Eskuinaren oldarraldia Madrilen

Amnistia legearen eta Sanchezen aurka orain arteko manifestaziorik jendetsuena egin zuten ostegunean.

Espainia «defendatzen» dutenak. SERGIO PEREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Madril
2023ko azaroaren 10a
13:05
Entzun

Giroa bero dago Espainiako hiriburuan. Zazpigarren protesta eguna orain arteko jendetsuena izan zen Ferraz kalean. Bart, milaka lagun —8.000 inguru, Espainiako Gobernuaren arabera— Pedro Sanchez gobernuko jarduneko presidentearen eta Kataluniako amnistia lege proposamenaren aurka elkartu ziren. Zenbaitek modu baketsuan egin zuten protesta, eta Poliziaren aurrean eserita amaitu zuten manifestaldia. Zenbaitek poliziei petardoak jaurti zizkieten, eta aurre egin. Istiluak gauerdira arte luzatu ziren, eta hogeitik gora lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak.

Aurretik, 19:00etan, Europako Parlamentuaren Madrilgo egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzea. Bertan, Espainiako banderez gain, EB Europako Batasunekoak ere erakutsi zituzten. Bospasei gaztek hartu zuten hitza, bozgorailu baten laguntzaz. Amnistia legearen aurka Espainia «esnatu» egin dela aldarrikatu zuten, azken asteko manifestazioei erreferentzia eginez. Orain EBren «txanda» dela adierazi zuten, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari mintzatu zitzaizkion laguntza eske. Espainieraz, alemanez eta ingelesez egin zituzten adierazpenak.

Handik, Castellana kalean barrena abiatu ziren manifestariak Ferrazera. Madrilgo kale jendetsuenetako batzuk itxi zituzten; tartean, Genova. Bertan dago PP Alderdi Popularraren egoitza, eta, paretik igarotzean, zenbaitek oihu egin zuten: “PP, errua zeuena ere bada!”. Beste manifestari batzuk, ordea, ez zeuden ados: “Ez esan hori, gure artean banaketa sortu besterik ez duzue egingo”. Halere, Castellana eta Ferraz arteko ibilbidean gehien errepikatu zituzten oihuek zera eskatzen zuten, Sanchez eta Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea ohia kartzelara bidaltzeko.

Ikusi gehiago:Astebetez Ferrazen

Aurreko egunetan baino manifestari gehiago batu ziren PSOEren egoitza nagusiaren inguruan. Herenegun, soilik kalearen alde batean egin zuten protesta; atzo, alde bietan. Bi muturretan, ordea, egoera ezberdina zen: batean, lasaitasuna zen nagusi. Bertan, adinekoak ziren gehienak, eta ez zuten oihu handirik egin. Aurreko egunetan batutako gunean, ostera, egoera bestelakoa zen. Iristea ere kosta egiten zitzaien manifestariei. Jendetzaren artean bidea ireki eta Espainiako banderekin trabatzea eragotzi behar izan zuten. Balkoietatik ere berotu zuten giroa, oihuka, txistuka eta zartaginak joz.

Poliziaren presentzia ere aurreko egunetan baino handiagoa zen. Soilik Ferrazen, dozena bat furgoneta; eta inguruko kaleak ere urdinez argiztatuta ageri ziren. Helikoptero bat ere ibili zen aurrera eta atzera. PSOE eta JxC Junts Per Catalunyaren arteko akordio itxi berritan, tentsioa zen nagusi, eta espero zituzten istiluak. Atzean geratu ziren jada EBri babesa eskatzen zioten oihuak. Ferrazen, eskaerarik ez: isekak izan ziren nagusi. Gobernuko jarduneko presidenteari, Puigdemonti, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari, Fernando Grande-Marlaska eta Maria Jesus Montero ministroei… Guztientzako irainak oihukatu zituzten. Tarteka, PPren eta Felipe Borboikoa Espainiako erregearen aurkako kantuak ere abestu zituzten, eta etengabe «manipulatzaile» deitu zieten kazetariei.

Faxismoari gorazarre

Baina, gauak aurrera egin ahala, aurreko egunetako joera nagusitu zen. Ikur frankista gehiago erakutsi zituzten, eta, lehen lerroan, jendea aurpegia estalita agertu zen. Poliziaren aurkako oihuak egin zituzten, eta kristalezko objektu bat ere jaurti zuten. Irain arrazistak ere behin eta berriz entzun ahal izan ziren: «Hesiak Melillara!», edota «Espainia kristaua da, eta ez musulmana!». Ondoren iritsi ziren kantu faxistak; Cara al sol abestu zuten, baina gehien errepikatu zutena Dibisio Urdinaren ereserkia izan zen. Talde horrek nazien alde egin zuen borroka Bigarren Mundu Gerran.

Gaueko hamarretarako minutu gutxiren faltan, petardo bat jaurti zuten ordurako formatuta zeuden polizien aurka. Hamarretan puntuan, giroa asko oldartu zen: petardo gehiago, latak, botilak, suziriak eta bengalak jaurti zituzten. Poliziak prest, baina mugitu gabe. Lehen lerroko manifestariak —jende oso gaztea gehiena— oihuka, isekaka eta hesiak mugituz aritu ziren.

Halako batean, hamar eta erdiak igaro eta minutu batzuetara, kale perpendikular batetik gorantz korrika hasi ziren manifestariak. Polizia zihoan atzetik; borrak eta gomazko pilotak erabili zituzten. Ferraz kalea manifestariz hustu zen. Inguruko etorbideetan, zenbaitek talde txikitan egin zioten aurre Poliziari, eta atzera egitera behartu zituzten batzuetan. Beste manifestari batzuk polizien aurrean eseri ziren, eta «batu zaitezte!» oihu egin zieten.

Ordubete inguru iraun zuen: kaleak erdi hutsik, zenbait manifestari bazterretan, eta polizien furgonetak gora eta behera. Suziriek utzitako kearen usaina, lurrean milaka garagardo lata, plastikoak, manifestariek eginiko kartelak eta aurpegia estaltzeko maskara beltz bat ere bai. Isiltasuna eta, tarteka, oihuren bat zein sirena hotsak. Poliziaren bi lerro geldi-geldi zeuden oraindik PSOEren egoitzaren aurrean. Gauerdian horrela geratu zen Ferraz kalea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.