suntsitzearen aldekoa ere. Programa horren aldeko apustuak garbi utzi du azken urteotako Frantziarik eskuindarrena dela egungoa.
Ezkerra, liskar artean
Ezkerra, ordea, zatituta aurkeztuko da 2017ko hauteskundeetara. Liskar artean murgilduta dago; sonatuenak, PG Ezkerreko Alderdiaren eta PCF Alderdi Komunistaren arteko liskarra, batetik, eta alderdi sozialistaren barne gatazka, bestetik.
Alderdi sozialista barne gatazka handi batean murgilduta dago. Azken alderdia izango da hautagaia izendatzen; primarioak urtarrilaren 22an eta 29an egingo dituzte. Hollande presidenteak herritarren gutxiengoaren babesa du, eta ez du erabaki bigarrenez aurkeztuko ote den. Hollandek eta lehen ministro Manuel Vallsek bilera bat egin zuten atzo; azken horrek azaldu du ez duela dimitituko: «Ez da inoiz erakunde krisirik izango». Gainera, bien arteko «tentsio eta liskarrak» gutxietsi zituen atzo alderdiaren lehen idazkari Jean Christophe Cambadelik. Egun, sei hautagai daude sozialisten primarioetan; besteak beste, Ekonomia ministro izandako Arnaud Montebourg eta Hezkuntza Nazionaleko ministro izandako Benoit Hamond.
Ezkerrerago begira, 2008an eratutako Front de Gauche koalizioa joan den uztailean desegin zen, PG Ezkerreko Alderdiaren eta PCF Alderdi Komunistaren arteko liskarren ondorioz. Hortaz, koalizioaren presidentegai izandako eta PGko kide Jean Luc Melenchon La France Insoumise markapean aurkeztuko da; komunistek ez dute hautagairik aurkeztuko, eta Melenchon babestea erabaki du militantziak, bozketa baten ostean. Etxebizitza ministro izandako Sylvia Pinel ere lehiatuko da datorren urtean, PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalaren presidentegai gisa.
Pinelen hautagaitzak ezkerra are gehiago zatitu du. Haren eta Melenchonen hautagaitzez gain, bozetara aurkeztuko dira ezkerreko beste hainbat alderditako presidentegaiak: EELV Europa Ekologikoa Berdeak alderdiko Yannick Jadot, NPA Alderdi Antikapitalista Berria indar politikoko Philippe Poutou, eta LO Langile Borrokako Nathalie Arthaud.
Eskuinera biratu du Frantziak
Kontserbadoreen primarioak irabazi ostean, Fillon faborito nagusia da 2017ko presidentetzarako bozetarako; Le Pen izango du aurkari nagusia. Ezkerra zatituta aurkeztuko da; eskuina, aldiz, batuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu