Kazetaria

Alba Sidera Gallart: «Eskuin muturra pobreen arteko gerraz baliatzen da»

Italiako eskuin muturreko gazte taldeak eta alderdiak aztertu ditu Alba Sidera Gallart kazetariak kaleratutako azken liburuan. Haren arabera, faxismoa «gero eta erasokorragoa da» herrialdean.

ALBA SIDERA GALLART.
Alba Sidera Gallart. BERRIA.
Marco Santopadre
Erroma
2024ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun

Agur erromatarra, nazi-rock kantak, duce-ren, Hitlerren eta terrorismo beltza izenekoaren omenezko ereserkiak. Gaztedi Nazionalak, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren alderdiko gaztediak, irudi modernoa eta lasaia eman nahi du, baina Fanpage.it-eko kazetari batek agerian utzi du, ikerketa baten bitartez, gazte talde horren ideologia faxista. Italiako giroan nabarmena da eskuin muturra gero eta erasokorragoa dela. Horretaz guztiaz mintzatu da Alba Sidera Gallart kazetari katalana (1979). 2012az geroztik, Erromatik idazten du El Punt-Avui egunkariarentzat, eta Fascismo persistente (Faxismo iraunkorra) liburua ondu du.

Zure artikuluetako batean, «eufemismorik gabeko faxismoa» aipatu duzu, eta gertaera batzuk aztertu dituzu, agerian utzi dutenak Italiako eskuinak bere iragan faxistan dituela erroak.

Italiara iritsi nintzenean, orain dela hogei urte, gehien harritu ninduena zera izan zen, oso legitimazio handia zuela faxismoak, jende askok normal-normal esaten zuela faxista zela. Silvio Berlusconi 1994an hasi zen politikan, eta hori mugarri bat izan zen: hark normalizatu egin zuen nortasun eta ideologia faxista plazaratzea, zentro-eskuineko koalizioan sartu baitzituen aurrena, eta gobernuan gero.

Benito Mussoliniren Errepublika Sozialeko beterano batzuek sortutako alderdiaren ondorengoa da Italiako Gobernuko alderdi nagusia, Italiako Anaiak, eta ez da kasualitatea Giorgia Melonik uko egitea sugarra beren sinbolotik kentzeari. Fanpage-koen ikerketak argiro erakutsi du lotuta daudela Italiako Anaiak gazte taldea —eta Meloniren hurbileko eurodiputatu batzuk— eta faxismoa. Faxismoa beldurrik gabe erakusten dute Gaztedi Nazionalaren egoitzetan eta ekitaldietan, begiluzeengandik urrun.

Italiar askok zergatik zuten ikusmira politikoan faxismoa? Berlusconi iritsi baino lehen, non zegoen faxismoa?

Mussoliniren eta Hitlerren kontrako «erresistentziatik sortutako errepublika antifaxista» da Italia, baina, halere, faxistek hortxe iraun dute politikan, indar pixka batez, Bigarren Mundu Gerraren ondotik ere. Alderdi antifaxisten arteko hitzarmenaren ondorioz, boteretik urrun egon dira luzaro. Baina Berlusconik, boterera iritsi nahian, atea zabaldu zien Aliantza Nazionaleko eta Legako postfaxistei. Berlusconik esan zuen Mussolinik «gauza onak ere» egin zituela; sekulako zalaparta piztu zuen, baina, denborarekin, normalizatu egin zen gobernuan eta komunikabideetan faxistak egotea. Italiako Anaiak alderdiak hauteskundeak irabazi eta gobernua eratu du; beraz, hura da orain alderdi nagusia, Berlusconik asmaturiko Forza Italiaren kaltean.

2008ko krisi ekonomikoak eta haren ondoren alderdi sozialdemokratek izandako krisiek —langile klasea pobretu egin zen sozialdemokraten austeritate politiken ondorioz— eskuin muturrera bultzatu zuten ezkerreko jende asko Italian ere, beste herrialde batzuetan bezala; izan ere, eskuin muturrak errezeta populistak zabaltzen ditu, eta immigranteen kontrako gorroto mezuak. Eskuin muturra pobreen arteko gerraz baliatzen da, eta pobreenen kontra jartzen ditu pobreak.

Melonik ahaleginak egiten ditu irudi arduratsu bat eman eta tonua lasaitzeko, baina bistan dira haren sustrai faxistak.

Frantzian, Marine Le Pen aldendu egin da iraganetik, itxuraz behintzat, baina Melonik ez du halakorik egin. Haren alderdia faxista peto-petoz betea dago. Legak, esaterako, hurbil zuen Putinen Errusia, eta NATO kritikatzen zuen, baina Melonik, aspalditik, NATOren aldeko bidera eraman du bere alderdia, Moskuren kontra: horri esker, Ukrainaren inbasioaz geroztik onargarri bihurtu da Europako establishment-arentzat.

2018an, Trumpen eta errepublikanoen kongresuan egon zen Meloni, eta harremanak estutu zituen abortuaren kontrako AEB Ameriketako Estatu Batuetako taldeekin. Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdi bat da, eta NATOren alde dago geopolitikan; horrek ez du eskuin moderatuko alderdi bihurtzen. Meloni eskubide zibil eta politikoak kentzen ari da, eta zilegizkotzat jotzen du talde argiro neofaxistek gutxiengoen eta antifaxisten kontra sortutako giro bortitza. Meloniren koinatuak, Nekazaritza ministroak, «ordezkapen etnikoaz» hitz egiten du, nazioarteko eskuineko lider estremistenek bezala.

Badago alderik Italiako Anaien eta Legaren artean?

Meloniren bideak ipar garbi bat du, eta Salvinik, berriz, orain batera eta orain bestera jotzen du, eta askoz oportunistagoa da. Italiako Anaiak alderdiak, gobernua gidatzen duenez, itxurak egin behar ditu; Salvinik, berriz, gehiegikeria batzuk egin ditzake eskuin nostalgikoenaren botoak berreskuratzeko: esaterako, Europako Legebiltzarrera eraman dezake Roberto Vannacci jenerala, zeinak parodia bat baitirudi, hain da trauskila. Baina Giorgia Melonik, Voxen mitinetara joaten denean edo bere alderdiko militanteekin biltzen denean, ederki astintzen du lehengo parafernalia ideologiko zaharra. Hala ere, esan izan da Meloni moderatu egin dela, haren botoak beharrezkoak izango direlako akaso Von der Leyenek Estrasburgon duen gehiengoa handitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.