Eskuin muturrak gobernua osatzeko agindua jaso du Austrian, demokrazian lehen aldiz

FPOko presidente Herbert Kickl hautatu du presidenteak gobernua osatzeko. Kickli eskatu dio ados jartzeko OVP alderdi kontserbadorearekin.

Austriako presidente Alexander van der Bellen ezkerrean, eta Herbert Kickl eskuinean, gaur, presidentearen egoitzan. MAX SLOVENCIK / EFE
Austriako presidente Alexander van der Bellen ezkerrean, eta Herbert Kickl eskuinean, gaur, presidentearen egoitzan. MAX SLOVENCIK / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 6a
16:35
Entzun

Eskuin muturrak gobernua osatzeko agindua du Austrian. Herenegun kargua uztea erabaki zuen herrialde horretako kantziler Karl Nehammerrek; izan ere, haren alderdiak, OVP kontserbadoreak, ez du lortu akordiorik egitea SPO Austriako Alderdi Sozialdemokratarekin eta NEOS liberalekin gobernua osatzeko. Horiek horrela, Austriako presidente Alexander van der Bellenek FPO eskuin muturreko alderdiarengana jo du. Alderdi horretako agintari Herbert Kicklekin bildu da gaur presidentea, eta gobernu bat osatzeko agindu dio, eta horretarako OVPrekin ados jar dadila eskatu. Horrela, azken hauteskundeetan boto gehien lortu zuten bi alderdiek osatuko lukete Austriako Gobernua.

1945ean Austriako bigarren errepublika aldarrikatu zutenetik izan den eskuin muturreko aurreneko kantzilerra izan daiteke Kickl. Are gehiago, Van der Bellenen proposamena mugarri bat izan da jada: demokrazian lehen aldiz, eskuin muturreko alderdi batek jaso du gobernua osatzeko agindua Austrian. FPOk Austriako hauteskundeak irabazi zituen iazko irailean, botoen %29 eskuratuta. Hori, baina, ez zen nahikoa izan presidenteak haiengana jotzeko. Alderdi gehienek marra gorritzat zeukaten FPOrekin akordio bat egin eta Kickl gobernuburu izendatzea. Nehammer zen eskuin muturraren aurka agertu ziren agintarietako bat. Are gehiago, kantziler ohiaren arabera, FPOko buruzagia «arriskutsua» da herritarrentzat.

Nehammerrek, ordea, ez du soilik kantziler kargua utzi, baizik eta baita OVPren buruzagitza ere. Eta horren harira jo du Austriako presidenteak Kicklengana. «OVPk jada ez du guztiz baztertzen Kicklekin kooperazioan aritzea. Horixe da egoera», azaldu du gaur Van der Bellenek. Izan ere, alderdi kontserbadoreak Christian Stocker izendatu du behin-behineko agintari, eta hark eman zuen alderdiaren norabide aldaketaren berri, atzo, prentsaurreko batean. Jakinarazi zuen Kickli gobernua osatzeko aginduz gero onartu egingo luketela eskuin muturreko alderdiaren gonbidapena: «Kontua ez da Herbert Kickl edo ni hautatzea: herrialde honek gobernu egonkor bat behar du».

Alderdiak bakarrik ez, presidentea ere Kickl gobernuburu izendatzearen aurka agertu izan da hainbatetan. Izan ere, FPOren jarrera xenofobo, homofobo eta EB Europako Batasunaren aurkakoek kritika andana piztu du herritarren artean. Beraz, Van der Bellenek, gobernua osatzeko agindua emateaz gain, ohartarazpen bat egin dio Kickli orain: «Erabakia ez dut edonola hartu. Arauak eta gure konstituzioak ezarritako oinarriak behar bezala errespetatzen direla zainduko dut aurrerantzean ere».

Kalea, Kicklen aurka

Eskuin muturreko buruzagia Austriako presidentearekin batzartuta zegoen bitartean, protestak abiatu dituzte presidentearen egoitzaren kanpoaldean. Ehunka lagun bildu dira Kicklek aurrera eraman ditzakeen politikak salatzeko. Bertan zeuden kazetariek adierazi dutenaren arabera, bertaratutako gehienak ezkerreko ekintzaileak eta ikasle juduak ziren. Naziak kanpora lelopean egin dute protesta. Izan ere, 1950eko hamarkadan FPO alderdia sortu zutenen artean bazeuden Adolf Hitler diktadorearen erregimenean kargudun politiko izandako batzuk.

Kickli gobernua osatzeko aginduaren aurkako protesta, gaur. MAX SLOVENCIK / EFE
Kicklek gobernua osatzearen aurkako protesta, gaur. MAX SLOVENCIK / EFE

Kickl Barne ministroa izan zen 2017tik 2019ra arte, Sebastian Kurzen gobernuan (OVP). 2021ean, baina, FPOko presidente bihurtu zen, eta diskurtsoa are muturrerago eraman zuen. Txartzat jotzen du Errusiari zigorrak ezarri izana eta Ukraina laguntzea. Izan ere, Bigarren Mundu Gerratik Austriak herrialde neutral gisa izan du bere burua, eta Kicklek uste Ukrainako gerran NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin lerratzeak neutraltasun hori apurtzen duela. EBrekin ere kritikoa da, eta Austriako komunitate juduak hainbatetan salatu izan du «antisemita» dela.

Eskuin muturrarekin lotutako delituek gora egin dute alemanian

Eskuin muturrarekin lotutako delituek gora egin dute 2024an Alemanian, hango gobernuak gaur jakinarazi duenez. Berlinen egin duen prentsaurreko batean, gobernuak salatu du iaz 33.963 delitu erregistratu zituztela; hau da, 2023an baino 5.000 gehiago. Egoera are kezkagarriagoa da kontuan hartuta iazko datuak urtarriletik azaroaren 30era artekoak direla soilik. Gobernuak ohartarazi duenez, sarean argitaratutako irainak eta gorroto delituak ugaritu dira bereziki. Egoera «kezkagarria» dela iritzi dio Alemaniako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.