Austria

Eskuin muturrak irabazi ditu Austriako hauteskundeak

FPO eskuin muturreko alderdiak botoen %29,2 bereganatu ditu, baina gehiengo osotik urrun geratu da. Kontserbadoreek ez dute baztertu haiekin koalizio gobernu bat osatzeko aukera.

Herbert Kickl, FPOko burua, emaitzak ospatzen bart, Vienan. FILIP SINGER / EFE
Herbert Kickl, FPOko burua, emaitzak ospatzen bart, Vienan. FILIP SINGER / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 30a
09:30
Entzun

Inkestek azken bi urteetan ziotena berretsi dute bozek: botoen %29,2 eskuratuta, eskuin muturreko FPO alderdiak irabazi ditu Austriako Parlamenturako bozak. Hori ez da nahikoa agintea bermatzeko, baina Karl Nehammer egungo kantzilerraren OVP alderdi kontserbadoreak baino emaitza hobeak lortu izana gakoa izan daiteke, azken horiek ez baitute erabat baztertu koalizio bat osatzeko aukera. Hautesleen %26,5ek eman diote botoa OVPri.

Nehammerrek aitortu du gehien bozkaturiko alderdia izatea zela euren helburua, eta «zapore gazia» utzi diotela bozek. Ez da harritzekoa: 2019ko hauteskundeetan botoen %37,5 lortu zituzten kontserbadoreek, eta %16,2 eskuin muturrak. Kontserbadoreek Berdeekin batera osatu duten azken koalizio gobernuak, ordea, legegintzaldi zaila izan du.

%29,2

FPOk bozetan lortutako botoak. Eskuin muturreko alderdiak botoen %29,2 lortu ditu Austriako hauteskunde orokorretan. Inoizko emaitzarik onenak dira haientzat. OVP kontserbadoreek %26,5 eskuratu dituzte, eta SPO sozialdemokratek, %21.

Are emaitza okerragoak lortu ditu SPO alderdi sozialdemokratak —botoen %21—, azken urteetan OVPrekin batera indartsuen ibili den aukera politikoak. Zertxobait igo dira Neos liberalak (%9), eta zertxobait jaitsi gobernuko kide izan diren Berdeak (%8). Parte hartzea handia izan da, %78koa.

FPOk hauteskundeak irabazi izana ez da ezustekoa. Inkestek hori aurreikusten zuten aspalditik, eta ekainean egin ziren Europako bozetan ere garaile izan zen. Europako Batasunean eskuin muturreko indar politikoek lortu duten indarraren erakusle bat gehiago da Austriakoa.

Herbert Kicklek, alderdiko buruak, atzo bertan adierazi zuen koalizio gobernu bat adosteko prest dagoela, eta eskua luzatu zien gainontzeko alderdiei. Sozialdemokratek, liberalek eta ekologistek, ordea, argi utzi zuten eurek ez zutela ezer negoziatzeko asmorik migratzaileen aurka dagoen, EB zalantzan jartzen duen eta Errusia babesten duen muturreko alderdi batekin. Bitartean, Kicklek jaso zituen, Marine Le Penen, Voxen eta AfDm Alemaniarentzako Alternatiba alderdien zorion mezuak.

Badira adostasunak

Beraz, eskuin muturraren aukera bakarra kontserbadoreekin adostasun bat lortzea da. Kanpainan, Nehammer kantzilerrak esan du Kickl «arrisku bat» dela herrialdearen segurtasunerako, baina ez du erabat baztertu haren alderdiarekin koalizio gobernu bat osatzeko aukera, «FPOn ere badaudelako pertsona zentzudunak».

Bi alderdiek antzeko politikak ezarri nahi dituzte ekonomian, baita migrazio kontuetan ere. Kontserbadoreak, dena den, ez dira eskuin muturraren posizioetaraino heltzen; migratzaile guztiei asilo eskubidea ukatu nahi diete haiek, eta mugan hesiak altxatu. Iritzi kontrajarriagoak dituzte EBri buruzko gaietan eta Ukrainako Gerraren inguruan.

Eskuin muturra eta kontserbadoreak aurrez ere gobernukide izandakoak dira. Koalizio hura, ordea, ustelkeria auzi bategatik geratu zen bertan behera

Era batera edo bestera, lehenago ere gobernukide izandakoak dira: koalizio gobernua osatu zuten 2017an. Hori, baina, bertan behera geratu zen Ibizagate ustelkeria auziagatik, 2019an. FPOko orduko buruzagi Heinz-Christian Strache —garai hartako kantzilerordea— babesaren truke kontratu publikoak eskaintzen azaldu zen sareetan zabaldutako bideo batean.

Inoizko onenak dira eskuin muturrak Austrian atzo lortutako emaitzak, baina lehenago ere izan du boterea gertu. 1999. urtean, esaterako, botoen %26,9 eskuratu zituen FPOk. Marka hori haustea zen aurtengo helburuetako bat, eta lortu dute.

Orain, ikusi beharko da lortutako babesa gobernura iristeko nahikoa den ala ez. Horretarako, Kicklek karguari uko egitea ezinbesteko baldintza dela dirudi. Bestela, badira alternatibak: emaitza eskasek bultzatuta, sozialdemokratek adierazi dute kontserbadoreekin negoziatzeko prest daudela. Bi alderdi tradizionalak, elkartuta, heltzen dira gehiengoa osatzera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.