Eskuin muturreko taldeek Erresuma Batuko kaleak hartu zituzten abuztu hasieran, migratzaileen aurka protesta egiteko. Istiluen inguruan Keir Starmer lehen ministro laboristaren gobernu berriak —uztaileko Komunen Ganbararako bozetan boto gehien eskuratu zituzten— izan duen erantzunaz galdetuta, hartutako neurriak «gogorrak» izan direla adierazi du Daniel Sohege ekintzaileak: atxiloketak, segurtasun indarren mobilizazio handiak eta prozesu judiziala azkartzea aipatu ditu, besteak beste. Halere, istilu gehiago gerta ez daitezen, Starmerrek erretorika «irauli» behar duela uste du Stand For All erakundeko zuzendariak: «Migrazioak ekar ditzakeen abantailak nabarmendu behar ditu, eta etorkinen inguruko kasuetan egia dena azpimarratu behar du». Prozesu luzea izango dela adierazi du, ordea, Sohegek, laboristak «mugak kontrolatzeaz» eta «legez kanpoko migrazioaz» mintzatzen baitira oraindik ere.
Manifestariek meskitei eta asilo eskatzaileak aterpe zituzten hotelei eraso egin zieten, eta astebetean ia 400 lagun atxilotu zituen Poliziak. Uztailaren 29an Ingalaterra ipar-mendebaldeko Southport hirian izandako gertakariak bultzatu zituen etorkinen aurkako istiluak: 17 urteko gazte batek 6, 7 eta 9 urteko hiru neskatila hil zituen labankadaz. Daniel Sohege ekintzailearen esanetan, ordea, Southporteko hilketak ez ziren istiluen «jatorri nagusia» izan, horiek abiatzeko «aitzakia» baizik.
Southporteko hilketen albistea argitaratu eta berehala, adingabearen jatorriaren inguruko gezurrak hedatzen hasi ziren eskuin muturreko taldeak sare sozialetan, nagusiki X eta Telegram bidez: esaterako, krimenaren egilea Erresuma Batuan asiloa eskatu berri zuen siriar jatorriko migratzaile bat zela. Hala, kasua zeraman epaileak erabaki zuen hiltzailearen nortasunaren berri ematea publikoki: Axel Muganwa Rudakubana du izena, eta haren gurasoak Ruandako genozidiotik ihesi heldu ziren Cardiffera, 1990eko hamarkadan. Galesko hiriburuan jaio zen Muganwa, baina Southport ondoko Banks herrian bizi da 2013tik.
«Southporteko hilketak gertatu izan ez balira, eskuin muturreko britainiarrak beste edozein gertakariz baliatuko lirateke istiluak hasteko», adierazi du Sohegek. Aditua da errefuxiatuen nazioarteko zuzenbidean eta babesean, eta Stand For All giza eskubideen aldeko erakundearen zuzendaria da; erakunde horrek, besteak beste, migrazioaren aldeko kanpainak antolatzeko zerbitzuak ematen ditu. Haren ustez, migratzaileen aurkako «testuinguru gaiztoa» eta haien aurka erabilitako «hizkuntza bortitza» urte luzez eraiki dira Erresuma Batuan; istiluetan behin eta berriz oihukatu zuten leloa horren erakusle da: «Stop the boats» (gelditu ontziak). Erresuma Batura itsasoz heltzen diren etorkinez beteriko ontziak gelditzeko eskatzeko erabiltzen dute, eta iragan uztaileko bozetarako kanpainan Alderdi Kontserbadoreak ere erabili zuen.
«Southporteko hilketak gertatu izan ez balira, eskuin muturreko britainiarrak beste edozein gertakariz baliatuko lirateke istiluak hasteko»
DANIEL SOHEGEGiza eskubideen aldeko ekintzailea
Frantziatik abiatu eta Mantxako kanala zeharkatuta Erresuma Batura iritsi diren migratzaileen kopurua handitu egin da azken urteetan: Barne Ministerioaren datuen arabera, iaz 30.000 lagun inguruk egin zuten ibilbide hori. Baina 2022an hautsi zen marka, 45.000k baino gehiagok egin baitzuten bide hori. Aurtengo urtarrilaren 1etik uztailaren 1era bitarte, berriz, 16.000 etorkinek zeharkatu dute kanala; hau da, 2023an epe berean baino %16 gehiagok. Esaterako, iragan abuztuaren 11n 703 migratzaile iritsi ziren Erresuma Batura Mantxako kanaletik; azken asteetan egun bakarrean zenbatutako kopururik handiena izan da.
Sare sozialak erakusleiho
Desinformazioak migratzaileen aurkako muturreko ideietan duen eraginaren inguruan, Sohegek dio «era askotara normalizatua» dagoela: «Hain dago normalizatua, non kazetari gehienek garrantzi bera ematen dieten kasu bateko frogei eta horren inguruan zabaldutako gezurrei». Horretarako, sare sozialetan jarraitzaile ugari dituzten «zenbait pertsona mediatiko» daude, euren «helburu propioetarako» etorkinei buruzko gezurrak zabaltzen dituztenak. Elon Musk Space Xren jabe eta milioiduna da horietako bat: aurreko urteko urrian erosi zuen Twitter, 44.000 milioiren truke, eta geroztik migratzaileen aurkako mezu ugari argitaratu ditu bere kontuan —195 milioi jarraitzaile ditu—: besteak beste, etorkinen aurkako «guda zibila, saihetsezina» dela adierazi du behin baino gehiagotan.
Interneten argitaratutako mezuek duten hedapena eta kazetariek horiei emandako garrantzia dela-eta, «ideia atzerakoiak» britainiarren pentsamoldean «leku handiagoa» dutela ondorioztatzen du Sohegek: «Hainbeste aldiz errepikatzen dute gauza bera, azkenean herritarrek entzundako gezur guztiak sinesten baitituzte». Ondorioz, adituak esan du istiluetan parte hartu duten gehienek uste dutela etorkinak «diru laguntzak jasotzera soilik» iristen direla Erresuma Batura, baina gehienek ez dutela «laguntza horiek jasotzeko aukerarik ere».
Erresuma Batuko migratzaileen aurkako mugimenduaren buruetako bat Stephen Christopher Lennon da —ezizenez Tommy Robinson—, EDL English Defence League erakunde arrazistaren sortzailea. Eskuin muturreko «pertsonaia garrantzitsua» dela adierazi du Sohegek, eta haren inguruko xehetasun esanguratsu bat azaldu du, migratzaileen inguruan zabaltzen dituen «gezurrak neurtzeko»: Silenced dokumentala sortu zuen 2023an, zeinetan siriar jatorriko errefuxiatu baten aurkako akusazio faltsuak egin zituen. Hain zuzen ere, errefuxiatu siriar horri berari 100.000 dolar (91.300 euro) ordaintzera zigortu zuten Robinson 2021ean, bere aurkako gezurrak zabaltzeagatik auzi bat galdu ondoren.
Robinsonek dog-whistle politics teknika erabiltzen duela aipatu du Sohegek: alegia, bere mezuak publiko zabalago batera heltzea, eraso egin nahi dion kolektiboa ohartu gabe. Horregatik, jakitun dago «zein testuingurutan eta nola» egin galdera egokiak, Sohegeren ustez, istiluak bultzatu dituztenen haserrea areagotzeko nahiarekin. Robinsonek ez zuen parte hartu Erresuma Batuko migratzaileen aurkako istiluetan: hango Daily Mail egunkariak argitaratu zuenez, Zipre uhartean zegoen, bost izarreko hotel batean, eta, ondoren, eskuin muturreko buruak mehatxatu egin zuen albistea zabaldu zuen kazetaria, bere sare sozialetara igotako bideo batean.
Politika ez da salbuespena
Etorkinen aurka kalean bildutako manifestariak soilik ez, geroz eta politikari gehiago «eskuin muturraren hizkuntza» erabiltzen ari direla azaldu du Sohegek. «Barne ministroak ere hitz bortitzekin mintzatzen dira etorkinen inguruan: Suella Braverman, kasurako». Laboristak boterera iritsi aurretik bete zuen kargu hori Bravermanek, Alderdi Kontserbadorearen gobernuan, eta herrialdera heltzen ari ziren migratzaileen gorakada «urakan» edota «inbasio» gisa deskribatu zuen.
Bestalde, Rishi Sunak buru zuen gobernu kontserbadorearen ikurretako bat izan zen migratzaileak Ruandara deportatzeko plana. Mantxako kanala gurutzatzen duten eta Erresuma Batura iristen diren asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzeko egitasmoa Boris Johnsonek proposatu zuen, 2022an: urte hartan, Ruandarekin egindako akordioa bost urterako zen, eta deportatuen truke 600 milioi libera (700 milioi euro) inguru jasoko zituzkeen Kigaliko gobernuak. Baina ez hark, ez Liz Trussek, eta azkenean ezta Sunakek ere ez zuten lortu aurrera ateratzea plana — 2022an Ruandarako deportazioaren lehen hegaldiak blokeatu zituen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak—, Alderdi Laboristak bertan behera utzi baitzuen uztailean, gobernura iritsi bezain laster.
Erresuma Batuko paisaia politikoaren beste aurpegi ezagun bat da Nigel Farage, Reform UK eskuin muturreko alderdiaren burua. Behin brexit-a gauzatu eta gero, Faragek esan zuen bere ibilbide politikoko helburu nagusia bete zuela, baina bueltan da berriro: uztaileko hauteskundeetan eserlekua lortu zuen Komunen Ganberan. Liberal-demokratek gorakada handiagoa izan zuten hauteskundeetan —euren inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten—, baina Faragek eskuratutako emaitzei garrantzi gehiago ematen zaie; «garrantzi gehiegi», Sohegen ustez, eta pertsonaia publiko garrantzitsua bihurtu da Erresuma Batuko politikan: «Lehen, jendeak aurpegira barre egingo ziokeen esaten zuenagatik».