Finlandia

Eskuina nagusitu da Finlandiako Parlamenturako bozetan

Koalizio Nazionalerako Alderdiarentzat izango dira 48 eserleku eta eskuin muturreko Finlandiarrak alderdiarentzat 46. Hirugarren tokian geratu da orain arteko lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokrata, 43 eserlekurekin.

Koalizio Naznalerako Alderdiko buru Petteri Orpo, atzo, bozen emaitzak jakin ostean eginko agerraldian, Helsinkin. MIKKO STIG, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 3a
13:00
Entzun

Hamabi urtez oposizioan egon ostean, gobernua osatzeko negoziazioak hasteko prest da Petteri Orpok zuzentzen duen zentro eskuineko Koalizio Nazionalerako Alderdia. Botoen %20,8 eskuratu zituzten kontserbadoreek igandeko parlamenturako hauteskundeetan, eta, beraz, 48 eserleku izango dituzte behe ganberan —aurreko legealdian baino 11 gehiago—. Gobernu berria osatzeko hizketaldietan protagonismo handia izango du eskuin muturrak ere, soilik bi diputatuko aldea ateratzen baitiete kontserbadoreek: botoen %20,1 eskuratu ditu Finlandiarrak alderdiak, eta 46 eserleku izango ditu —orain arte baino zazpi gehiago—.

Emaitzarekin pozik agertu da Orpo eta elkarrizketak «berehala» hasiko dituela iragarri du, hori bai, aurreratuta ez diola taldeen «ideologiari» begiratuko, eta denekin hitz egingo duela, baita eskuin muturreko Finlandiarrak alderdiko buru Riikka Purrarekin ere. «Gehiengo sendo bat izango duen gobernua adostea da helburua. Hala ere, bada erabakigarria den gai bat: ekonomia. Gure egoera ekonomikoa konpondu behar dugu, eta hazkunde iraunkor bat sustatu», nabarmendu du emaitzen berri izan ostean.

Zehazki eskuin muturrarekin hitz egiteari buruz galdetuta, Orpok berak ukatu egin du Finlandian halakorik badela. Bestelako ikuspegia zuen, ordea, 2017an. Ordu hartan, koalizio gobernuko kide ziren kontserbadoreak, Zentroko Alderdiarekin eta Finlandiarrekin batera, baina Juhan Sipila zentroko lehen ministroarekin adostu zuen Finlandiarrak kanporatzea, horiek eskuin muturrera jo ostean. Orain ere bi alderdiek ikuspegi kontrajarriak dituzte zenbait alorretan, besteak beste, migrazioan, Europarekiko harremanetan eta ingurumen politiketan.

Botoetan oso gertu geratu da orain arte lehen ministro izan den Sanna Marinen Alderdi Sozialdemokrata: botoen %19,9 eskuratu ditu, eta 43 diputatu izango ditu parlamentuan, orain arte baino hiru gehiago. Lortutako emaitza, ordea, ez da nahikoa izan agintean jarraitzeko. Dena den, Martinek berak aurreratu zuen bozen aurretik ez lukeela «inolako arazorik» izango kontserbadoreekin koalizioan aritzeko, betiere, murrizketarik egiten ez badute hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan eta osasunean. Aldiz, ezinezkotzat jo zuen eskuin muturrarekin akordiorik lortzea.

Legealdirako lagun bila

Oraingoz, dena den, gauza bakarra da ziurra, alderdi bakar batek ere ez duela gehiengo nahikorik bakarrik agindu ahal izateko. Horrek esan nahi du babesak bilatu beharko dituztela nahitaez, gutxienez legebiltzarraren erdiaren sostengua lortuko duen gobernu bat osatzeko. Bide horretan Marinek dagoeneko onartu du oposizioarena dela hizketaldiak hasteko lehentasuna: «Zorionak Koalizio Nazionalaren alderdiari; zorionak Finlandiarrak alderdiari. Demokraziak hitz egin du».

Marinek babes handia jaso du nazioartean, bai Ukrainako gerran jokatutako rolagatik, bai eta Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko egindako ahaleginagatik ere. Etxean, ordea, kritika ugari jaso ditu haren agintaldian zor publikoa barne produktu gordinaren %70era heldu delako, besteak beste pentsioetan eta hezkuntzan egindako inbertsioen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.