Ariel Goldstein. Gizarte Zientzietako doktorea

«Eskuineko mugimenduekin lotuta dago ebanjelismoa»

Goldsteinek mendekostistak eta neomendekostistak ikertu ditu, eta ondorioztatu azken urteetan pisu handia bereganatu dutela Latinoamerikako eta AEBetako politikan.

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«[AEB Ameriketako] Estatu Batuak eta Brasil izan dira, daukaten pisu geopolitikoa dela eta, mendekostistek (ebanjelistak) instituzio publikoetan izandako zabalkundearen bi eredurik arrakastatsuenak», dio Ariel Goldsteinek, Poder evangélico:Cómo los grupos religiosos están copando la política en América liburuaren egileak (Botere ebanjelikoa: nola ari diren talde erlijiosoak Amerikako politika bereganatzen).

Gizarte Zientzietako doktore da Goldstein, eta ikergai izan du nola hedatu diren ebanjelistak. Amerikako kontinente osoan, nola ugaritu eta ugaritu diren azken urteetan, eta nola sendotu diren indar politiko eta sozial gisa. Eliza horretako kideetako batzuk presidente, ministro eta diputatu dira, eta beste zenbait, hedabide handien jabe. Gainera, ebanjelismoak eragin handia du herri xehearengan, eta harreman ona du boterearen sektore guztiekin.

Nolakoa da, zure ustez, Latinoamerikan gailenduta dagoen ebanjelismoa?

XX. mendearen hasieran sortu zen, AEBetan. Mendekostismo hori berrikuntza bat izan da ebanjelismoan. Barnean hartzen du, besteak beste, hizkuntza batean baino gehiagotan hitz egitea, sendakuntza jainkotiarrean sinestea eta deabruetan sinestea, eta, beraz, oso ondo ezkontzen da Latinoamerikako herri erlijiosotasunarekin: hain aspalditik desberdinkeria eta pobrezia arazo larriak izan dituen Latinoamerika honetan, arrakasta du horrek. Prosperitatearen teoriaren bidez —fededunak hamarrena ematen dio Elizari—, ekintzailetzaren ideia lantzen dute: alegia, pertsona batek bere egoera ekonomikoa hobetu dezakeela fedearen eta ahalegin pertsonalaren bidez, Jainkoarekin itun bat eginda. Hamarrena eman izanaren ordaina, beraz, ekintzaile gaitasuna izango da, eta gaitasun horrek egoera afektiboa hobetzen ere laguntzen omen du. Era berean, hori dena lotuta dago konbertsioarekin, berriz jaiotzearekin, kideetako asko drogaren edo alkoholaren menpeko izanak baitira, eta beste aukera bat eskuratzen baitute horrela.

Zenbat joera daude ebanjelismoaren barruan?

Asko, baina mendekostistak eta neomendekostistak aztertu ditut nik batik bat. Azken urteetan, horiek eragin dute gehien Latinoamerikako eta AEBetako politikan, erlazionatuta baitaude hala agintari jakin batzuekin nola oro har esperientzia autoritario eta kontserbadoreak baliatzen dituzten zenbait boterebiderekin. Eta ez da kasualitatea, zeren artzain ebanjelistek zeharo sinesten baitute familia tradizionalean. Horrek gatazka sortzen du mugimendu feministekin, LGTBI taldeekin eta sexu berekoen ezkontzarekin, besteak beste. Hortaz, joera erlijioso horiek eskuineko mugimendu politikoekin lotuta daude, balio berberak dituzte eta.

Ba al da joeraren bat aurrerakoixeagoa?

Gobernu aurrerakoiagoek harreman pragmatikoagoa daukate haiekin, elkarbizitza harreman bat, egoera jakin batzuetarako. Gobernuentzat, hori modu bat da indarrak biltzeko eta talde ebanjelikoen onura jasotzeko. Askotan, ordea, halako taldeek gatazkak izaten dituzte azkenean gobernu aurrerakoiekin, genero agendagatik batez ere. Brasilen bertan, adibidez, Marco Feliciano artzain neomendekostista,JairBolsonaroren aliatua, Diputatuen Ganberako Giza Eskubideen Batzordeko presidente bihurtu zen, eta horrek gatazka handia piztu zuen ezkerrean.

Harrezkeroztik, hautsi egin ziren harremanak, eta Bolsonarorekin aliatu zen Feliciano. Halere, artzain horiek pragmatikoak izaten dira, egokitzen errazak: badakite nola predikatu egoera sozial bakoitzean, eta horrek abantaila ematen die katolikoen aldean.

Donald Trumpek berak, esaterako, bulego bat utzi zien Etxe Zurian. Nolako harremana izan zuen Trumpek talde horiekin? Eta, zure ustez, nolakoa izango du orain Joe Bidenek?

Trumpek harreman pragmatikoa izan zuen haiekin, eta bi aldeei egin zien mesede. Errepublikanoak, historian, zuri ebanjelistekin lerratu izan dira, Reagan presidente zela hasitako prozesu baten ondorioz. Izan ere, Jimmy Carterrek berriz presidente izateko bozak galdu zituen —hura izan zen AEBetako goi karguetan egon zen azken zuri ebanjelista aurrerakoia—, eta orduantxe hasi zen lerratzea. Trumpekin harremana izan duten artzain ebanjelista ezagunenetakoak Franklin Graham, Jerry Falwell Jr eta Paula White dira. White, hain zuzen, Trumpen aholkulari espiritualik hurbilena da, The Apprentice telebista saioan ezagutu zuen influencer bat, prosperitatearen teoriaren predikatzailea. Azkenaldian, harremanak izan ditu Steve Bannonen taldearekin eta halakoekin ere; konspirazio teoriak predikatzen dituzte, eta sinetsita daude Trump Jesus dela, gutxi-asko.

Alde batetik, Estatu Batuetako katastrofismoa baliatzen dute: gain behera doan nazio bat dela, salbatu beharra dagoela... Bestetik, esaten dute nazioa erredimitzera bidalia izan dela Trump. Bitxiena da Bidenek esan ohi duela Estatu Batuak hemen direla berriz, eta Trumpek berak ere horixe esan izan duela. Estatu Batuak berdinik gabeak direlako kontua oso errotuta dago, bai demokraten artean, bai errepublikanoen artean. Nire ustez, Bidenek zaila izango du berriro harremanetan sartzea zuri ebanjelikoekin, haiek oso lotuak baitaude Alderdi Errepublikanoari. Hain zuzen, inkesten arabera, zuri ebanjelisten %78k egin zuten Trumpen alde 2020ko bozetan, eta %80k 2016koetan. Bidenek, segur aski, bestelako talde erlijioso batzuekin izango du harremana.

Nola dago ebanjelismoa Latinoamerikan? Nolako eragina du leku bakoitzean?

Duela gutxi, ohartu nintzen ebanjelismoaren fenomenoa oso lotua dagoela migrazioaren fenomenoari. Brasilen, adibidez, herrialdearen ipar-ekialdeko biztanleen hegoalderanzko migrazioarekin lotuta dago oso. Jende hori sozialki deserrotuta geratu da, eta halako Elizetan saiatu da bere lekua aurkitzen, hobeto egokitzeko. AEBetan, hispano ebanjelisten indarrari esker irabazi zuen Trumpek Floridako Estatuan. AEBetara migratzen duten latinoen herenek, azkenean, Eliza ebanjelikoetan parte hartu ohi dute. Halaber, Erdialdeko Amerikan jaio bainaAEBetan bizi diren artzain ebanjelikoen zirkuitu oso bat dago, eta AEBetan bizi diren erdialdeko amerikarrentzat predikatzen dute. Larriminak jota edo emozionalki deserroturik daudenen, ekonomikoki kaltebera direnen, indarkeria matxista sufritzen dutenen eta beste askoren diziplina jorratzen du ebanjelismoak. Brasilen (%30), Hondurasen eta Guatemalan daude halako taldeak indartsuen: herrialde horietan, beste erlijio batzuen gainetik daude.

Nor da Edir Macedo?

Brasilgo gizonik boteretsuenetako bat. Aldi berean armada bat, banku bat, Eliza bat eta hedabide bat dauzkan pertsona bakarra. Berea du TV Record, Brasilgo telebistako audientzia goreneko kateetan bigarrena, eta baita Jainkoaren Erreinuaren Eliza Unibertsala ere, zeina munduko beste leku batzuetara zabaldu baita dagoeneko.

Afrikan, esaterako, protagonismo handia hartu du. Zabalkunde horren gakoetako bat prosperitatearen teoria hedatu izana da, eta prediku hori zabaltzeko hedabideak erosi izana. Macedok, bestalde, zenbait gauza hartu dizkie beste erlijio batzuei: batetik, gaitzetsi egiten ditu umbanda, afroa eta halako beste erlijio batzuk, baina, bestetik, gauza asko hartu ditu horietatik. Judaismotik ere hartu ditu zenbait: besteak beste, Salomonen tenplu bat eraiki du Sao Paulon.

Zer diozu Fronte Parlamentario Ebanjelikoari buruz (FPE)?

Zortzi senatari eta 196 diputatu dituzte, hau da, Brasilgo Kongresuaren heren bat baino gehiago dira: pisua dute, beraz. Horren ondorioz, lege ugarik, genero gaietakoek batez ere, ezin dute aurrera egin haiekin negoziatu ezean. Zenbait ordezkari garrantzitsu dituzte, hala nola Feliciano: gobernuaren buruordea kongresuan, ultrakontserbadorea, eta Bolsonaroren lagun mina. Beste bat Silas Camara da, Amazonaskoa, Jainkoaren Batzarrekoa—hots, Brasilgo izendapen ebanjelikorik zaharrenekoa—, eta FPEko koordinatzailea. Camaratarren familia hedabide baten jabe da.

Horra beste ezaugarri bat: familia, botere ebanjelikoa eratzeko nukleo gisa. Brasilen eta Kolonbian, adibidez, Castellanos familia dago, eta badira beste artzain eta diputatu batzuk ere, hala nola Sostenes Cavalcante, zeinak harreman oso estua baitu Israelekin.

Zer rol dauka Israelek Brasilekiko harremanen sarean?

Kanpainan, Bolsonarok hitzeman zuen Tel Avivetik Jerusalemera eramango zuela enbaxada. Talde ebanjeliko askorentzat, lurralde promestua da Jerusalem, eta, alde horretatik, Netanyahuri baliagarriak zaizkio, Palestinarekin eta arabiar munduaren parte batekin daukan gatazkarako.

Guatemalako eta Hondurasko talde ebanjelikoek, berriz, dagoeneko eramana dute enbaxada Jerusalemera; beraz, nazioarteko boterea du proiektuak. Trumpek ere aldatu zuen enbaxada hara, talde horiei hala interesatzen zitzaiela eta.

Nolakoa izan zen talde horiek Latinoamerikan ezartzeko prozesua?

Ebanjelisten botereak bi zutarri ditu: lurraldetasunari dagokiona bata, eta mediatikoa bestea. Elizak leku jakin batean hasten dira, droga menpekotasunari, alkoholismoari, indarkeria matxistari eta halako arazoei erantzunez, eta gero, hamarrena bilduz, modua izaten dute hedabideetan espazioak erosteko. Brasilen eta AEBetan, han lortu baitute arrakastarik handiena, dagoeneko badituzte beren hedabideak, eta Argentinan ere telebista kate askotan agertzen dira.

Hori guztia, gero, modu askotarikoetan iristen da esparru politikora: artzain ebanjelista batzuk, adibidez, hautagai aurkezten dira agintariekin bilerak egin ondoren, eta estatuarekin jarduten dute politika sozial batzuk ezartzeko lanean. Duela 50 urte, artzainei iruditzen zitzaien politika gauza mundutarregia zela, baztertu beharra zegoela; egun, uste dute beren presentzia sozial eta ekonomikoak politikara ere iritsi behar duela, eta horren bidez eragina izan behar dutela estatuan, beren ikuspegiak onar ditzan.

Diotenez, Eliza katolikoak azken urteetan fededunak hainbeste ez, baina praktikanteak galdu ditu; ebanjelistek, aldiz, gero eta praktikante gehiago dituzte, eta mobilizatzeko gaitasun handikoak, gainera...

Bai. Egun hauetan inkesta bat argitaratu dute Mexikon, eta, haren arabera, nahiz eta gehien-gehienak katolikoak diren (%80), %11 ebanjelikoak dira, eta ehuneko hori handituz joan da azken urteetan, katolikoena apalduz joan den heinean. Katolikoak ez dira, inondik ere, ebanjelikoak bezain praktikanteak.

Ebanjelikoak kapazak dira gaur egungo gizartearen forma berrietara egokitzeko. Eliza katolikoak, aldiz, galdu egin du gaitasun hori, partez behintzat, zeren Frantziskoren aitasantutza bada aggiornatzeko saialdi bat, bai, baina berandu iritsia. Ebanjelikoek, aitzitik, musika kristaua jotzen duten rock taldeen jaialdiak antolatzen dituzte, eta artzain ebanjelikoak sare sozialetan eta podcastetan ere aritzen dira.

Zer finantzabide dute halako taldeek?

Estatuaren dirua jasotzen dute askok, baina prosperitatearen teologiarekin lotuta dago haien finantzaketa. Ez dago argi nola finantzatzen diren: haien ezaugarrietako bat, hain zuzen, finantzen lausotasuna da. Maiz, halako Elizek estu hartzen dituzte gobernu aliatuak, zergarik ordaindu behar ez izateko. Brasilen, ondasunak ez dira aitortu behar diru sarrera jakin batzuetatik gora ibiliz gero. Nolanahi ere, argi dago fededunen dohaintzek badutela zerikusia —prosperitatearen teologia—, eta fededunak kontsumitzailetzat hartzeak ere bai.

Elizek produktuak saltzen dituzte: artzainaren liburua, CDa, kamisetak eta abar. Shopping Eliza esaten diet nik; izan ere, haurtzaindegiak dituzte, saskibaloi pistak, akuarioak, otorduetarako lekuak eta abar, eta halako tokietan ere doktrinatzen dute jendea. Erlijioa kontsumo familiar bihurtzen da, aisiarako modu bat. Musikaren aldetik ere bada negozioa: Cassiane, esate baterako, Brasilgo artzain abeslari bat da, eta 9 milioi disko salduak ditu. Halako fenomenoak oso lotuak daude alde ekonomikoarekin.

Nola daude gauzak Argentinan? 2018an, abortuaren legea ezeztatzea ekarri zuen garaipenaren ostean, zurrumurruak izan ziren, are, buruan zeukatela hauteskunde fronte propio bat sortzea. Badakizu ezer horretaz?

Genero auziak eztabaidatzen direnean, halako taldeak ikusgaiago bihurtzen dira, eta, batzuetan, moral kontserbadoreko talde ez-erlijiosoak batzen zaizkie. Nire ustez, abortuaren legea onartu izana ez da hain larria halako taldeentzat, zeren, egia izanik ere porrot egin zutela, eztabaida hura lagungarri izan baitzitzaien espazio publikoan beren burua ikusarazteko. Nik neuk ez dakit askorik hauteskunde fronte horretaz, baina ez litzateke oso eraginkorra; izan ere, nahiz eta Argentinan Eliza ebanjelikoek ordezkaritza handia duten lurraldez lurralde, ez dute halakorik lortu hauteskundeen esparruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.